Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 27 maiatza, 2019 Digitalizazioa Industria adimenduna Smart Industry Programa

EuskoDatak langileen ordutegia kontrolatzeko konponbideak eskaintzen dizkie euskal enpresei

Konpainia donostiarrak enpresen kudeaketarako hardwarea eta softwarea garatzen eta ezartzen du

 

Konpainia donostiarrak enpresen kudeaketarako hardwarea eta softwarea garatzen eta ezartzen du

 

EuskoData 1985ean sortu zen, enpresen kudeaketarako neurrira eginiko hardware eta software konponbideak eskaintzeko. 20 urtetik gorako esperientzia du langileen presentzia eta ordutegiak kontrolatzeko produktuen garapenean, eta nola oraintsu sartu den indarrean ordutegien kontrolari buruzko araudia, horrelako konponbideen izugarrizko eskaera izan du azken hilabeteotan. Lorena Vargasekin hitz egin dugu, Wolters Kluwer-ek EuskoDatan duen negozio-unitateen aholkulari komertzial eta kudeatzailearekin.

 

Nolako konponbideak garatzen dituzue EuskoDatan?

Hasieran, neurrira eginiko hardware eta software konponbideak garatzen hasi ginen, esaterako, kudeaketa programak – ERPak, nominak eta kontabilitatea kalkulatzeko programak, e.a. Teknologiak garatu ahala, enpresen premiei egokitzen joan gara, dela konponbide propioak sortuz, dela beste fabrikatzaile batzuen (haien partner zertifikatuak baikara) konponbideak banatuz.

 

Softwareari dagokionez, hainbat negozio-ildo dauzkagu, horietako bat da aholkularitzentzako konponbideak eta profesionalen bulegoen kudeaketarako tresnak eskaintzen dituena. Beste batek enpresentzako ERP eta CRMak eskaintzen ditu, eta hori osatzeko neurrira eginiko garapenak eta askotariko cloud konponbide nahiz aplikazioak dauzkagu. Eta azkena da lanaren eta giza baliabideen kudeaketa lantzen duen arloa. Eremu horren barruan badauzkagu nominen kudeaketarako, presentzia kontrolatzeko moduluetarako eta Giza Baliabideen plangintzarako tresnak.

 

Eta, bestalde, gure konponbide guztien salmenta ondorengo euskarria eskaintzen dugu. Aholkulari zertifikatuak dauzkagu gure bezeroen neurrira eginiko konponbideak ezartzeko eta, behin instalatuta daudenean, salmenta ondorengo sailak dauzkagu sor litezkeen premiei edo kontsultei erantzuteko. Gaur egun 25 langile ditugu, horietatik 5 iaz hasi zirelarik gurekin lanean. Donostiako Zuatzu Enpresa Parkean daukagu egoitza, baina baditugu aholkulariak Nafarroan eta Bizkaian ere. Zerbitzu ematen diegu Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Errioxako enpresei.

 

4.0 Industriako zein teknologia gorakor aplikatzen duzue zuen konponbideetan?

Joera berrien aplikazio praktikoa da garrantzitsuena. Gure I+G-ko departamenduak bezeroen negozio-prozesuak hobetzeko lan egiten du. Oso sentsibilizatuta gaude zibersegurtasunarekin eta sistemen babesarekin, eta saiatzen gara jarraibideak ematen informazio guztia ongi gordeta egon dadin.

 

Bestalde, edozein enpresarentzat funtsezkoa da datuen balioa eta garrantzia, negozioari balioa eman diezaioketen erabaki egokiagoak hartzeko. Horregatik, datuen analisirako tresnak erabiltzen ditugu, adibidez, aginte koadroak. Orobat badauzkagu giza-baliabideen arloko aplikazioak, adimen artifiziala erabiltzen dutenak (hau da, “ikasi” egiten dute) eta erabakiak har ditzaketenak hainbat parametrotan oinarrituta. Adibidez, pertsona batek baja hartzen badu, gure plangintzarako softwareak automatikoki proposatzen du bera ordezkatzeko hautagai egokiena. Horrelako tresna batek balio handia ematen die bolumen handiko enpresei edo hainbat lantegi dituztenei.

 

Langileen ordutegia kontrolatzeko konponbideena da zuen negozio-nitxo tradizionaletako bat. Nolako tresnak garatzen dituzue arlo horretan?

20 urte daramatzagu presentzia kontrolatzeko konponbideak ezartzen, baina orain arte lan-bolumen handiko enpresak izan dira gure bezeroak, batik bat industriak. Gizarte-babeserako eta Lanaldian Lan-prekarietatearen kontra Borrokatzeko Presazko Neurrien martxoaren 8ko 8/2019 Errege-Lege Dekretua indarrean sartu denetik, enpresa guztiek nahitaez kontrolatu behar dute beren langileen lanaldia. Askok paperezko erregistroak baino ez zituzten. Guk teknologia hartzen dugu oinarri kontrol hori ahalik eta modu sinpleenean egiteko. Badugu oso oinarrizkoa den aplikazio bat, enpresa txikientzat ere balio duena, zeinari esker posible baita lanaldia eta noiz fitxatzen den kontrolatzea hainbat metodoren bidez: hatz-markak, ordulari adimendunak, txartelak, app-ak, estekak, e.a.  Wolters Kluwer-en konponbide bat da, edozein kolektibotara egokitu daitekeena eta oso azkar eta erraz instalatzen dena. Gaur egun dugun teknologiarekin guztiz zentzugabea da paperezko erregistroa izatea, 4 urtez gorde behar delako eta erregistro bizia delako, hau da, egunerokoa. Beraz, papera ez da sistema egokiena. Aukera hobea da sistema digital bat edo software bat izatea.

 

Lege-betebeharraz gain, zein onura eskaintzen dizkio enpresa bati ordutegia kontrolatzeko sistema ezartzeak?

Dekretu hau aukera ona izan liteke enpresetan denboraren kudeaketa-prozedura bat sortzeko edo dagoena hobetzeko, eta hainbat zalantza argitzeko: badugu ordutegi-sistema argi eta definitu bat? Aplikatzen ditugu ordutegia malgutzeko neurriak? Egungo lan-eredua gero eta malguagoa da langileen testuinguru pertsonal desberdinetara egokitu ahal izateko eta, horrela, familiako eta laneko bizitza hobeto bateratzeko.  Presentzia kontrolatzeko tresna berriei esker, nahi adina ordutegi sar ditzakegu eta langile bakoitzaren premia partikularrei egokitu. Gainera, langileak bere markei eta sartu dituen orduei buruzko informazio guztia eskura dezake, nahi duenean eta nahi duen tokian kontsultatzeko. Funtsean, dena da gardenago eta malguago eta datu gehiago dago ustiatzeko.

 

8/2019 Errege-lege Dekretua indarrean sartu berri den honetan, nola erreakzionatu dute enpresek?

Enpresen eskaera izugarri hazi da. Apirilaz geroztik hainbat hitzaldi eman ditugu, bezeroei araudi aldaketari buruzko lehen eskuko informazioa emateko. Enpresa batzuen artean ezjakintasun handia dago gai honi buruz, araua ez delako batere zehatza eta konpainia bakoitzak bere kasu partikularra landu behar duelako. Adibidez, galdetu digute nola fitxatu behar duen Seychelles uharteetan arrantzan dagoen marinel batek, edo bulegotik kanpo dagoen komertzial batek edo kirol behatzaile batek. Zehaztu gabeko kasu desberdin asko daude eta ez dakigu zein tratamendu emango zaien kolektibo horiei. Epaiak ateratzen diren neurrian sortuko da jokabide-gidaliburua.

 

Zeintzuk dira EuskoDataren etorkizuneko erronkak?

Gure etorkizuneko erronka da bezeroei laguntzen jarraitzea orain arte bezala, hurbiltasunez eta dedikazioz, beren negozio-prozesuak hobetu ditzaten teknologia oinarritzat harturik. Horixe da 1985etik hona egin duguna.

Lotutako albisteak

26 apirila, 2024 Digitalizazioa
Telekomunikazioen, zibersegurtasunaren eta cloudaren arloko berritasunak erakutsiko dituzte maiatzean 130 enpresak baino gehiagok
Irakurri gehiago
26 apirila, 2024 Digitalizazioa
Kaytek, digitalizazio industriala iraultzen ari den Barakaldoko startupa
Irakurri gehiago
26 apirila, 2024 Digitalizazioa
Gastuen kontroletik hasi eta fakturen digitalizaziora arte, klik batera Sabbatic-en soluzioekin
Irakurri gehiago
24 apirila, 2024 Digitalizazioa
114 enpresak hartu dute parte Euskadiko industriaren digitalizazioa sustatzeko kongresuan
Irakurri gehiago
23 apirila, 2024 Digitalizazioa
SPRIk Hannover Messe 2024 azokan dauden Euskadiko enpresei lagunduko die
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak