Valdemar Taldearen amets amerikarra

27 martxoa, 2018
Martinez sendia, Urkullu lehendakari eta Arantxa Tapia sailburuarekin.

Arabako konpainia horrek Washington State aukeratu du bere upategi berria eraikitzeko, “munduko eskualde garrantzitsuenetako bat izango delako mahastizaintza eta ardogintzaren sektorean”

 

Mahastizaintza eta ardogintzaren sektorea ongi errotuta dago Arabar Errioxan, eta etengabe ari da hazten. Jatorri deitura hori duten hiru botilatik bat nazioartean kokaturik dago. Bisitatxo bat egin diogu Valdemar Taldeari, ia 130 urte izanagatik gauzak txukunen egiten dituen upategietako bati. Ekiteko gogo bizia duen upategi gazte honek berriki aurkeztu ditu bere azken proiektuaren xehetasunak: upategi bat eraikiko du Estatu Batuetan 20 milioi dolarreko inbertsioa eginda. Helburua? Ardoa egitea betiko moduan, kontu handiz, luxuzko eta super-luxuzko merkatu segmentuentzat. Jesús Martínez Bujanda upategiko zuzendari nagusiak Made in Basque Country irratsaioan azaldu ditu proiektu berezi horren giltzarri batzuk.

 

Ameriketara joatekoak zarete…

Bai, abentura zoragarri bati ekin diogu. Proiektua martxan dago dagoeneko, baina ohartu ginen zaila izango zela Oiondik zuzentzea,  tamaina handiko proiektua delako eta ordu-tarte handia dagoelako bi tokien artean. Horregatik erabaki genuen senitarteko bat (kasu honetan neroni) bertara joango zela bizitzera bere familia osoarekin. Sekulako ahalegina izango da, erronka handia, baina ilusioz beteta gaude.

 

Duela egun batzuk bilera bat izan zenuten Lehendakariarekin eta Arantxa Tapiarekin –Ekonomi Garapen eta Azpiegitura sailburuarekin- Estatu Batuetako proiektuari buruz hitz egiteko… Zer kontatu zenien edo zer eskatu zizuten?

Proiektuari buruzko informazio guztia eman nahi genien zuzenean Lehendakariari eta Eusko Jaurlaritzari, eta xehetasun guztiak azaldu genizkien. Aipatu genuen modu bat bilatu behar dugula etorkizunean elkarrekin lan egiteko eta Estatu Batuetan Euskadiko produktuak sustatzeko.

 

Washington State-n gauzatuko duzue proiektua…

Upategia  Walla Walla izeneko hirian egongo da, Oregon hiritik bi miliara. Upategi asko daude gune horretan, eta geu izango gara Estatu osoan kokatuko den lehen upategi ez amerikarra. Lehendik ere 900 upategi inguru daude. Baina asko (%65 gutxi gorabehera) oso txikiak dira, eta 1.000 kaxa baino gutxiagoko produkzioak dituzte. Hau da, 12.000 botila baino gutxiago urtean. Hazten eta eboluzionatzen ari den sektore bat da, Arabar Errioxa eta Errioxa duela urte asko zeuden bezala dagoena. Gune horren aldeko apustua egin nahi dugu, uste dugulako Washington State munduko eskualde garrantzitsuenetakoa izango dela mahastizaintza eta ardogintzaren sektorean. Oraindik lan asko dago egiteko, eta horrek gehiago erakarri gaitu beste gune finkatuago batzuetan -esaterako Napa haranean- inbertitzeak baino.

 

Konparazio batera, Valdemar taldeak jatorri deitura txikiago batean finkatzea erabaki du…

Hala da, bai. Kontuan izan behar da Estatu Batuak oso handiak direla. Hain zuzen, Washington State eskualdean bertan jatorri deitura eta azpi-deitura asko daude.

 

Zenbat balioko du Valdemar botila batek Estatu Batuetan?

Gure helburua da 80 eta 100 dolar bitarteko prezioa jartzea, nahiz eta luxuzko segmentuan 50-100 bitarteko prezioetan dabiltzan, eta super-luxuzko segmentuan 100 eta 200 dolar bitartean.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow