Keynetic, Gik, Edurobotic eta Arquinea enpresek irabazi dituzte Abiatu sariak

7 martxoa, 2018
Abiatu 2018 lehiaketako irabazleak. BEAZen irudia.

 

UPV/EHUko Zitek programak bultzatzen du sariketa hori.

Abiatu sarien helburua da aitorpena egitea UPV/EHUk Bizkaian duen campusean sortutako oinarri teknologikoko enpresa gazteen lanari. Euskal Herriko Unibertsitateak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta BEAZek (Zitek programaren bitartez) antolatzen dute aurten zazpigarren edizioa bete duen Abiatu sariketa. Martxoaren 5ean jakinarazi zituzten aurtengo irabazleak: Keynetic Technologies eta Gik live enpresek irabazi dute lehen saria (5.000 euro), eta Arquinea estudioak eta Edurobotic enpresak bigarrena (2.500 euro).

 

Keynetic Technologies spin-off bat da, UPV/EHUko Ingeniaritza Telematikoko Ikerketa Taldetik sortua. Jon Matías eta Jokin Garay telekomunikazioko ingeniariek bultzatutako proiektu horrek software bidez definitutako sareetan oinarritutako zibersegurtasun konponbideak garatzen ditu. Gik live izan da lehen saria irabazi duen beste startupa. Enpresa horrek ardoaren mundua astindu duen edari alkoholdun bat sortu du, kolore urdinekoa eta Espainiako eskualde desberdinetako mahatsez egina. Ekintzaile, ingeniari, diseinatzaile eta komunikatzaile gaztez osatutako lantalde bat dago Gik enpresaren atzean. UPV/EHUko ingeniaritza fakultatearekin eta beste hainbat enpresarekin lan egin dute “ardo urdina” garatzeko, eta dagoeneko 25 herrialdetan merkaturatu dute beren produktua.

 

Abiatu lehiaketako bigarren saria Arquinea estudioarentzat eta Edurobotic proiektuarentzat izan da. Arquineak diziplina anitzeko arkitektura- eta diseinu-lanak egiten ditu. Edurobotic-ek tailer eta jarduera hezitzaileak antolatzen ditu Scratch, Lego Wedo, mOway eta Arduino bezalako tresnak erabiliz, neska-mutilek robotika eta programazioa ikas dezaten.

 

Zitek UPV/EHUren laguntza-programa bat da, Bizkaiko campuseko unibertsitate-komunitate osoari zuzendua dagoena (ikasleak, titulatuak, irakasleak, ikerlariak eta administrazioko langileak). Ekimen horren helburu nagusia da oinarri teknologikoko enpresa berritzaileen sorkuntza bultzatzea, unibertsitatean sortzen den ezagutza transferitzeko. Eta horretarako jasotzen ditu BEAZen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza eta FEDER, Eskualdeen Garapenerako Europako Funtsaren finantzaketa.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow