Beitxu Studios eta Deustuko Salestarrek simulagailu bat garatu dute kontrol numerikoko makinak erabiltzeko

14 maiatza, 2018
Deustuko Salestarren Gela Birtualaren irudia

BIEMH ekitaldiaren hurrengo ediziora doazenek esperientzia horren demo bat probatu ahal izango dute Fagor enpresaren standean

 

Errealitate birtuala gero eta garrantzitsuagoa da sektore askotan, hala nola turismoan, arkitekturan, komunikazioan, hezkuntzan, osasunean edota industrian. Eta gero eta aukera handiagoak eskaintzen ditu prestakuntzan, osasun tratamenduetan edo tratamendu kongnitiboetan eta aisialdirako eskaintzan. Bestalde, 4.0 Industriarekin erlazionaturik dago, hainbat esperientzia sortu baitira makinen edo tresnen erabilpenari buruzko prestakuntza emateko, larrialdi planak simulatzeko edota, besteak beste, produkzio lantegiak birtualki birsortzeko.

 

Beitxu Studios startupa Bizkaian sortu zen 2016ko urrian; neurrira eginiko komunikazioa garatzen duen estudio bat da, eta teknologia berrienak darabiltza horretarako. Apustu sendoa egin du errealitate birtualaren alde, “puntakoena delako eta aukera ematen digulako sektore askotan komunikazioa optimizatzeko, adibidez, turismoan, diseinuan, eraikuntzan, prestakuntzan, hezkuntzan, osasunean edota industrian” dio Iurgi Bilbaok, enpresako zuzendari nagusiak.

 

Beren hasierako proiektuetan hainbat esperientzia birsortu zituzten CNC tornu bat erabili, trokel bat muntatu eta garabi bati lotzeko. “Badugu mekanizatu birtualeko tailer bat, Machinning VR, non esperientzia sinpleak sortzen baititugu errealitate birtualaren gaitasunak erakusteko” gogorarazi du Bilbaok. Lehen proiektu horrek Deustuko Salestarren interesa piztu zuen, eta momentu honetan lau hilabete daramatzate elkarrekin lanean, prestakuntzarako tresna berri bat sortzeko. “Deustuko Salestarren ikastetxeko Fabrikazio Mekanikoko Diseinu irakaslearen jarraibideei esker, errealitate birtualeko simulagailu bat garatu dugu, non ikasleek aukera baitute askotariko ariketak egiteko, adibidez, zero makina eta zero pieza bilatu ditzakete kontrol numerikoko makina batean.  Simulazioak ikasgela bera birtualizatzen du. Hala, ikasleak eurena bezalakoxe ikasgela batean sartzen dira errealitate birtualeko betaurrekoak janzten dituztenean (espazioa, mahaiak, aulkiak, e.a.). Gero, irakaslearen mahaira joan behar dute egin nahi duten ariketa aukeratzeko. Ariketa hori egiteko erabiliko duten makina birtuala ere gelan egongo da” azaldu du Beitxu Studios enpresako zuzendari nagusiak.

 

Iurgi Bilbaok azpimarratu du simulagailu hau erabiltzeak hainbat abantaila dakartzala: “Batetik, makina erabiltzen ikasten dute akatsik egiteko edo matxurarik eragiteko arriskurik gabe. Bestetik, plataformak badu tutorial bat, ariketa nola egin behar den azaltzen duena, ahots batek ematen dituen eta pantailan ere ageri diren jarraibideekin (euskaraz eta gaztelaniaz). Ikasleak urratsak jarraitu besterik ez du egin behar”.

 

Tresna horrek badu beste abantaila bat, ikasleek askoz modu ludikoagoan ikasten baitute makinen funtzionamendua: “Irakaslea oso pozik dago, plataforma oso eraginkorra delako irakasteko eta ikasleek errazago memorizatzen dutelako informazioa. Ez da gauza bera liburu bat irakurri eta handik ikastea, edo esperientzia bizitzea. Ikasleak oso motibatuta eta gogotsu daude egunero eskolara etortzeko eta errealitate birtualarekin esperimentatzen jarraitzeko”.

 

Beitxu Studios eta Deustuko Salestarrek elkarrekin lanean jarraitu nahi dute aurrerantzean ere errealitate birtualarekin lotutako prestakuntzarako konponbide berriak garatzeko, ariketa berriak sortuz edo beste aparatu batzuen funtzionamendua simulatuz. BIEMH ekitaldiaren hurrengo ediziora doazenek esperientzia horren demo bat probatu ahal izango dute Fagor enpresaren standean. Bilboko ikastetxearekin garatutako esperientziaz gain, startup horrek eskuartean ditu beste proiektu batzuk, makina-erremintaren fabrikazioan diharduten enpresei zuzenduak, makinen erabilerarako ikastaro birtualak garatzeko.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow