Yoko, haurrak kalera jolastera aterarazteko aplikazioa

6 abuztua, 2018

 

Euskadi eta Errusiaren arteko ko-produkzio bat da

Yoko aplikazioak hainbat jolas biltzen ditu haurrek taldean eta kalean -parkean, mendian nahiz hondartzan- jolastu dezaten. Proiektu hori ikus-entzunezko Yoko produkzioaren barruan kokatzen da, zeinak bere baitan hartzen baititu telesail bat eta pelikula bat, Dibulitoon eta Somuga enpresa gipuzkoarrek Wizart konpainia errusiarrarekin batera garatu dituztenak.

 

“Yoko marka sortu genuen haurrak aire librean jolastera bultzatzeko” azaldu du Juanjo Elordik, telebistarako Yoko proiektuaren zuzendariak, “telesailean haurrak parkean elkartzen dira jolasteko eta abentura liluragarriak bizi dituzte”. Aplikazioa sortu zen ideia hori dispositibo mugikorretara eramateko, “baina gure asmoa ez zen haurra bakarrik eser zedila jolasten sakelakoarekin, eta horregatik sortu dugu zerbait desberdina” dio Somuga enpresako zuzendariak.

 

Aplikazioa jolas-bilduma bat da; munduko toki desberdinetako proposamen klasikoetan oinarritutako jolasak dira, baina Yoko proiektuko lantaldeak buelta bat gehiago eman die, elementu originalak eskaintzeko. Guztira 52 jolas dira, eta aplikazioak bilatzaile bat dauka jolas horiek hainbat aldagairen arabera iragazteko: zenbat jokalari izango diren, jolaserako elementuren bat behar den (adibidez baloi bat, soka bat edo kartoizko kaxa bat) eta haurrek zer duten gustukoen.   Hortik abiatuta, jolasen aukeraketa bat egiten da, eta azalpen animatu txiki bat ere bai, arauak ikasteko.

 

Aplikazioa dohainik eta publizitaterik gabe eskuratu daiteke Android eta iOS gailuetarako. “Materiala oso arina denez, sakelakoan deskargatu eta konexiorik gabe erabil daiteke, edozein lekutan jolastu ahal izateko” azaldu du Juanjo Elordik, “produktuak batez ere guraso eta irakasleen interesa piztu du, kanpoan egiteko jolasak proposatzen dituelako”. Baina aplikazioa beraizik pentsatuta dago 4-7 urte bitarteko haurrentzat.

 

Dibulitoon eta Somuga enpresa gipuzkoarrek egin dute aplikazioaren ikusizko diseinua eta edukia, Ipar Amerikako hezkuntza arloko aholkularitza baten laguntzarekin (horrek ere parte hartu du Yoko telesaila egiteko prozesuan). Wizart estudio errusiarrak garatu du alderdi teknikoa. Eta ETB eta RTVE kateek ere parte hartu dute proiektuan.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow