Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 18 ekaina, 2021 Berrikuntza Fast Track Innobideak programa

Michelin: “Lanean ari gara gure lehengai guztiak berriztagarriak izan daitezen 2050ean”

Euskadin bi lantegi historiko dituen talde honek jasangarritasunarekin duen konpromisoa berretsi du ingurumenarekin konprometitutako ibilbide-orri anbiziotsu baten bidez
Hugo Ureta.

 

Euskadin industria-sektore estrategiko bat badago, hori automozioarena da; automozioak pisu handia du euskal ekonomian (BPGaren % 28) eta hemen dago osagai fabrikatzaileen Estatuko kontzentrazio handienetako bat.  Michelin erreferentziazko marka da arlo horretan, eta bi lantegi ditu EAEn. Zaharrena Lasartekoa da (Gipuzkoa), 1934an sortua, eta bigarrena eta Europako handiena, berriz, Gasteizkoa. Bien artean 4.000 langile enplegatzen dituzte zuzenean, eta kopuru hori seikoiztu egiten da bi lantegien zeharkako enplegua kontuan hartzen bada. Erraldoi industrial bat, zeinaren mende baitaude 700 enpresa hornitzaile baino gehiago. Aspalditik dago murgilduta jasangarritasunaren inguruko proiektu anbiziotsu batean, ez bakarrik bere lantegi eta fabrikazio-prozesuek ahalik eta gehien errespetatu dezaten ingurumena, baizik eta baita ere % 100 jasangarria den pneumatiko bat sortzeko. Petroliotik eratorritako lehengaiak erabili gabe eginiko goma bat, denboran iraungo duena eta ahalik eta erregai kontsumo txikiena izango duena, dio Hugo Uretak, multinazional frantseseko harreman instituzionalen zuzendariak.

 

Nolakoa izango da etorkizuneko pneumatiko hori?

Airerik gabekoa izango da, konektatua, 3D bidez inprimatua, birkargagarria eta, batez ere, % 100 jasangarria.

 

Zuena bezalako konpainia batek nola ulertzen du jasangarritasun kontzeptua?

Aspaldi hasi ginen pentsatzen zer egin genezakeen jasangarri izateko, hau da, etorkizuneko belaunaldien baliabide eta aukerak arriskuan ez jartzeko, eta ondorioztatu genuen bi arlo handi jorratu behar genituela: baliabide natural ez berriztagarrien kontsumoa eta hondakin sorkuntzak edo isurketek ingurumenean duten inpaktua.

 

Eta badaukazue plan edo ibilbide-orririk helburu horiek lortzeko?

Lehengaien kasuan, adibidez, berriztagarriak ez diren lehengaien ordez berriztagarriak direnak erabili nahi ditugu. Zentzu horretan, hainbat proiektu dauzkagu abian, esaterako HelioCompound, zeinetan ekilore olioa erabiltzen ari baikara pneumatikoak fabrikatzeko, olio sintetikoak erabili beharrean. Era berean, oihan tropikalak basoberritzeko proiektuak abiatu ditugu gure kautxu naturaleko landaketen inguruan, bioaniztasunaren gaineko inpaktua murrizteko, eta kautxu natural horren produkzio arduratsu eta jasangarria ahalbidetzen dugu. Gaur egun, gure lehengaien % 28 berriztagarriak dira, eta hauek dira etorkizunerako finkatu ditugun helburuak: % 40 2030erako eta % 100 2050erako.

 

Nola dago presente jasangarritasunarekiko konpromiso hori zuen lantegietako fabrikazio-prozesuetan?

Lanean ari gara uraren kontsumoa, sortutako hondakinak eta CO2 isuriak (eta negutegi efektua eragiten duten beste gas batzuk) murrizteko. Adibidez, gure lantegiek kontsumitzen duten argindarra erabat berriztagarriak diren iturrietatik dator, eta gure helburua da CO2 isuriak % 50 murriztea 2030erako.

