Startup horrek Erantzukizun Sozial Korporatiboa ahalbidetzeko tresna teknologikoak garatu ditu
“Enpresa guztiek dauzkate ERP programak beren jarduna neurtzeko, baina ESKen munduan oso konponbide gutxi daude”, azaldu du Cyril Pierre-k, Aplanet enpresaren sortzaileetako batek, “mundu hori ia digitalizatu eta estandarizatu gabe dago”. Aplanet startupa duela 3 hilabete eskas sortu zen, Erantzukizun Sozialeko sail askotan detektatutako gabezia horri erantzuteko.
Lantaldearen helburua da enpresa eta antolakundeei tresna teknologikoak eskaintzea, gizartean duten inpaktua errazago kudeatu eta hobetzeko. “Zerbait egin nahi genuen gizartearentzako eta planetarentzako onurak sortzeko” dio Cyril Pierre-k “eta ikusi genuen enpresen bitartez lortu genezakeela hori, zeren nahiz eta badituzten talentu eta baliabidez hornitutako ESK sailak, tresnak falta zaizkie.
Horixe da Aplanet enpresak garatu duen produktuetako bat: aplikazio digitalen set bat, erantzukizun sozialeko estrategiak kudeatu eta gauzatzen dituena eta ziklo osoa kontuan hartzen duena. Tresna horiek baliagarri dira enpresen sostengarritasunari eta inpaktuari buruzko informazioa biltzeko, ekintza sozialak antolatzeko (esaterako, boluntariotzak edo dohaintzak), emaitzak denboran zehar neurtzeko, eta baita ere finantzazkoak ez diren txostenak sortzeko.
Aplanet proiektua berria da oso, baina lantaldeak esperientzia zabala du negozioen sorkuntzan eta azelerazioan. Bere fundatzaile Cyril Pierre Ticketbis enpresako Marketineko zuzendari izan zen, eta bere ezagutzak baliatu ditu startupa albait azkarren eskalatzeko. Gaur egun enpresak bezero ditu, besteak beste, Río de Janeiro eta Braga hiriak, Bilboko Athletic Club-a eta Benfica kluba. Aplanet enpresaren laguntzarekin, futbol talde portugaldarrak Mozambikera bidaltzeko elikagai-bilketa bat egin zuen, eta 138 tona produktu jaso zituzten.
Egoitza Bilbon daukan Aplanet startupa izan da Bizkaia International Startup Connection lehiaketaren azken edizioan aukeratutako zortzi enpresa gazteetako bat. Programa horren bidez, lantaldeak 6 hilabeteko bidaia egingo du CIC Cambridge-ra beren proiektua azeleratzeko. “Aukera paregabea da, enpresa berritzaileen gune bat delako” dio Pierre-k, “asko interesatzen zaigu hango unibertsitateekin kolaboratzea, aurrera egiteko inpaktua neurtzeko prozesuaren digitalizazioan”.
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?