Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 28 Marzo, 2022 Berrikuntza Hazitek programa

Euroclor, etengabeko berrikuntza pintura industrialaren sektorean

SPRI Taldearen Hazitek programako laguntza bat jaso duen enpresa arabar honek bere negozioaren % 12 bideratzen du I+G-ra
Roberto Preciado Ruiz de Gauna, enpresako zuzendari teknikoa.

Agurainen (Araba) kokatutako Euroclor enpresak pintura industrialak fabrikatzen ditu eta Espainiako lehenengo hamarren artean dago bere sektorean. Berrikuntza oinarrizkoa da bere negozioaren % 12 I+G-ra bideratzen duen enpresa honentzat, zeinak SPRI Taldearen Hazitek programako laguntza bat jaso baitu. Hazitek programak euskal enpresen ikerketa industriala eta garapen esperimentala babesten ditu.

Enpresa hau 1982an sortu zen pintura industriala fabrikatzeko. “Familiako laugarren belaunaldia gara, baina bosgarrena ere jardueran sartuta dago jada, eta laster iritsiko da zuzendaritzara” dio Roberto Preciado Ruizek, enpresako zuzendari teknikoak. Enpresaren eboluzio handiena produktuan gertatu da, disolbatzaile tradizionalak baztertu eta ur-pinturak erabiltzen hasi zirenean. “Garapen berrien helburua da ingurumen-hobekuntzak lortzea lanean. Orain gure produktuaren % 38 ur-pintura industrialak dira, eta Espainian teknika hori erabiltzen duen enpresa garrantzitsuenetako bat gara”.

Duela 20 urte disolbatzaileak bakarrik ekoizten zituzten, eta gaur egun % 62ra murriztu da portzentaje hori. “Ur-pinturak lehenetsiz istripuak izateko arriskuak gutxitzen dira (esaterako margoek su hartzea), atmosferara isuritako konposatu lurrunkorrak mugatzen dira eta CO2 kontzentrazioak murrizten dira”.

Euroclor enpresak pintura industrialak bakarrik fabrikatzen ditu, eta burdinbide, automobilgintza eta etxetresna elektrikoen sektoreetarako lan egiten du nagusiki. Salmentei dagokienez, % 27 eraikuntzan egiten dira, % 19 plastikoaren sektorean, % 15 burdinbideenean, % 11 galdaragintzan eta % 10 automobilgintzan. Mantenimendu industrialean, obra publiko handietan eta pabilioi handien egituretan lan egiten dute, eta herdoilaren aurkako nahiz plastikoak edertzeko pinturak eskaintzen dituzte.

Enpresaren fakturazioa 6 milioi eurora iritsi zen iaz, eta orain 26 langile ditu plantillan, horietatik 7k erabat dihardutelarik I+G sailean.  2012an 393.000 euro bideratzen zituzten arlo horretara, eta gaur egun 659.000, hots, negozioaren % 12. Berrikuntza oinarrizko elementua da Euroclor enpresarentzat.

Herdoilaren aurkako prestazio altuko pinturekin

Hainbat proiektu ari dira garatzen herdoilaren aurkako prestazio altuko pinturekin. Esaterako, eskuartean dute offshore eraikuntza-lanetara bideratutako Ancorr proiektua, Tekniker teknologi zentroarekin batera garatzen ari direna. “Plastikoen arloan, berriz, lanean ari gara biomaterialetan oinarritutako proiektuetan. Hau da, ikatz begetala erabili beharrean biomateria erabiltzen dugu plastikoetarako pintura egiteko”. Kasu honetan, Tecnaliarekin ari dira lanean. Suaren aurkako estaldurak ere egiten dituzte, adibidez “Aresfu” eta “Pintoil”.

Enpresak 20 tona pintura fabrikatzen ditu egunero. Espainiakoa da bere merkatu nagusia, baina bere bezeroek asko esportatzen dute. “Gure lanean oso garrantzitsua da bezeroarenganako arreta, eta beste herrialde batzuetan sartzeko ezinbestekoa da arreta hori emateko gai diren teknikari asko izatea”.

Produktuaz gain, mantenimendu zerbitzua ere eskaintzen dute, instalazioetan bertan pinturaren jarraipena egiteko.

SPRI Taldearen Hazitek programako laguntza batez ere erabili dute Ancorr proiektuan, “zeinak beste bi urte behar baititu erabat garatzeko, baina baita ere bio-materialez eginiko pinturetan. Beste zati bat erabiliko dute hidrokarburoen sektorerako suaren aurkako pinturak garatzeko. Denak daude garapen fasean. SPRI Taldeak Hazitek programaren bidez ematen dituen laguntza hauek funtsezkoak dira I+G-n % 12 inbertitu ahal izateko”.

Enpresa honen etorkizuneko erronketako bat da lehengaien hornidura bermatzea, “sektore kimikoan zaila izaten ari baita. Lehengaien prezioa % 30 igo zen iaz, eta aurten dagoeneko % 14ko igoera izan dute”.  Bere etorkizuneko proiektuen helburua da ur-pinturak eta herdoilaren aurkako estaldura berri eta finagoak garatzen jarraitzea, “ahalik eta gutxien kutsatzen duten eta ahalik eta arrisku gutxien duten materialak erabiliz”.

Lotutako albisteak

15 maiatza, 2024 Berrikuntza
Saizarlan, kartoizko kaxen plastikozko heldulekuak biodegradagarriak izateko proiektu berritzailea garatzen ari den ETEa
Irakurri gehiago
15 maiatza, 2024 Berrikuntza
Lan-Flaten doitasun handiko granitozko neurketa-ekipamenduak garatzen dira
Irakurri gehiago
14 maiatza, 2024 Berrikuntza
Sustatu berrikuntza-proiektuak zure enpresan Fast Track Innobideak ekimenarekin
Irakurri gehiago
8 maiatza, 2024 Berrikuntza
Innoledge, berrasmatzea eta egokitzea nortasun-ezaugarri gisa
Irakurri gehiago
6 maiatza, 2024 Berrikuntza
SPRI Taldeak ADR Foroaren bileran parte hartu du Ceutan
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak