Topaketa maiatzaren 24an eta 25ean egingo da Bilbon
Antolakundeak aldatzen ari dira, baina ez bakarrik arlo teknologikoan, zeren orobat aldatzen ari baitira gauzak egiteko, erlazionatzeko eta kolaboratzeko moduak. Testuinguru horretan, Q-epea, Administrazio Publikoetako Kudeaketa Aurreratuaren Kongresuak helburutzat du ezagutzak eta estrategiak partekatzea eraldaketa hori ulertzen laguntzeko.
Aurten zazpigarren aldiz egingo dira jardunaldi horiek Gizartea eta pertsonak: Administrazioa birpentsatzeko gakoak izenburupean, eta bi ardatzetan zentratuko dira: adimen kolektiboan eta lidergoan. Asmoa da hitzaldi, mahai-inguru eta tailer praktikoen bidez berrikuntza eta kudeaketa aurreratua sustatzea administrazio publikoak hobetzeko metodo gisa.
Egitarauak hainbat hitzaldi barne hartzen ditu: eragileen, administrazio publikoen eta hiritarren arteko parte-hartze eta lankidetza estrategiei buruzkoak, lidergo ereduei buruzkoak eta antolakundeen kudeaketa aurreratuari buruzkoak. Hona hemen hizlarietako batzuk: Tanja Aitamurto, Stanford Unibertsitateko ikerlaria Demokraziaren Crowdsourcing lantaldean; Amalio Rey, lankidetza-ekosistemetako aditua; eta Jordi Graells, Kataluniako Generalitateko Hiritarren Arretarako zuzendaria eta Xarxa d’Innovació Pública ekimenaren bultzatzailea. Orobat parte hartuko dute Raúl Olivanek, Aragoiko Gobernuko Parte-hartze, Gardentasun, Lankidetza eta Boluntariotzako zuzendariak, Nerea Urcola aholkulariak, Giza Baliabideetan eta aldaketaren kudeaketan aditua den Belén Varelak eta Inma Shara orkestra zuzendariak.
Topaketa horretan tailerrez osatutako espazio bat antolatuko da ezagutzak praktikan jartzeko modu ludikoan. Aldi bereko lau saio egingo dira gai hauei buruz: estrategia parte-hartzailearen plangintza, jolasaren erabilera erabaki partekatuak hartzeko, eta antolakundea eta langileak eraldatzeko coaching metodologiak.
Q-epea Kongresua maiatzaren 24an eta 25ean egingo da UPV/EHUko Bizkaia Aretoan (Bilbo), Kudeaketa Aurreratuaren Aldeko Euskal Erakunde Publikoen sareak antolatuta. SPRI Taldea da sare horretako kideetako bat, zeina 30 erakundez osaturik baitago. Q-epea kongresuaren helburu nagusia da ezagutza partekatua sustatzea, euskal sektore publikoa erreferentziazko eredua izan dadin politika publikoen kudeaketa aurreratuan.
Q-epea
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?