Topaketa hori ekainaren 21ean izango da Euskalduna Jauregian
Mentoring-a talentua garatzeko, enpresa berriak sortzeko eta enplegua sustatzeko tresna bat da. Teknika horren bidez, esperientzia aitortua duten pertsonek aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen diete profesional eta ekintzaile berriei, beren ametsak eta nahiak bete ditzaten. Metodologia hori gero eta gehiago ari da zabaltzen antolakunde eta prestakuntza zentroetan, eta mundu osoko puntako enpresetan erabiltzen da gaur egun.
Mentoring arloko azken joerak hurbiltzeko asmoz, Bilboko Udalak Bilbao Mentoring Conference topaketa antolatu du datorren ekainaren 21ean. Jardunaldia doan da, eta nazioarteko esperientzia zabala duten profesionalak bilduko ditu. Konferentziaren asmoa da ezagutzera ematea zein estrategia erabiltzen diren enpresa, ikastetxe nahiz ekintzailetza-inguruneetan talentua eta negozio-ideia berrien sorkuntza ahalbidetzeko.
Bilbao Mentoring Conference ekitaldian funtsezko bi hitzaldi eskainiko dira, bata Kent Summers-ena (tutorea Massachusetts Institute of Technology zentroko Venture Mentoring Service zerbitzuan) eta bestea Miriam Subiranarena (IDEIA, Elkarrizketa eta Arakatze Apreziatiboko Institutuko sortzailea eta nazioarteko zuzendaria). Horiez gain, jardunaldian orobat parte hartuko dute mentoringean espezializatutako beste zazpi hizlarik. Egitarauaren barruko hitzaldi eta mahai-inguruetan hizpide hartuko da nola aplikatzen diren metodologia horiek enpresa munduan, ekintzailetzan, arlo sozialean eta hezkuntzan.
Aurtengo hau Bilbao Mentoring Conference ekitaldiaren hirugarren edizioa da, eta bere helburua da aukera ematea tutore, ekintzaile eta interesatu guztiei diziplina horretako nobedadeak ezagutzeko. Topaketa hori Bilbao Ekintza erakundearen Mentoring programaren barruan sortu zen. Mentoring programak elkarrekin konektatzen ditu eskarmentu handiko profesional eta merkatari boluntarioak eta enpresa-proiektuak abiatu berri dituzten pertsonak. Hala, ekintzaile berriei aukera ematen zaie esperientziaren bidez ikasteko, ezagutza berriak barneratzeko eta sare profesional berrietan sartzeko.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?