Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 5 Azaroa, 2021 Berrikuntza innobideak kudeabide

Metagra, estanpaziorako produktu espezifiko bat bezeroaren neurrira

Altzairuzko burdin hariaren hotzeko estanpazioan espezializatutako enpresa bergarar honek SPRI Taldearen Innobideak programako laguntza jaso du
Pello Txintxurreta, Jabier Ibarra eta Ibon Bilbao, Metagrako arduradunak.

 

Bergaran kokatutako Metagra enpresak produktu espezifiko eta konplexu bat eskaintzen du: altzairuzko burdin hariaren hotzeko estanpazioa, automozioan asko erabiltzen dena. Bere berrikuntzarako potentzialari dagokionez, aipatzekoa da enpresak bezeroarekin batera diseinatzen dituela estanpazio prozesua eta beste prozesu gehigarri batzuk (mekanizatua, kontrol automatikoa, etab.). Hala, konpainiak SPRI Taldearen Innobideak programaren laguntza jaso du, zeinaren helburua baita euskal enpresa-sarearen kudeaketa hobetzea.

 

Zehazki, dirulaguntza horren xedea da kudeaketan berritzea, “modu berriak bilatuz hornikuntza-katea edo eskaera-entregaren prozesua antolatzeko” azaldu dute Pello Txintxurretak -enpresako kudeatzailea- Jabier Ibarrak -Finantza eta Erosketako zuzendaria- eta Ibon Bilbaok -Plangintza eta Produkzioko zuzendaria.

 

“Kudeaketaren berrantolaketa bat da” aipatu dute, “hasi lehengaien hornikuntzatik eta piezak bezeroari bidaltzen zaizkion uneraino, beti ere kontuan hartuz fluxu fisikoak eta informazio fluxuak. Horrekin guztiarekin lortu nahi duguna da bezeroarengandik hurbilago egotea, eta azkarragoak eta arinagoak izatea”.

 

Enpresa honek SPRI Taldeak bultzatutako hainbat berrikuntza-proiektutan parte hartu du 2015etik, batez ere Innobideak-Kudeabide programaren bidez.

 

Uda baino lehen abiatu zuten azken laguntza honen bidez garatutako proiektua. “Aurrerago, fisikoki birmoldatu genituen gure zentro logistikoa eta kontrol  automatikoko zentroa. Orain digitalizazio tresnak eta datuen analitika berritzen ari gara, erabakiak azkarrago hartu ahal izateko. Lanean ari gara. Hornikuntza-katea birdiseinatzeko proiektua bukatuta egongo da datorren urtearen hasierarako”.

 

Metagra Metalúrgica Santa Engracia konpainiatik sortu zen, zeina 1957an jaio baitzen estanpazioan jarduteko. Denborarekin, Metagra altzairuzko burdin hariaren hotzeko estanpazioan espezializatu da. “Teknologia oso espezifikoa da, eta hotzean egin behar da. Fabrikazio-metodo nahiko azkarra da, beroko forjaketaren eta mekanizatuaren aldean. Gainera, material gutxiago galtzen da, oso gutxi xahutzen da”.

 

Enpresa asko hazi da. Duela bi hamarkada 50 langile inguru zituen; orain, aldiz, 105 pertsona enplegatzen ditu Bergaran, eta beste 20 Mexikoko lantegian. Bere produkzioaren % 80 esportatzen du eta kontinente guztietan dago, Ozeanian izan ezik. “2015etik produkzio-lantegi bat dugu Mexikon, ohartu ginelako automozio sektorean ezinbestekoa dela hornitzaile globala izatea”. Konpainiako ordezkariek azpimarratu dute enpresaren % 80 langile aktiboen jabetzakoa dela.

 

Negozioaren % 95 automozioaren sektorera bideratuta dago, eta gainerako % 5a, berriz eraikuntzara. Proportzio hori berdintsu mantendu da azken 20 urteetan. “Ahalegindu gara beste sektore batzuetan sartzen, esaterako eolikoan, aeronautikan eta burdinbideenean. Baina ohartu ginen produktu-loteak oso txikiak zirela, batik bat aeronautikan eta sektore eolikoan. 2.000 pieza inguruko serieak behar izaten dituzte, eta guk 100.000 piezarainoko serieak eskaintzen ditugu”.

 

Metagra enpresako arduradunek diote produktu konplexua dela eurena. “Ez daukagu produktu propiorik, bezero bakoitzaren neurrira lan egiten dugu: hark planoa ematen digu, eta guk fabrikatu egiten dugu”. Metagra-ren piezak autoen balazta-sistemarako, direkziorako eta esekidura-sistemarako erabiltzen dira.

 

23 milioi euro inguruko fakturazioa izan zuten pandemiaren aurretik. “Hasi pieza txikietatik eta handietara, Europako abaniko zabalena hartzen dugu. Iaz zazpi estaziotako estanpazio-makina bat erosi genuen (ordura arte seikoak bakarrik existitzen ziren), Europako makina berritzaileenetako bat. Eta beste gailu bat ere bai, 45 mm-rainoko diametroa duen burdin haria estanpatu dezakeena”.

 

Bezeroek asko baloratzen dute enpresaren lan egiteko modua, diseinurako hobekuntzak proposatzen baitizkiete: “planoa iristen zaigunean gure lana ez da bakarrik planoa exekutatzea, hau da, aholkularitza ere ematen diogu bezeroari pieza eraginkorragoa izan dadin”. “Berrikuntza prozesuan dago, estanpazioaren eta beharrezkoak diren gainerako prozesuen diseinuan. Robert Bosch-ek, automozioko osagaien munduko talde handienak, lehentasunezko hornitzaile izendatu gaitu; horrek esan nahi du lehenbizi guregana jotzen dutela proiektu berriak kontsultatzean. Ez dago horrelako enpresa askorik munduan, eta eskubidea ematen digu beste batzuk baino eskaintza handiagoa egiteko”.

 

Beren erronkak dira hazten jarraitzea, 2024an 2016ko fakturazioa bikoiztea eta globalago izatea. “Produkzio-lantegi bat jarri nahi dugu Asian, presentzia izateko automozioaren hiru zutabeetan, hots, Asian bertan, Europan eta Amerikan. Hain zuzen, Amerikan eta Asian presentzia izatea da Bergaran lana izango dugula ziurtatzeko modua. Eta horrela, produktu esklusibo bat eskaintzen jarraitu ahal izango dugu”.

 

SPRI Taldearen Innobideak programaren helburua da erantzuna ematea euskal enpresen eta, bereziki, ETEen lehiakortasuna mantentzeko beharrari.

Lotutako albisteak

18 apirila, 2024 Berrikuntza
Ikasplay, Gipuzkoako enpresa aitzindaria prestakuntza-esperientzia murgiltzaile eta elkarreragileak sortzen
Irakurri gehiago
16 apirila, 2024 Berrikuntza
Genero-berdintasunik handiena duten enpresek berrikuntza maila handiagoa izaten dute eta lehiakorragoak dira
Irakurri gehiago
Buzones Arregui 15 apirila, 2024 Berrikuntza
Arreguik erantzun egiten dio eraikinetako behar berriari, etxean egon gabe paketeak jasotzeari
Irakurri gehiago
Ser b-CORP libro Comunidad NORTE 11 apirila, 2024 Berrikuntza
B Corp izatea, enpresen indarra mundua aldatzeko erabiltzea da
Irakurri gehiago
9 apirila, 2024 Berrikuntza
STEM unibertsoan emakumeen talentua sustatzera bideratutako saio batean parte hartu du SPRIk
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak