Bigarren eskuko robotak industria sektorerako

25 uztaila, 2018

 

Robot erabiliak erosiz %40-60 inguru merkatu daiteke erosketa prezioa

 

Nazioarteko Robotika Federazioak (IFR) egin berri duen World Roboticks azterlanaren arabera, kalkulatzen da 1,63 milioi robot daudela martxan mundu osoan. Erakunde horren aurreikuspenek diote 2019an kopuru hori 2,6 milioiraino haziko dela. Robot gehienen jomuga industria izango da, baina ezin ahaztu ditzakegu beste sektore batzuk, hala nola, pertsona nagusien zaintza, zerbitzuak edo aisialdia. IDC konpainiaren beste txosten batek dio robotikako gastua 94.000 milioi dolarrekoa izango dela 2018an, eta kopuru horren %70 konponbide robotiko industrialetara bideratuko dela.

 

Nola robot mota berriak sartzen ari diren merkatuan -adibidez cobot edo robot kolaboratiboak-, unitate zaharrenak ordezkatzen ari dira eta bigarren eskuko robot berregokituen salmentaren inguruko negozio-eredu berriak sortzen ari dira. Ibilgailu, sakelako telefono edo erabilitako ordenagailuen salerosketarekin gertatzen den bezala, bigarren eskuko roboten salmentak aukera eman dio ETE askori horrelako gailuak txertatzeko beren prozesuetan prezio lehiakorrean. Izan ere, roboten birsalmenta-negozioa %15 haziko da aurten.

 

Robots Gallery euskal konpainiak 2015ean erabaki zuen bigarren eskuko salerosketa-ereduaren aldeko apustua egitea. Suediako enpresa bat izan zen bere lehen bezeroa, eta harrezkero bigarren eskuko robotak saldu ditu Txinan, Indian, Hegoamerikan eta, nola ez, baita ere Euskadin. “Saltzen ditugun robot gehienak automobilgintzaren industriatik datoz. Erresuma Batuko, Poloniako, Frantziako eta Espainiako enpresei erosten dizkiegu gehienak. Erosi eta aztertu egiten ditugu, eta, beharrezkoa bada, konpondu. ABB, Kuka, Fanuc, Motoman, Yaskawa bezalako marketako robotak dira, eta berriak baino %40-60 merkeagoak izan daitezke” dio Jose Gay-Marínek, Robots Gallery enpresako zuzendariak.

 

Konpainia horretako arduradunak aitortu duenez, horrelako robotek, merkeagoak izateaz gain, “ia berehalako” disponibilitatea eskaintzen dute. “Gerta liteke enpresa batean robot bat matxuratzea. Fabrikatzaileari enkargatuz gero hainbat aste igaro litezke robota jasotzeko, eta horrek sekulako inpaktua izango luke produkzioan. Gure kasuan, disponibilitatea izanez gero, ia berehala entregatuko genuke robota”. Hauek dira Robots Gallery-k saltzen dituen robotek egiten dituzten lan ohikoenak: merkatugaiak paletetan jartzea eta paletetatik ateratzea, uztai-soldadura eta piezen manipulazioa.

 

Euskal konpainiak hainbat sektoretako bezeroentzat lan egiten du, baina automozio sektorekoak dira nagusi, “zeren premia handiagoak dituzte, serie luzeak ekoitzi behar dituztelako eta fidagarritasuna behar dutelako produkzioan. Robotika funtsezkoa da automozio sektorerako” azaldu du Jose Gay-Marínek. Robots Gallery enpresak funtzionamendu-baldintza egokiak dituzten robot erabiliak baino ez ditu saltzen: “Ingeniaritza batek integratzen du robota enpresan, eta enpresa handia bada, bere lantaldeak egiten du. Hainbat ingeniaritzarekin kolaboratzen dugu kokaleku geografikoaren edo integratu nahi den aplikazio motaren arabera. Euskadin ARM Robotics konpainiarekin lan egiten dugu, berau arduratzen delarik roboten konponketaz, programazioaz eta erabiltzeko prestakuntza emateaz”.

 

Robots Gallery enpresak Bilbon du egoitza eta biltegiak ditu Barakaldon eta Madrilen. Enpresak berrikitan izan duen kasu arrakastatsuenetako bat izan da beso robotiko batzuk saltzea estrusore lana egin dezaten 3D inprimagailu handi batean, zeinak etxebizitzak fabrikatuko dituen Finlandian, gero Dubain saltzeko. Etorkizunari begira, Robots Gallery euskal enpresa aztertzen ari da sar daitekeen AGV delakoen merkatuan, hau da, 1.500 kilorainoko zamak garraiatu ditzaketen kargarako ibilgailu autonomoen sektorean, zeintzuek GPSa, laserra edo lurreko marrak erabiltzen baitituzte biltegietan barrena ibiltzeko.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow