Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 22 otsaila, 2022 Digitalizazioa Enpresa Zibersegurtazuna programa

Bellota, mundu mailako liderra nekazaritzarako eskuko erremintetan eta ordezko piezetan, bete-betean murgildu da eraldaketa digitalean

SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialerako programaren laguntza jaso duen enpresa honek 110 milioi euro fakturatzen ditu urtean eskuko erremintaren negozioan
Juan José Salegui, Bellota enpresako Giza Baliabideetako zuzendaria.

Bellota euskal enpresa liderra da bi merkatu-nitxotan: eskuko erremintaren diseinu eta fabrikazioan, eta lurra prestatzeko nekazaritzako konponbide eta ordezko piezetan. Enpresa horrek SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialerako programaren laguntza bat jaso du. Duela hiru urtetik hona, Basque Cybersecurity Centre-k (BCSC) sustatzen du zibersegurtasunaren euskal ekosistema eta, beraz, baita ere laguntza ekonomikoak banatzen dituen programa hau.

Enpresaren lantegi nagusia Legazpin dago, eta 1908an sortu zen eskuko erremintak fabrikatzeko Patricio Echevarriaren ekimenez. “Eskualde hau burdinaren harana da, hemen beti egon dira burdinolak, eta betidanik fabrikatu izan dira burdinazko lanabesak. Enpresaren fundatzaileak industrializatu egin zuen jarduera hura” dakar gogora Juan José Saleguik, Bellota enpresako Giza Baliabideetako zuzendariak.

Fundatzailea beti egon zen bezeroengandik hurbil: “herriz herri ibiltzen zen, eta artisauek egiten zituzten produktuak industrializatu zituen. Ikusi zuen bazegoela nekazaritzako lanabesen eskaera, eta sektore horretarako konponbideak egiten hasi zen”.

Bellotak (haritzaren fruituak, hots, ezkurrak ematen dio izena, eta bereziki aukeratu zuten izen hori enpresak eskaintzen dituen tresnen kalitatea, gogortasuna eta erresistentzia irudikatzeko) eboluzionatu egin du denborarekin, urte askotako (114) historia duten enpresa guztiek bezala. Mendearen erdialdera altzairu lantegi bat jarri zuen martxan, “horrek izen handia eman ziolarik Bellotari”, eta 80ko hamarkadan erreminten fabrikazioko negozioan zentratu zen.

Hurrengo mugarria 2005ean iritsi zen, nekazaritzako erremintaren negozio-nitxoa nazioartean zabaldu zenean, eta hala, lantegi bana muntatu zuten Indian, AEBetan eta Brasilen.  Eboluzioaren laugarren fasea 2014an abiatu zen, familiak jabetza utzi eta Kanadako talde batek (Venanpri) enpresa erosi zuenean. “Beste negozio-ikuspegi bat ekarri zuten, eta baita ere inbertsio-gaitasun handiagoa, bai eskuko erremintetarako eta  bai nekazaritzako ordezko piezetarako”.

Bi sektore

Enpresak bi sektorerentzat egiten du lan, eskuko erremintentzat eta lurra prestatzeko tresnentzako ordezko piezentzat. Lehenengoa eraikuntzara eta nekazaritzara bideratzen da, % 70a profesionalei zuzenduta dago eta gainerako % 30a partikularrei. Bigarrena bezero profesionalei bakarrik zuzentzen zaie.

Produktu garrantzitsuenak dira eraikuntzarako palak, nekazaritzarako aitzurrak edo zerrak eta landareak kimatzeko guraizeak, “eta orain tresna elektrikoak fabrikatzen hasi gara. Eskuko erreminten arloan produktuen 4.000  erreferentzia dauzkagu. Kalitate onekoak eta prestazio handikoak dira, hori beti izan da gure markaren ezaugarria”.

Enpresak 1.500 pertsona inguru ditu plantillan eta bere urteko fakturazioa 260 milioi eurokoa da, horietatik 110 milioi eskuko erreminten negoziotik datozelarik. “Berrikuntza sartu dugu prozesu industrialen automatizazioan eta nekazaritzarako ordezko piezen arloan, eta 14 langileko I+G-ko sail bat daukagu”. Eskuko erremintek gero eta osagai berritzaile gehiago dituzte, “ez soilik produktuan, baita ere materialetan eta ergonomian. 12 patente dauzkagu”.

Enpresak kimatzeko guraize elektrikoak eskaintzen ditu, eta baita ere nekazaritzako lanak izugarri errazten dituzten mini motozerra elektrikoak.

14 lantegi ditu lau kontinentetan

Espainian liderra da eraikuntza, nekazaritza eta industriarako eskuko erremintaren sektorean, eta mundu mailako liderra ere bai lurra prestatzeko nekazaritzako konponbideen eta ordezko piezen arloan. Taldeak 14 lantegi ditu lau kontinentetan, eta bezeroak ditu 120 herrialdetan.

Eskuko erreminten esportazioak % 30ekoak dira (% 20 Europara), eta nekazaritzako ordezko piezenak % 80koak.

SPRI Taldeak emandako zibersegurtasunerako laguntza 2024ra arteko ekintza-planaren garapenera bideratu da. Zehazki, hondamendiei aurre egiteko planaren diagnostikora, sarearen segmentaziora eta prozeduren hobekuntzara. “Ekintza horiek gauzatuta daude jadanik, eta oso pozik gaude SPRIren laguntzarekin”.

Etorkizuneko erronketako batzuk dira 4.0 Industria eta jasangarritasuna, eta baita ere eskuko erreminten katalogoa handitzea, azken urteetako hazkundea mantentzea eta presentzia handiagoa lortzea atzerriko merkatuetan. “Eraldaketa digitalari ere ekin nahi diogu, ez bakarrik prozesuen esparruan, baita ere pertsonen arloan”.

Lotutako albisteak

6 maiatza, 2024 Digitalizazioa
BAICek Euskadiko Adimen Artifizial Aplikatuaren lehen kongresua egingo du maiatzaren 15ean
Irakurri gehiago
3 maiatza, 2024 Digitalizazioa
SPRI taldeak merkataritza elektronikoari buruzko sei jardunaldi antolatu ditu
Irakurri gehiago
26 apirila, 2024 Digitalizazioa
Telekomunikazioen, zibersegurtasunaren eta cloudaren arloko berritasunak erakutsiko dituzte maiatzean 130 enpresak baino gehiagok
Irakurri gehiago
26 apirila, 2024 Digitalizazioa
Kaytek, digitalizazio industriala iraultzen ari den Barakaldoko startupa
Irakurri gehiago
26 apirila, 2024 Digitalizazioa
Gastuen kontroletik hasi eta fakturen digitalizaziora arte, klik batera Sabbatic-en soluzioekin
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak