Autozko mugikortasunaren etorkizuna: konektatua, malgua eta partekatua

7 martxoa, 2018

 

Txosten batek aztergai hartu ditu automobilaren merkatuan eragina izango duten 5 joerak.

Etorkizuneko ibilgailuak elektrikoak, autonomoak, partekatuak eta konektatuak izango dira, eta urtero eguneratuko dira. Digitalizazioak, adimen artifizialaren hazkundeak eta erabiltzaileen ohitura aldaketek goitik behera eraldatuko dute automobilgintza sektorea datorren hamarkadan. PwC aholkularitzak eginiko Five trends transforming the automotive industry txostenaren arabera, ibilgailuak “eascy” izango dira 2030ean, hau da: Electrified, Autonomous, Shared, Connected eta Yearly updated.

 

Eraldaketa horrek hainbat ondorio dakartza berekin, besteak beste, hain kutsatua egongo ez den etorkizun bat, eta baita ere autoari eskaini beharreko denbora eta espazio pertsonala aurreztea, ibilgailu autonomoak izango direlako. Halaber, irisgarritasuna hobetuko da, ez delako gidabaimenik beharko eta merkeagoa izango delako autoa erabiltzea. Funtsean, txostenak dio mugikortasuna errazagoa, malguagoa eta indibidualizatuagoa izango dela denborarekin.

 

2030ean matrikulatzen diren autoen %95 elektrikoak edo hibridoak izango dira (%55 eta %40, hurrenez hurren). Ibilgailu elektrikoaren erabateko ezarpena motelxeagoa izango da, zeren datorren hamarkadan oraindik auto stock-a %80 ingurukoa izango baita. Baina joera argia da. Gainera, PwC-k eginiko azterlanaren arabera, eraldaketa hori energia-iturri berriztagarrietan oinarrituko da, neurri handi batean.

 

Bigarren joera ibilgailu autonomoarena da. Baliteke hori izatea ikusmin gehien pizten duen ezaugarria eta baita ere beranduen iritsiko dena. Txostenak dio 2023an irtengo direla merkatura 4. mailako lehen auto autonomoak. Maila horretan sartzen dira eremu zehatz batean autonomoki zirkulatzeko gai diren ibilgailuak (auto erabat autonomoak 5. mailakoak izango lirateke). Halere, berrikuntza hori erregulatzeko dugun gaitasunak baldintzatuko du horrelako autoen zabalkundea, eta ez hainbeste garapen teknologikoak.

 

Bestalde, datozen urteetan ez ditugu izango hainbeste auto jabetzan, eta erabiltzeagatik ordaintzen hasiko gara. Gaur egun, Europan autoz egiten diren joan-etorri guztien %1 baino gutxiago dira garraio partekatuko zerbitzuak. Baina 2030ean portzentaje hori kilometraje osoaren %35eraino iritsi liteke Europan, %34raino Estatu Batuetan, eta %46raino Txinan. Garraio partekatuko zerbitzua estuki lotuta egongo da auto autonomoen erabilera gero eta handiagoarekin.

 

Gauzen Interneta iritsi da automobilgintza sektorera, eta datozen hamarkadetan are gehiago zabalduko da, hiru arlotako konektagarritasuna barne hartuz: ibilgailu artekoa, garraio azpiegiturekikoa, eta auto barruko bidaiarien eta kanpoko munduaren artekoa. Five trends transforming the automotive industry txostenak dio horri esker posible izango dela era guztietako zerbitzuak baliatzea joan-etorrietan.

 

Azken joera da ibilgailuen eguneratze-zikloak izugarri murriztuko direla. Berrikuntza teknologikoak oso azkar agertzen dira, aldiz, autoen ohiko berritze-zikloak 5 eta 8 urte bitartekoak dira une honetan. Fabrikatzaileek urteroko zikloak eskainiko dituzte, baina batez ere auto partekatuen merkatura zuzenduta egongo dira, zeren jabe partikular gehienak ez baitira prest egongo autoak hain azkar aldatzeko. Gainera, auto autonomo eta partekatuen parkea askoz gehiago erabiliko da eta, beraz, maizago ordezkatu beharko dira ibilgailu horiek.

 

Azkenik, PwC aholkularitzak azpimarratu du eraldaketa horrek automobilgintzaren industriako negozio-eredua aldatuko duela. Ez da nahikoa izango produkzioaz eta salmentaz arduratzea, autoaren balio-katea bizitza baliagarri osora zabalduko baita.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow