Natxo Rojo.
Adimen Artifiziala
Elkarrizketak 3 urria, 2025

Dorletek Luxorreko Tenpluko eta Erregeen Haraneko segurtasun-perimetroa babesten du Egipton

Arabako teknologia-enpresak ingurua aldatu gabe behatzen, antzematen eta jarduten duen lurpeko «zaindari» ikusezin bat garatu du.
-

Arabako Dorlet konpainia 1989an sortu zuten eta Euskadiko Parke Teknologikoan (Arabako Campusa) du egoitza. Merkatu-nitxoa hauetan ardazten du: segurtasun adimenduna eta sarbideen kontrol integralei dagokien guztia, bereziki instalazio kritikoekin lotutakoa, hau da sareak, zerbitzuak edo ekipo fisikoak eta informazioaren teknologiakoak —horiek eten edo suntsitzeak inpaktu handia izan dezake gizartean—. Azken proiektuetako batek Egiptora eraman du, eta bertan segurtasun-perimetro bat garatu du turismo-inpaktu handiko kokalekuak babesteko, esaterako, Luxorreko Tenplua, Hatshepsuteko Gunea eta Erregeen Harana. Natxo Rojok, Dorlet Securityko Negozio Unitateko zuzendariak dioenez, hori guztia «ondare arkeologikoa errespetatuz eta inpaktu bisuala saihestuz».

Zer testuingurutan sortu zen proiektua?

Talde integristek turistei egindako erasoen harira, Egiptoko Gobernuak kokaleku arkeologiko nagusien segurtasuna nabarmen indartzea erabaki zuen. Hor hasi ziren estatuarekin lanean hainbat enpresa espezializatu. Horien artean, gureari eman zitzaion balio neurtezineko lekuetan —Luxorreko Tenplua, Hatshepsuteko Gunea eta Erregeen Harana— teknologia-irtenbideak emateko ardura. Lehenengo egunetik bagenekien proiektu oso berezia zela, segurtasuna emateaz gain ondare unibertsala babestu behar baitzen.

Zer esan nahi du Dorletentzat nazioartean horrelako garrantzia duen proiektu batean parte hartu izanak?

Guretzako sekulako ardura da, eta, aldi berean, oso harro gaude. Oso eskakizun handiko nazioarteko eszenatokian gure gaitasuna erakutsi ahal izan dugula esan nahi du. Ez da edozein ingurune: Gizateriaren Ondare aldarrikatutako lekuak dira, milioika pertsonak bisitatuak. Gure helburua teknologia aurreratua ematea izan da, baina beti kultura-sentikortasunarekin eta inbaditzen ez duten irtenbide eraginkorrekin, ez dutenak ez paisaia, ez bisitariaren esperientzia aldatzen. Horrez gain, gure nazioarteko proiekzioa indartzeko aukera eman digu, eta Miñaoko zentroan garatzen dugun berrikuntza hain proiektu sinbolikoetan presente egon daitekeela erakutsi du.

Zer tamaina du perimetroa jarri diozuen eremuak?

Zenbakiek ulertzen laguntzen dute. Luxorreko Tenpluan gutxi gorabehera kilometro bateko perimetroa dago. Hatshepsuteko Gunean eta Erregeen Haranean, berriz, askoz handiagoa da tamaina: 10 kilometro inguru zirkuluerdi forman. Eta zirkuluerdi horretako zati irekia Egiptoko indar militarrek babesten dute. Horrela, guztia babesten da: teknologia dago prestatutako eremuetan eta gizakiak gainerakoan. Horrek ondo erakusten du erronkaren eskala: desertuan bertan zeuden eremu erraldoi eta irekiak babestu behar ziren, hesi modernoak edo balio arkeologikoa hondatzen duten elementuak ezarri gabe.

Irtenbidearen funtsa perimetroa babesteko lur azpiko sistema bat da. Nola funtzionatzen du?

Ideia azaltzea erraza da, eta, era berean, oso eraginkorra da. Lur azpian kable sentsore bat jartzen da, gizakion begientzat ikusezina, gai dena urrats batek edo eremuko edozein mugimendu esanguratsuk eragindako presio-aldaketak antzemateko. Seinale hori sistemaren burmuin gisa diharduen kontroleko unitate —Dorletek garatutako ordenagailu txiki bat—batera joaten da. Hor programatutako algoritmoen bitartez aztertzen da, eta benetan modu bidegabean sartzen ari direla ikusten bada, milisegundo batzuetan aktibatzen da erantzun automatikoen kate bat. Jarraian, kontrol-zentroko operadorera iristen da, eta haren pantailan ikusten du mapa sinoptiko batean geolokalizatuta, zuzeneko irudiekin batera. Gainera, gure sistemak sarbide fisikoen kontrola RFID irakurgailuen bitartez kudeatzen du eremu mugatuenetan. Honako hau da gakoa: prozesu osoa berehala gertatzen da, paisaia arkeologikoa aldatzen duten hesirik eta sistemarik gabe, eta segurtasun eraginkorra eta ikusezina lortzen da horrela.

Zehazki zer gertatzen da norbaitek baimenik gabeko eremu bat zapaltzean?

Sistemak ingurua aldatu gabe behatzen, antzematen eta jarduten duen zaindari ikusezin gisa funtzionatzen du. Lurrak berak erreakzionatuko balu bezala da, eta inork ikusten ez duen, baina guztia behatzen duen mekanismo bat pizten da. Perimetroan sarrera bidegabeak prebenitzeko tresna da, logika beti berbera da, gutxieneko ekintza bat ezin hobeto antolatutako segurtasun-alerta bihurtzen da. Nahikoa da norbaitek babestutako eremu bat zapaltzea lurperatutako sentsoreak presioa antzemateko eta seinale elektriko bihurtzeko. Seinale hori ez da hor gelditzen, berehalako erantzun-kate baten abiapuntua delako, ezinbesteko hiru fase konbinatzen dituena: antzematea, disuasioa eta egiaztapena. Praktikan, hareako urrats arrunt baten moduan hasten dena milisegundo batzuetan guztiz trazatutako erantzun antolatu bihurtzen da.

Eta desertua bezain ingurune gogor batean, nola ekiditen dira alarma faltsu posibleak?

Oso puntu garrantzitsua da hori, alarma faltsuak eragiten dituen sistema batek erabilgarria izateari uzten diolako. Desertuko ingurunea oso exijentea da (haizea, harea, muturreko tenperaturak, animalia txikiak…) Alarma faltsuak ekiditeko hainbat segurtasun-geruza erabiltzen ditugu, eta, gainera, hain muturrekoa den kliman fidagarritasuna bermatzeko, kontroleko unitateak gordeta dauden kaxa guztiek aire girotua eta tenperatura-sentsoreak dituzte; horri esker, elektronikak beti baldintza optimoetan funtzionatzen duela ziurtatzen da, baita muturreko beroarekin ere. Horrekin guztiarekin, sistema sendo eta fidagarri bat lortzen dugu, muturreko baldintzetan lan egiteko eta alarma faltsuak minimora murrizteko gai dena.

Nola koordinatzen da sistema hori guztia eta nork kudeatzen du?

Sistema osoa prestasun handiko bi kontrol-zentrok ikuskatzen dute. Horrek esan nahi du batek huts eginez gero besteak automatikoki hartzen duela kontrola, eta segurtasuna ez da inoiz eteten. Ikuspegi horrek ziurtatzen digu dena modu zentralizatuan ikusten dela, eta gertakari bakoitza erregistratzen eta dokumentatzen dela —trazabilitatea eta konfiantza ematen du horrek—. Era berean, segurtasuna ikusezina da bisitarientzat, ez dagoelako kultura-esperientzia hondatzen duen elementurik.

Zein da kultura-inpaktua eta zer irudikatzen du proiektu honek Dorletentzat?

Kultura-inpaktua oso positiboa da, segurtasuna ikusezina eta errespetuzkoa delako: ez dago paisaia arkeologikoa ikustea eragozten duen hesirik edo elementurik. Bisitariak tenpluaz edo haranaz gozatu dezake teknologiaren presentzia nabaritu gabe, baina uneoro babestuta egonda. Dorletentzat mugarri adierazgarria da proiektu hau. Gure berrikuntza munduko eszenatoki adierazgarri eta exijenteenetako batera eraman dezakegula erakustea suposatzen du. Harrotasuna eragiten du, baina ardura ere bai, gizateria guztiarena den ondare unibertsala babesteaz ari baikara.

Lotutako albisteak

Cybertix:  “Zibersegurtasunak  ezin  du  ez  erreaktiboa,  ez  inprobisatua  izan”
04/12/2025 Zibersegurtasuna

Cybertix: “Zibersegurtasunak ezin du ez erreaktiboa, ez inprobisatua izan”

Lorenzo Díaz de Apodaca enpresako CEOak ohartarazi du edozein ETEk izan dezakeela babes-maila gorena tresna egokiei, AAri eta ikuspegi kultural sendoari esker

Tecmanek  40  urte  bete  ditu,  instalazio  eta  energiaren  kudeaketa  adimenduna  oinarri  hartuta
04/12/2025 I+G+B

Tecmanek 40 urte bete ditu, instalazio eta energiaren kudeaketa adimenduna oinarri hartuta

Bizkaiko enpresak I+Garen aldeko apustua indartu du, mantentze-lan prediktiboen, AAren eta datu-zentroen arloko proiektu berriekin.

Duara:  “Besteentzat  hondakina  dena,  guretzat  lehengaia  da”
04/12/2025 Ekintzailetza

Duara: “Besteentzat hondakina dena, guretzat lehengaia da”

Bilboko berrikuntza-agentziak moda iraunkorreko zuzeneko lehiaketak antolatzen ditu, lankidetza-eredu zirkular eta ekosistemarekiko errespetuzko baten aldeko apustua indartzeko.

Betsaide,  adimen  artifizialaren  bitartez  digitalizazioa  sustatzen  duen  Bizkaiko  galdaketa-enpresa

Betsaide, adimen artifizialaren bitartez digitalizazioa sustatzen duen Bizkaiko galdaketa-enpresa

Elorrioko enpresak eskari komertzialen automatizazio-sistema adimenduna garatzeko erabili du SPRI Taldearen dirulaguntza.

Kroketak.eus,  bi  ekintzaile  arabarren  omenaldia  euskal  gastronomiari
03/12/2025 Ekintzailetza

Kroketak.eus, bi ekintzaile arabarren omenaldia euskal gastronomiari

Juan eta Patxiren ibilbideak 2017an gurutzatu ziren eta proiektu komun bat sortu zen emaitza bezala: kroketak, prestatutako gisatuak eta postreak egiten dituen enpresa bat, tokiko ekoizleen sare batean oinarrituta.

Bilenko  startupak  konektagarritasuna  eskaintzen  du  landa-eremuetan  eta  industria-eremuetan

Bilenko startupak konektagarritasuna eskaintzen du landa-eremuetan eta industria-eremuetan

Bizkaiko enpresak proiektuak garatu ditu dagoeneko Euskadin, Nafarroan, Kantabrian eta Kanarietan.

Intermaherrek  50.  urteurrena  ospatu  du  zehaztasunarekin  ‘obsesionatuta’
02/12/2025 Berrikuntza

Intermaherrek 50. urteurrena ospatu du zehaztasunarekin ‘obsesionatuta’

Makina-erremintaren banatzailea erreferentea da bere sektorean eta balio handiko soluzioak eskaintzen ditu automobilgintzarentzat, aeronautikarentzat, trenentzat edo biozientzientzat

Euskaditik    Houston-era:  Dagertek-en  historioa
02/12/2025 Nazioartekotzea

Euskaditik Houston-era: Dagertek-en historioa

Enpresa euskal DNA duen ingeniaritza integral bat da, berrikuntza eta esperientzia lotzen dituena proiektu industrialak garatzeko eta euskal konpainiak AEBetan ezartzen errazteko.

RK  Solutions  handizkako  informatikako  denda  da  eta  ETE-entzako  software  soluzioak  hornitzen  ditu

RK Solutions handizkako informatikako denda da eta ETE-entzako software soluzioak hornitzen ditu

Gernikako enpresa lau langiletik 80ra igaro da lau urtetan eta zortzi aldiz gehiago fakturatzen du orain, urtea bost milioi eurora iritsi arte.

Orai:  “Euskara  sostengatzen  duten  chatbote  aurreratuak  izateak  lehen  mailako  eragin  kultural  eta  soziala  du”

Orai: “Euskara sostengatzen duten chatbote aurreratuak izateak lehen mailako eragin kultural eta soziala du”

Zentro teknologikoak adimen artifizial eskuragarriago, iraunkorrago eta euskal testuinguru linguistikora egokituago baten aldeko apustua indartzen du.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.