Jauregi Sailburuak hasiera eman dio abrikazio aurreratuaren eta makina-erremintaren 24. Kongresuari
Aurten ere, industria digitalaren hiriburu bihurtuko da Donostia, AFM Clusterren eskutik; izan ere, Fabrikazio Aurreratuaren eta Makina-Erremintaren 24. Kongresuari hasiera eman dio gaur. Hiru egunez, fabrikazio-teknologia abangoardistenen inguruko adituak Donostiara etorriko dira, hitzaldiak, aurkezpenak, eztabaidak, B2B bilerak eta erakusketa-eremua biltzen dituen topaketa batera.
Kongresuaren inaugurazioan, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak parte hartu du, eta, AFMri eta sektoreari berari balioa emateaz gain (sektore hori “Euskadirentzat sektore estrategiko” gisa katalogatu du). Adierazi duenez, Euskadi 2030 Industria Planak “lehentasuna ematen dio egungo trakzio-sektoreen proiektuetan inbertitzeari, hala nola fabrikazio aurreratuan”.
Horren harira, Jauregik Kongresura bertaratu direnei azaldu dienez, “planaren helburua gure industriaren lehiakortasuna indartzea da. Herri-bokazioa eta lankidetza publiko-pribatua duen plana da. Industria-liderrek beren euskal hornitzaile-katearekin eta zentro teknologikoekin duten lankidetza-eredu batean oinarritzen da, teknologian eta bereizketan irabazteko. Proiektu eraldatzaileen bidez garatzen da, herrialdearen eraldaketa industrialari lehen mailako bultzada emango diotenak “.
Bestalde, Industriako sailburuak SPRI Taldeko Basque Trade & Investment-ek egindako gida bat aurkeztu du, “Erabilera bikoitzeko esportazioen kontrola egiaztatzeko ibilbide-orria” izenekoa, erabilera dualeko esportazioak egiaztatzeko orientazio-dokumentu bat, enpresek esparru argi bat izan dezaten lizentzia bat noiz behar den eta kasu bakoitzean nola jokatu behar den identifikatzeko. Gure helburua, argitasuna, sentsibilizazioa eta pedagogia eskaintzea da, ez bakarrik industria esportatzaileari, legearekiko jokabide eredugarria izan duelako eta duelako, baita gai honen inguruan nahasmena eta zalantzak agertzen dituzten beste eragile batzuei ere. Jaurlaritzatik ateak zabalik ditugu edozein galdera duten guztiei orientazioa eta laguntza emateko. Ez dezagun zalantzan jarri gure industria esportatzailea. Zuek guztiok industrian egiten duzuen lana herri honen aurrerabidearen, aberastasunaren eta ongizatearen giltza da “, amaitu du Jauregik.
AFM Clusterren presidenteak, José Pérez Berdudek, azaldu du ekintzara bideratutako kongresu bat dela, eta zehatz-mehatz begiratuko zaiela erronkei eta horiek konpontzeko jada ezarrita dauden eta agertzen ari diren teknologia berriei.
Lehen hitzaldia Marc Vidal hizlari eta eraldaketa digitaleko aholkulariak eman du, eta industriak eta pertsonek etorkizun hurbilean aurkituko dituzten erronkei buruzkoa izan da. Hitzaldi horren ondotik, hurrengo hamarkadan Europako fabrikaziorako irekitzen diren etorkizun-aukerei buruzko saio baten protagonista izan da Agustín J. Sáenz, TECNALIAren Estrategia, Merkatu eta Teknologiako zuzendaria.
Lehen jardunaldian, konputazio kuantikoaren, adimen artifizialaren eta makina-segurtasunaren inguruko hitzaldiak entzuteko aukera ere izan dute bertaratuek, besteak beste, BASQUE QUANTUM, SIEMENS, RENISHAW edo FAGOR AUTOMATION enpresetako adituen eskutik.
Bestetik, kongresu zientifiko-teknikoko hitzaldietan, teknologia-zentroen, unibertsitateen eta enpresen I+G+Bko proiektuen emaitzak eta balizko aplikazioak aurkeztu dituzte; horien xede diren ikus-entzuleek profil teknikoagoa dute, eta arazo konplexuen ebazpenaren xehetasunak ezagutzeko gogoa.
23CMHko programa hirukoitzari, 2025ean, zibersegurtasuneko kongresua gehitu zaio, baita eztabaida, aurkezpen, mahai-inguru eta B2B topaketa ugari ere, networkinga sustatzeko eta hitzordu honetan espero diren 600 parte-hartzaileen artean lankidetza-aukera berriak sortzeko.
Kongresuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eta SPRI Taldearen babesa du.
Itxiera
Kongresuaren itxiera urriaren 31n egingo da, eta bertan parte hartuko dute Andoitz Kortak, Eusko Jaurlaritzako Industria Sustapeneko sailburuordeak, eta José Pérez Berdudek, AFM Clusterren presidenteak. Ekitaldian, bost sari banatuko dira: bata enpresa batek aurkeztutako lan onenarentzat, beste bat komunitate zientifiko-teknikoak aurkeztutako komunikazio onenarentzat, AFM-SIF saria, fabrikazio aurreratuaren sektorearekin lotutako ikasketa-amaierako proiektu onenarentzat, laugarrena eskola tekniko bateko karrera-amaierako proiektu onenarentzat, eta bosgarrena euskaraz aurkeztutako hitzaldi onenarentzat.