Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 21 urria, 2020 Digitalizazioa EIKTak

Digitalizazioari esker krisiari ongien aurre egin dioten enpresen ikaskuntzak

Orkestra-k txosten batean aztertu ditu antolakundeen eraldaketa digitaleko estrategiak

 

Ezin da ukatu digitalizazioa oinarrizkoa izan dela osasun larrialdian zehar. Teknologiari esker posible izan da jarduera ekonomikoari eta elkarreragin sozialei eustea, eta gainera, negozioak egiteko bide berriak ireki dira egoera ziurgabe baten erdian. Bizi izandako egoera horretatik ikaskuntza baliagarriak atera nahian, Orkestra-Lehiakortasunaren Euskal Institutuak  Digitalizazioa, Covid-19ari erantzuteko txostena argitaratu du. SPRI Taldeak finantzatutako ikerlan horretan 16 kasu aztertu dira, denak ere eraldaketa digitalaren aukerak aprobetxatzen jakin duten euskal enpresenak.

 

Txostenaren lehen ondorioa da enpresa askorentzat teknologia digitalak ez direla izan bakarrik salbuespen-egoera bati aurre egiteko aldi baterako erantzuna, baizik eta epe luzerako ikuspegi estrategiko bat.  Krisiak “eraldaketa espres” bat eragin du konpainia askotan, baina azterlanak nabarmendu duen bezala, egoera berrira ongien egokitu direnek badituzte hainbat ezaugarri komun.

 

Pandemiaren lehen fasean euren jarduera handitzea lortu duten enpresek bazuten lehendik ere eredu digital bat, eta teknologiak baliatzen zituzten negozio aukera berriak sortzeko. Azken finean, eraldaketa digitala enpresa horien estrategiaren zati bat da, ez soilik tresna berriak erabiltzen hasteko bide bat. Azterlanak ezaugarri komun gehiago identifikatu ditu, besteak beste, aldaketetara egokitzeko azkartasuna, ikuspegi berritzailea eta esperimentaziorako espazioak.

 

Esaterako, txostenean agertzen da Comet enpresa donostiarra, bizikletentzako ordezko pieza eta osagarrien banaketan espezializatua. Gaur egungo egoeran hazi egin da horrelako produktuen eskaera, eta konpainia gai izan da eskaera horri berehala aurre egiteko, lehenagotik ere ezarrita zeukan kultura digitalari esker. Halaber, hor dago Dastatzen okela-enpresaren kasua, zeinak irtenbide berriak aurkitu baititu bere produktuentzat, B2B eredutik B2C eredura pasaz eta indar handiko zabalkunde kanpainak eginaz kanal digitaletan.

 

Lankidetza publiko-pribatuko eta hiritarren arteko lankidetzako kasuak ere aipatzen dira argitalpenean, esaterako, BBK Fundazioaren #KreoEnTi Azoka Digital web plataforma solidarioa, txikizkako saltokiei babesa emateko sortua; edo Euskadiko Maker Komunitatea, zeinak norbere babeserako elementuak fabrikatzeko sare horizontal bat bultzatu baitzuen. Proiektu horiek erakunde-kulturaren aldaketarekin lotutako aukera berriak islatzen dituzte, teknologietatik harago.

 

Azterlanak azpimarratzen du antolakundeek krisiaren lehen fasean abiarazi dituzten erantzunak  produktu-mailakoak izan direla (eskaintza zabaltzea) eta baita ere prozesu-mailakoak (jarduerarekin jarraitzeko konponbide berriak).  Halaber, bezeroekin harremanetan jartzeko kanal berriak ireki dira. Kanal horiek krisialdian sortu badira ere, enpresa askorentzat aukera aproposa dira epe ertain eta luzean hazteko.

 

Azkenik, Orkestraren txostenak hainbat proposatzen dakartza eraldaketa-prozesuak orientatzeko. Lehenik eta behin, garrantzitsua da erronka digitala lehenestea agenda politikoan, eta ETEentzako laguntzak bideratzea, digitalizazioa ez dadin izan asimetrikoa. Horrez gain, lankidetza publiko-pribaturako tresna berritzaileak eraiki behar dira, ziurgabetasun-une honen erdian lurraldearen lehiakortasuna hobetzeko.

 

Lotutako albisteak

24 apirila, 2024 Digitalizazioa
114 enpresak hartu dute parte Euskadiko industriaren digitalizazioa sustatzeko kongresuan
Irakurri gehiago
23 apirila, 2024 Digitalizazioa
SPRIk Hannover Messe 2024 azokan dauden Euskadiko enpresei lagunduko die
Irakurri gehiago
18 apirila, 2024 Digitalizazioa
Hobycasa, aurrez fabrikatutako egurrezko etxeen arloan liderra den Gasteizko enpresa
Irakurri gehiago
12 apirila, 2024 Digitalizazioa
Lau ekintzailek plataforma bat sortu dute 4.0. Industriako proiektuak online kudeatzeko
Irakurri gehiago
12 apirila, 2024 Digitalizazioa
ScrapAdek hondakinen salerosketa-prozesua errazten die mundu osoko enpresei
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak