Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 21 maiatza, 2021 Digitalizazioa Industria adimenduna Smart Industry Programa

MondragonLinguak bere itzulpen zerbitzuak indartu ditu Adimen Artifizialari esker

I+Gren alde egindako apustuari eta adimen artifizialean oinarritutako soluzioen garapenari esker, teknologiaren abangoardian kokatu da MondragonLingua, zerbitzu-eskaintza areagotuz eta gorabidean dauden esparruetara negozioa zabalduz, hala nola, ikus-entzunezko sektorera

 

MondragonLingua Arrasaten sortu zen, 1981ean. Geroztik, hizkuntza-zerbitzu aurreratuak eskaintzen ditu prestakuntzaren eta itzulpen eta komunikazio eleaniztunaren arloetan. 40 urtetik gora daramatza hizkuntza-zerbitzuetako espezialista izaten eta enpresek eta erakundeek itzulpenaren, lokalizazioaren, interpretazioaren eta terminologia- eta eduki-kudeaketaren eremuan dituzten beharrei erantzuna ematen.

 

2008ko krisiaren ondoren, teknologiaren aldeko apustua egin zuen MondragonLinguak, eskainitako itzulpen-zerbitzuak eraldatzeko eta areagotzeko xedez. Horretarako, 2011n,  I+G estrategia bat garatzen hasi zen, ISEA S.COOP.-ekin batera, bere zerbitzu-zorroa indartu eta dibertsifikatzeko eta hizkuntza-teknologietako azken aurrerapenak barneratzeko.

 

Hausnarketa estrategiko horren ondorioz, PLATA proiektua sortu zen 2012an, GAITEK programaren bidez finantzatu zena. Proiektu horretan, MondragonLinguak albisteak eta dokumentazio teknikoa automatikoki itzultzeko plataforma bat garatu zuen Vicomtech zentroarekin elkarlanean. Proiektuak, gainera, EiTBren eta IBMren laguntza izan zuen. Itzulpen automatikoko plataforma hori gaur egungo MondragonLinguako itzulpen-zerbitzuei euskarria ematen dien ekosistema teknologikoaren hazia izan zen.

 

Geroztik, itzulpengintza eta komunikazioko teknologia berriak garatzen eta egokitzen aritu da Mondragonlingua, bere bazkide teknologiko estrategikoa den Vicomtech zentroarekin batera. Ibilbide horretan, MODELAren garapena izan da mugarri nagusietako bat. Goi-kalitatezko lehenengo euskara-itzultzaile automatiko neuronala da MODELA, ELKARTEK programaren baitan garatutakoa eta gaur egun LinguaEus markaren pean merkaturatzen dena.

 

Gainera, adimen artifizialeko teknologiak garatzeari eta erabiltzeari esker, hizkuntza askotarako itzulpen automatikoko zenbait sistema ere garatu ditu MondragonLinguak. “Itzulpen automatiko neuronaleko teknologiek gure irismenetik kanpo zeuden hainbat bezero eskuratzeko aukera eman digute”, adierazi du Ane Ruiz de Zaratek, MondragonLinguako Itzulpen eta Komunikazio Dibisioko zuzendariak.

 

Itzulpen neuronaleko sistemek kalitate-alorrean emandako jauzi kualitatiboak nabarmen handitu du itzulpen-proiektuen produktibitatea. “Orain, kalitate handiarekin aurre-itzulitako  dokumentu batetatik abiatu gaitezke, eta zuzenketa behar duten esaldiak soilik aldatu. Gainera, bezeroek eskatzen dituzten kalitate-maila desberdinetara egokitu gaitezke”, adierazi du Anek. Dena den, gainditu beharreko hainbat erronka teknologiko geratzen dira oraindik ere eta MondragonLingua lan nabarmena egiten ari da arlo horretan. Besteak beste, HAZITEK programaren esparruan, hiru proiektutan parte hartzen ari da Vicomtech zentroarekin batera.

 

Lehenengoa, COMETA, duela gutxi amaitu da, eta komunikazio tekniko eleaniztunerako itzulpen automatiko neuronaleko sistemak garatzea zuen helburu. Oso proiektu garrantzitsua izan da MondragonLinguarentzat, industria-sektorerako diseinatuta dagoelako, MondragonLinguaren espezializazio-sektore nagusietako baterako, alegia. Proiektuan, halaber, Orona, Irizar edo Grupo Danobat enpresek esku hartu dute.

 

Bigarrena, ITAI proiektua, bukatzear dago (garapeneko azken urtean dago jada) eta itzulpen automatiko neuronalerako etengabeko ikaskuntza-sistema bat garatzea eta integratzea du helburu. ITAIren bitartez, itzulpen automatiko neuronaleko sistemetan jauzi kualitatibo berri bat ematea bilatzen da, itzultzaileek egindako zuzenketekin sistemak etengabe hobetuz.

 

Hirugarrena, iASSIST proiektua da, SPCk enpresa-partzuergo zabal baten lankidetzarekin zuzendutakoa. Proiektu horren helburua da hizkuntza-zerbitzu anitzetan in-situ sartzeko gailu adimendun bat sortu eta diseinatzea. Zerbitzu horien artean daude itzulpenak, ahots bidezko aplikazioen kontrola, bileren transkripzioak edo azpititulazio automatikoa. iASSIST proiektua MondragonLinguaren lehen urratsa da ikus-entzunezko sektorerako soluzio teknologikoak garatzeko.

 

Hurrengo urteetara begira, itzulpen automatiko neuronaleko teknologia garatzen jarraitzeko asmoa du MondragonLinguak, konpondu gabeko zenbait erronka teknologikori helduta, hala nola, itzulpen automatikoaren kalitatearen ex ante estimazioari. Horrez gain, ikus-entzunezko sektorearen aldeko apustua indartu nahi du, azpititulazio automatikoa bezalako teknologiak garatuz eta txertatuz.

Lotutako albisteak

26 apirila, 2024 Digitalizazioa
Telekomunikazioen, zibersegurtasunaren eta cloudaren arloko berritasunak erakutsiko dituzte maiatzean 130 enpresak baino gehiagok
Irakurri gehiago
26 apirila, 2024 Digitalizazioa
Kaytek, digitalizazio industriala iraultzen ari den Barakaldoko startupa
Irakurri gehiago
26 apirila, 2024 Digitalizazioa
Gastuen kontroletik hasi eta fakturen digitalizaziora arte, klik batera Sabbatic-en soluzioekin
Irakurri gehiago
24 apirila, 2024 Digitalizazioa
114 enpresak hartu dute parte Euskadiko industriaren digitalizazioa sustatzeko kongresuan
Irakurri gehiago
23 apirila, 2024 Digitalizazioa
SPRIk Hannover Messe 2024 azokan dauden Euskadiko enpresei lagunduko die
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak