Markek gero eta eragin handiagoa dute sare sozialetan

25 uztaila, 2018

WhatsApp, Facebook, Instagram eta Youtube dira gehien erabiltzen direnak

Sare sozialen erabilera helduarora iritsi da Estatuan, biztanleriaren %85ak erabiltzen baititu. WhatsApp eta Facebook dira nagusi, nahiz eta azken urtean Facebook-ek erabiltzaileak galdu dituen Instagram sarearen mesedetan. Youtube eta Twitter, berriz, zerrendako 5 erabilienen artean daude. Horra IAB Spain elkartearen (Estatuko publizitatearen eta komunikazioaren sektorea ordezkatzen duena) Estudio Anual de Redes Sociales 2018 txostenean jasotako datu batzuk.

 

Markek sare sozialetan duten presentziari dagokionez, erabiltzaileen %81ek dio jarraitzen duela gutxienez markaren bat eta %40k dio intentsitate handiz jarraitzen duela gainera. Handitu egin da, halaber, norbere interesen araberako publizitatearen pertzepzio positiboa (erabiltzaileen %32). Bestalde, sare sozialek gero eta eragin handiagoa dute eCommerce jardueran, internauten %57k horrelakoak erabiltzen baititu produktuei buruzko informazioa bilatzeko erosketa-erabaki bat hartu baino lehen.

 

Azken urtean gehien handitu den joeretako bat influencer-ena da. Erabiltzaileen %72k horrelako profilak jarraitzen ditu sare sozialetan, batik bat Facebook, Instagram eta Youtuben. 2018an, publizitatearen eta komunikazio digitalaren sektoreko profesionalen ia erdiak influencer-en zerbitzuak kontratatu dituzte, eta horietatik %87k diote nahiko edo oso gustura daudela emaitzekin.

 

IAB Spain elkartearen azterlanak dio enpresek gehienbat saltzeko erabiltzen dituztela sare sozialak, kasuen %67an hain zuzen. Saltzeko ez ezik, baita ere erabiltzen dira branding ekintzetarako, bezeroaren arretarako zerbitzua emateko eta komunikazio-kanal bezala, kontsumitzaileen edo erabiltzaileen zalantzei erantzuteko. Sortzen diren eduki gehienak sustapenak izaten dira, horrelakoek lortzen dutelako elkarreragin handiena eta norbere weberako trafiko handiena.

 

Txostenak sare sozialen erabiltzaileen Estatu mailako erradiografia bat ere egin du, guztira 25,5 milioi lagun zenbatu direlarik. Erabiltzaileek horrelako espazioak erabiltzen dituzte batez ere mezuak bidaltzeko, bideoak ikusteko edo musika entzuteko, eta euren kontaktuek zer egiten duten jakiteko. Hala, eduki sorkuntza murriztu egin da, eta sareen erabilera soziala handitu. Erabiltzaileek batez beste ordu bat eta erdi igarotzen dute egunero horrelako plataformetan, eta hauek dira sare sozial baloratuenak: WhatsApp, Youtube, Instagram eta Spotify.

 

Azkenik, azterlanak Z belaunaldiaren ezaugarriak azpimarratu ditu, hau da, 16 eta 23 urte bitartekoenak. Millenial belaunaldiarekin alderatuta (24-38 urte bitartekoak), gehiago dira sare sozialetan profil bat dutenak, eta WhatsApp, Instagram eta Youtube dituzte gustukoen. Halaber, denbora gehiago igarotzen dute sarera konektatuta, batez beste ordu bat eta erdi egunero, eta ia denek jarraitzen dute gutxienez influencer-en bat.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow