geolokalizazio

Gailu baten (telefono mugikorra, Internetera konektatutako ordenagailua, radarra...) posizio geografiko erreala ezagutzeko gai den softwarea, edo sistema horren bidez objektu baten kokapen zehatza ezagutzeko ekintza. Esate batera, gailu baten IP helbidearen bidez haren kokapenaren herrialdea, hiria edo posta-kodea ezagutu daiteke. Beste bide batzuk ere erabil daitezke gailuaren kokapena zehazteko: irudien metadatuak, kreditu-txartelaren informazioa eta abar.

Posizionatze globaleko sistemarekin (GPS) lotuta badago ere, hark baino kokapen zehatzagoa eskaintzen du. Izan ere, posizionatu nahi den objektua mugitzen ari bada, GPSak haren norabideari eta abiadurari buruzko informazioa ere ematen du; geolokalizazioak, berriz, koordenatu geografikoen multzo soil bat eskaintzen du, eta, horretan, GPSa baino zehatzagoa da.

Geolokalizazioak erabilera ugari eta askotarikoak ditu. Ekologiaren alorrean, adibidez, animalien migrazioaren jarraipena egiteko erabiltzen da. Marketinean, bestalde, gailuaren kokalekuan erabilgarriak diren edo arrakasta handia duten produktuak eskaintzeko balia daiteke. Beste erabilera-eremu batzuk: ikerketa kriminala, on-lineko jokoak, hezkuntza, osasungintza, telekomunikazioak eta abar.