Gaur inauguratu da, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean, MANUFUTURE Conference 2023, fabrikazio-industriaren etorkizunari buruzko Europako konferentzia. ManuFUTURE-EU Europako Plataforma Teknologikoaren urteroko topaketa honen helburua da fabrikazioak Europan etorkizunean izango dituen erronkei aurrea hartzea eta haiei I+G+Bren bidez erantzutea. Ekitaldian parte hartu dute, besteak beste, Jon Gurrutxaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako eta Internazionalizazioko zuzendari nagusiak, Maurizio Gattigliok, ManuFUTURE-EU Europako Plataforma Teknologikoko presidenteak eta Cristina Oyon SPRI Taldeko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasuneko zuzendariak. BRTA aliantzak (Basque Research & Technology Alliance) antolatu du ekitaldia, EIT Manufacturing, Ideko, Mondragon Corporation, Tecnalia eta Teknikerrekin batera.
Inaugurazio-jardunaldia Maurizio Gattiglio ManuFUTURE-EU Europako Plataforma Teknologikoko presidentearen ongietorriarekin hasi da. Fabrikazioaren arloko etorkizuneko berrikuntzari buruz Europako Batzordeak dituen ikuspegien berri eman du. Maurizio Gattiglioren esanetan, “MANUFUTURE Europako Plataforma Teknologikoaren misioa da ikerketan eta berrikuntzan oinarritutako estrategia bat proposatzea, garatzea eta aplikatzea, industria-eraldaketaren erritmoa azkartzeko gai izango dena balio erantsi handiko produktu, prozesu eta zerbitzuetarantz, kualifikazio handiko enplegua bermatzeko gai izango dena eta ezagutzaren ekonomian munduko manufaktura-ekoizpenaren zati handi bat irabazteko gai izango dena”, Bestalde, Jon Gurrutxaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako eta Internazionalizazioko zuzendari nagusiak azpimarratu du ikerketak, teknologiak eta berrikuntzak lurraldeko manufaktura-industriaren lehiakortasunerako duten garrantzia.
Jarraian, Europako fabrikazioaren erronka handiei buruzko saio paraleloak egin dira.
Lehenengo saioan, adituek etorkizuneko produktu eta zerbitzuen esparruan sakondu dute, baita munduko joeretan ere, eta bereziki nabarmendu dituzte balio-kate giltzarriak eta Europaren posizionamendu estrategikoa.
Bigarren saioan, fabrikazioaren arloko energia-kontsumoari buruzko erronkak eta soluzioak aztertu dituzte adituek. Manufaktura-industriak, energia-hornidura seguru eta fidagarri baten mende dagoenez eta, gainera, energia-kontsumitzaile handienetako bat denez, zenbait modutan egin behar dio aurre energia-trantsizioaren erronkari. Lehiarako erabakigarria bilakatuko da, bai enpresentzat, bai eskualde ekoizleentzat, erronka horiei nola egin aurre.
Bihar, konferentziaren bigarren eta azken egunean, saio paraleloak egingo dira fabrikazio zirkularrari buruz eta fabrikazioan berrikuntza-zikloa azkartzeko moduari buruz.
Basque Research and Technology Alliance aliantza (BRTA) 2019an sortu zen, eta haren kide diren zentroen helburua da ikerketan eta teknologian oinarritutako ezagutza euskal industriara eta enpresetara transferitzea, era horretan lurraldeko ekonomia indartzeko. Ikerketa kooperatiboko 4 zentrok eta 13 zentro teknologikok osatzen dute aliantza: CIC bioGUNE, CIC nanoGUNE, CIC biomaGUNE, CIC energiGUNE, Azterlan, Azti, Ceit, Cidetec, Gaiker, Ideko, Ikerlan, Leartiker, Lortek, Neiker, Tecnalia, Tekniker eta Vicomtech.
For SMEs, for diversifying markets, internships abroad, international tenders, non-reimbursable subsidies to consolidate exports, subsidies for deployments or specific training in internationalisation.
You’re interested, right?