 

Bitxia bada ere, ingurumen inpaktu handiena ez dute eragiten fabrikazio-prozesuek, eta ezta ere dagoeneko erabiltzen ez diren pneumatikoek…

Hala da. Atmosferara doazen CO2 isurien % 86 pneumatikoa errepidean erabiltzean sortzen dira, hau da, penumatikoak asfaltoa ukitzen duenean. Errodadurarekiko erresistentzia hori da erregai kontsumoan eragiten duen faktore garrantzitsuenetako bat eta atmosferara doazen isurien arduradun nagusia. Horrek esan nahi du zenbat eta erresistentzia txikiagoa izan, orduan eta txikiagoa dela energia kontsumoa ere eta, ondorioz, gas toxiko gutxiago isurtzen dela. Bestela esanda, kontsumitzen ez den erregai litro bakoitzeko, 2,66 CO2 kg gutxiago isurtzen dira gutxi gorabehera. Horregatik, gure pneumatikoen eraginkortasun energetikoa iazkoa baino % 10 hobea izatea nahi dugu 2030erako.

 

Pneumatiko bat bere bizitzaren amaierara iristen denean, zenbat zati aprobetxatu edo berrerabili daitezke erabilera berriak sortzeko?

Den-denak. Pneumatikoak euren bizitza erabilgarriaren amaierara iristen direnean, bildu eta balorizatu egiten ditugu, besteak beste, legeak hartara behartzen gaituelako. SIGNUS enpresaren bitartez (bazkide fundatzaile gara) merkatuan jartzen ditugun pneumatiko guztiak berreskuratzen ditugu, eta gauza asko egiten ditugu material horrekin. Adibidez, goma erabiltzen dugu haur-parkeetako zoruak egiteko, baina baita ere hormigoi eta asfaltoak fabrikatzeko.

 

Joan den otsailean iragarri zenuten pneumatikoen birziklapen integralerako lehen lantegia eraikitzen hasiko zinetela. Zein fasetan dago proiektu hori?

Enviro sozietatearekin batera eginiko proposamen bat da; konpainia suediar horrek teknologia berezi bat garatu eta patentatu du karbono beltza, pirolisi olioa, altzairua, gasa eta erabilitako pneumatikoen birziklapen-prozesuko beste material batzuk berreskuratzeko. Horri esker, pneumatiko guztiak oso-osorik birziklatu ahal izango ditugu euren bizitza erabilgarria amaitzean, eta material hori erabiliko dugu kautxuan oinarritutako beste produkzio-prozesu batzuetan.

 

Ekonomia zirkularra…

Hori da! Errealitate hori, gainera, ukigarria da guk koordinatutako eta Europar Batasunak finantzatutako BlackCycle Europako partzuergoaren kasuan. Sektore publikoko nahiz pribatuko hamahiru erakunde biltzen ditu (horietatik lau Espainiakoak) dagoeneko erabiltzen ez diren pneumatikoekin pneumatiko berriak ekoizteko prozesuak diseinatzeko.

 

Pentsatzen dugu jasangarritasunarekin eta ingurumenaren babesarekin eta errespetuarekin zerikusia duen prozesu hori ideia baten ondorioa dela, Michelin-en duela hamarkada batzuk I+G-ren inguruan sortutako asmo baten emaitza. Zer giza kapital eta kapital ekonomiko bideratzen duzue urtero berrikuntzara eta garapenera?

Michelin taldea osatzen dugun 124.000 pertsonetatik 6.000 ikerketan eta garapenean (I+G) aritzen dira esklusiboki, urtean 650 milioi euro inguruko aurrekontuarekin.

Lotutako albisteak

26 apirila, 2024 Berrikuntza
Lotura-teknologien erreferentziazko teknologia-zentro gisa duen lidergoa sendotu du Lortekek
Irakurri gehiago
15 apirila, 2024 Berrikuntza
Gymchess: “Entrenamendu kognitiboa da gure garuna zaintzeko modu eraginkorrena”
Irakurri gehiago
Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
19 Marzo, 2024 Berrikuntza
Sirope: “Brandingaren garrantzia bereganatu ez duten enpresak desabantaila-posizio batetik abiatzen dira”
Irakurri gehiago
11 Marzo, 2024 Berrikuntza
Altzairu herdoilgarria da Didheyaren etxebizitzetarako eta garraio publikorako osagarrien balio bereizgarria
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak