“Fabrikazio gehigarriak dagoeneko badu gaitasuna industriarako eskakizun handiko konponbideak eskaintzeko”

1 martxoa, 2018

 

Gorka Fernández, Mizar Additive Manufacturing enpresako zuzendari teknikoa.

Mizar askotariko osagai pertsonalizatuen diseinuan eta produkzioan espezializatutako enpresa bat da, fabrikazio gehigarriko teknologiak darabiltzana. Arabako Teknologi Parkean kokatua, Alcor Taldearen barruan dago, eta Bind 4.0 programaren bigarren edizioan aukeratutako startupetako izan da. Azeleragailu horren barruan proiektu bat bultzatzen ari da, fabrikazio gehigarria txertatzeko Maier enpresaren prozesuetan.

 

Zer egiten du Mizar Additive Manufacturing enpresak?

 

Mizar enpresa 2014an sortu zen, lau pertsona elkartu ginenean helburu honekin: 3D fabrikazioaren industrializazioan zentratutako enpresa bat sortzea, atzean utziz 3D inprimaketari lotutako prototipatzea, teknologia hori maila industrialera eramateko. Aplikazioak eta zerbitzuak garatzen ditugu sektore aeroespazialerako, osasun arloko industriarako eta balio handiko eremu industrialetarako, hala nola, injekziorako, automoziorako edo galdategietarako.

 

Eta fabrikazio gehigarriaren munduan, zein da gainerakoengandik bereizten zaituzten balioa?

 

Gaur egun, fabrikazio gehigarriaren boom bat dago eta enpresa asko daude interesatuta, 4.0 iraultza industrialaren barruko garapen teknologikoetako bat delako. Guk aholku ematen diegu, esaten diegu non aplikatu dezaketen teknologia hori beren merkatu-nitxoa hobetzeko eta non ez duen merezi saiakerarik ere egitea, ez dutelako inolako errendimendurik aterako. Fabrikazio gehigarriaren barruan hainbat teknologia daude, eta guk horietako bost ditugu, portzentaje oso altua alegia. Geure makina-parkea baliatzen dugu bezeroari gomendatzeko zein den bere premiei ongien egokitzen dena.

 

Bind 4.0 programan parte hartzen ari zarete, eta programa horren barruan baduzue proiektu bat piezak fabrikatzen dituen Maier enpresarekin. Zertan datza proiektu hori?

 

Maier enpresak balio estetiko handiko plastikozko piezak fabrikatzen ditu eta aholkularitza-prozesu bat garatzen ari gara eurekin. Enpresaren instalazioetara joan ginen ikusteko non aplikatu zitekeen fabrikazio gehigarria hobekuntza-portzentaje handi bat eskuratzeko, hau da, esan genien non komeni den teknologia hori aplikatzea abantailak lortzeko eta non ez. Gure helburua beti da bezeroak –kasu honetan Maier- lehenbizi teknologiari buruz ikas dezala, eta ondoren konponbide eraginkorrak proposatzea bere arazoentzat.

 

Zein puntutan dago proiektua?

 

Behin aztertu ondoren zeintzuk diren Maier enpresaren premiak, ikusi genuen zein prozesutan aplika zitekeen fabrikazio gehigarria eta arrakasta-portzentajea neurtu genuen. Zenbait proposamenetan argi ikusi genuen teknologia hori aplikatzeak abantaila handiak ekarriko zituela; beste batzuetan, berriz, ez dakar inolako abantailarik, eta are gehiago, baliteke garestiago izatea kostu- eta eraginkortasun-balantzean. Garrantzitsua da hori guztia ahalik eta azkarren detektatzea, arrakasta-portzentaje handieneko aplikazioetan zentratzeko. Dagoeneko dezente detektatu ditugu, beraz, aplikazio horiek guztiz garatzea izango da hemendik aurrerako helburua.

 

Mizar enpresa hazkunde-prozesu betean dago, langile berriak hartu dituzue eta kokalekuz aldatu zarete. Zeintzuk dira zuen erronka garrantzitsuenak?

 

Aurreikuspen handiak ditugu 2018rako. Gure lehen erronka da existitzen ez den eta urratsez urrats sortzen ari garen merkatu batean sartzea. Gaur egun, garapen eta diseinu arloetako lana fabrikazio-prozesu ezagunagoetara bideraturik dago. Ahalegintzen gara jendeari ikusarazten fabrikazio gehigarriak hainbat aukera dituela sektore desberdinetan, enpresak konponbide bila hastean ohartu daitezen fabrikazio gehigarria beste fabrikazio prozesu bat dela. Dena ezin da fabrikatu 3D teknologiarekin, baina esan liteke dagoeneko joko-zelaian dagoela. Erronkatzat daukagu industriari eta, batez ere, guretzat espezializazio-gune diren sektoreei (medikuntza, aeronautika eta balio handiko enpresa industrialak) erakustea zer den fabrikazio gehigarria eta nolako aukerak dakartzan, eta orobat ulertaraztea teknologia serioa dela, gai dena eskakizun handiko merkatu desberdinei konponbideak eskaintzeko.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow