Mera Medical Solutions-ek jaso du Nazioartekotza Babesa Saria
ScrapAd eta ALFA enpresa eibartarrek ere saria jaso dute
Onena Medicines —‘Enpresa Asmoak’ kategorian— eta Biotech Foods —‘Enpresa Berria’ kategorian— izan dira ekimen irabazleak gaur goizean Eibarren eman diren Toribio Echevarria sarien – Euskadiko Ekintzailetza Berritzailearen sarien 30. edizioan. Osasunaren eta elikaduraren sektoreetan lan egiten duten bi proiektuak izan dira sariak banatzeko ekitaldiaren protagonistak. Mera Medical Solutions enpresari, berriz, Nazioartekotza Babesa saria eman diote. Era berean, Scrapad-ek ‘Eibarresa Enpresa’ sari berezia eskuratu du eta aurten ehun urte betetzen dituen Alfa enpresak “Iñaki Goenaga” aintzatespena jaso du.
Toribio Echevarria Sariak Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak (SPRI Taldea) sustatzen dituzte pertsona ekintzaileen lana saritzeko, eta ekintzailetza berritzailea eta enpresa-proiektu berrien sorrera sustatzeko. Sarien edizio honek enpresa-ekimenen inguruko 38 hautagai jaso ditu bio/osasunaren, industriaren/jasangarritasunaren, fabrikazio aurreratuaren eta IKTen sektoreetatik.
Lehiaketa hau abian jarri zenetik, 640 enpresa-ideia eta -proiektu baino gehiago aztertu dituzte. Aurreko edizioetan saritutako proiektuek 40 milioi euro inguru inbertitu dituzte, 800 lanpostu baino gehiago sortuz; gehienak goi-mailako kualifikaziokoak.
Aurtengo edizioan, Onena Medicines-ek irabazi du ‘Enpresa Asmoak’ kategorian; eta Biotech Foods-ek ‘Enpresa Berria’ kategorian. Mera Medical Solutions-ek jaso du ‘Nazioartekotza Babesa’ Saria. Horretaz gain, Eibarko Udalak ‘Eibarresa Enpresa’ sari berezia ScrapAD enpresari eman dio, enpresa-garapenarekin eta enpleguarekin duen konpromisoagatik; eta ‘Iñaki Goenaga’ aintzatespena Alfa etxeak jaso du. Enpresa horrek, aurten, bere mendeurrena ospatzen du.
‘Enpresa Asmoak’ eta ‘Enpresa Berria’ kategoriek 10.500 euroko saria, eta laguntza, prestakuntza eta aholkularitzako hainbat programatan parte hartzeko aukera ematen dute. Nazioartekotza Babesa saria jaso duen enpresak ere dirulaguntzak izango ditu eta bere garapen-prozesuari beste herrialde batzuetan ekiteko aholkularitza jasoko du. ‘Eibarresa Enpresa’ sari bereziak 10.500 euroko saria du eta, BIC Gipuzkoaren bitartez, prestakuntza espezializatua jasotzeko aukera ematen du.
Ekitaldian Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano, Eibarko jarduneko alkate Alberto Albistegui eta SPRI Taldeko zuzendari nagusi Aitor Urzelai egon dira. Euren hitzaldietan guztiek azpimarratu dute jarduera-esparru berriak garatzeko apustua egiten duten enpresa-proiektu berritzaileak bultzatzeak duen garrantzia, bizitzen ari garen une honetan bereziki.
Ekitaldian ere ’Un eibarrés extraordinario: Toribio Echevarria (1887-1968)’ liburua egin duen Pedro Berriochoa idazleak hartu du parte. Pedrok Toribio Echevarriaren nortasunari eta honek kultura-, ekonomia- eta gizarte-garapenaren inguruan egin zituen ekarpenei buruzko hainbat alderdi interesgarri gogoratu ditu.
Toribio Echevarria Sariak Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak bultzatzen duten ekimena da eta bertan parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak. Halaber, Gipuzkoako Bazkundeak, Elkargik, APDak, El Diario Vascok, SPRIk, eta Adegi, Cebek eta SEA enpresari-elkarteek ere hartzen dute parte bertan.
Toribio Echevarria Sarien 30. edizioko enpresa irabazleak
ENPRESA ASMOAK SARIA
‘ENPRESA BERRIA’ SARIA
NAZIOARTEKOTZA BABESA SARIA
‘eibarresa enpresa’ SARI BEREZIA
‘Iñaki Goenaga’ 2020 aintzatespena
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?