Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 23 Azaroa, 2020 I+G

“Pandemiak azkarrago erabakitzera behartzen gaitu”  

2016tik, Lourdes Moreno, Bolueta Engineering enpresako zuzendari nagusia, arduratzen da zehaztapenezko mekanizatuko ingeniaritza honen kudeaketa profesionalaz
Lourdes Moreno, enpresako zuzendari nagusia,

 

Bolueta Engineering ETEa zehaztasunezko mekanizatuko ingeniaritza bat da, Lourdes Morenok, enpresako zuzendari nagusiak, bazkide indiar batekin batera erosi zuena 2016an, helburutzat harturik enpresa eraldatu, kudeatu eta handitzea. Lourdesen arabera, gauzak bide onetik badoaz ere, “oraindik asko dago egiteko”.  Eta horretantxe ari direla aitortu du SPRI Taldeak egin dion elkarrizketa honetan. Unean uneko zailtasunak gainditu behar izan ditu, eta orobat aurre egin behar izan die, emakume izanik, historikoki mekanizatuaren eta altzairuaren munduari lotua dagoen enpresa baten buruzagi bihurtzeak dakartzan estereotipoei. Buruzagitza horrek hainbat tirabira sortu zituen hasieran. Eta gauzak pixka bat baretu diren arren, deigarria izaten jarraitzen du.  Automozio eta oil&gas sektoreetan zentraturik, une honetan Boluetak 80 langile dauzka bere Bilboko egoitzan, eta atzerriko lehen enpresa erosteko aukera aztertzen ari da.

 

Zehazki zer egiten du zehaztasunezko mekanizatuko ingeniaritza batek?

Guk lantzen duguna da tresneria, konponketak eta prozesu industrial astunen mantenimendua. Metalaren industriako euskal enpresa tipikoa gara. Ongi mugitzen gara arlo horretan, baina orobat lantzen dugu materialen inguruko aholkularitza, alderantzizko ingeniaritza, tratamenduak… One stop shop bat izan nahi dugu, hau da, kokaleku bakarrean produktu edo zerbitzu asko eskaintzen dituen konpainia bat, helburutzat hartuz bezeroen premia guztiak ase ahal izatea.

 

Une honetan eraldaketa ez teknologikoko prozesu batean murgilduta zaudete, eta zuen etorkizunerako “estrategikoa” dela diozue, zergatik?

Modu sinple batean azaltzeko esango nuke 50 urteko ibilbidea duen tailer bat enpresa bihurtu nahi dugula. Orain arteko kudeaketa askoz tradizionalagoa izan da, hurbilagoa, ia familiarra. Eta kudeaketa hori profesionalizatu nahi dugu, horretarako, kudeaketako gaitasunak, adierazleak eta ezagutza digitala garatuz, erabakiak hartuz datuetan oinarrituta… Zentzu horretan, erabaki hau estrategikoa da guztiz beharrezkoa delako. Bi aukera dauzkagu, edo orain arte bezala jarraitu lanean edo hil, beste hainbat enpresari gertatu zaien bezala.

 

Nola erreakzionatu dute langileek aldaketa drastiko honen aurrean?

 Ez da izan erraza, bizitzaren beste arlo batzuetan bezalaxe, lanean ere gure berezko jarrera delako aldaketen aurrean uzkur agertzea.  Halere, hartu dugun erabakia estrategikoa da, hots, guztiz beharrezkoa enpresak biziraungo badu.

 

2016an kontrola hartu zenutenetik gaur arte egin duzuen lanari erreparatuz, gustura zaude diseinatutako ibilbidearekin?

Nahiko gustura nago, baina oraindik asko daukagu egiteko. Ez zait gehiegi gustatzen atzera begiratzea, nahiago dut egiteko daukagunari erreparatzea, eta berriro diot asko daukagula egiteko.

 

Adibidez?

Lan handia egin dugu barneko eraldaketan; prozesu luze eta zaila da. Hori dela eta, beranduago hasi gara erronka operatiboekin. 2019an, gure hazkunde ez organikorako estrategiaren parte bezala, bi enpresa txiki erosi genituen baina azkarrago mugitu beharra daukagu. Bestalde, zerbitzu-plataforma zabalagoa eskaintzen ari gatzaizkie bezeroei, baina zerbitzu-proiektu horiek heltzeko epea luzea da. Esportazio-jardueraren bat edo beste ere hasi dugu, oraindik txikia den arren.  Asmo handiak dauzkat Boluetarentzat, eta horregatik ikusten dut oraindik bide luzea dugula egiteko.

 

Baduzue asmorik Asian enpresaren bat erosteko epe laburrera?

Izan daiteke Asian edo beste leku batean. Esan bezala, gure nazioartekotzeko eta hazkunde ez organikoko estrategiaren parte da hori. Bezero batekin hizketan ari gara gure zerbitzuak eskaintzeko atzerrian dauzkan filialentzat, eta enpresa bat erosteko aukera aztertzen ari gara zerbitzu hori eskaini ahal izateko.  Azkarrago mugitu nahi nuke, baina pandemiak ez digu ematen horretarako aukerarik. Boluetak argi dauka produkzioa izan nahi duela atzerrian, eta izango dugu egunen batean, baina ezin dizut esan noiz.

 

Automozioak eta oil&gas sektoreak gidatzen dute enpresaren jarduera, hain zuzen, COVID-19ak gogorren kolpatu dituen bi sektorek. Zuen negozio-eredua birplantearazi dizue horrek?

Egia esan, planteamenduak aspaldi geneuzkan eginda,  argi genuen norantz jo behar dugun, zein aldaketa egin behar ditugun, eta orobat bagenekien ezinbestekoa zaigula dibertsifikatzea, esportatzea, bezero eta sektoreak dibertsifikatzea… hori guztia argi geneukan 2017an lehen urratsak eman genituenetik. Kontua da pandemiak dena geldiarazi duela, eta orain askoz azkarrago mugitu beharra daukagu, erabakiak azkarrago hartuz. Ez da erraza, dibertsifikazioranzko bidaia honetan bidelagun ditugun balizko bezeroei ere kostatzen ari zaielako erabaki garrantzitsuak hartzea, gaur egungo ziurgabetasuna dela medio. Laburbilduz, orain ez dugu egingo goitik beherako aldaketarik, baina aspalditik hartuak dauzkagun erabakiak azkartuko ditugu.

 

Badakizue nola irtengo den zuen enpresa krisi honetatik?

Presazko hainbat neurri hartu ditugu, hala nola ABEEak egitea, gastuak murriztea, eta urtearen hasiera-hasieran finantza arloko hainbat moratoria eskatu genituen. Horri esker, nahiko lasai eta zuhurtasunez biziraun ahal izan dugu. Ez dugu likidezia premia gehigarririk izan, oso zorrotz zaintzen baitugu gure zorpetze maila. Halere, argi dago diru-sarrerak direla krisitik aterako gaituztenak.  Hortxe dago gakoa, bai behintzat gure kasuan. Modu bakarra dago egoera honetatik irteteko, eta oso argi daukagu hori: diru-sarrera gehiago izatea eta etorkizuneko diru-sarreren ildoa lantzen jarraitzea. Krisiaren hasieran hartutako presazko neurriei esker, bezeroengan zentratu ahal izan dugu maiatzaz geroztik.

 

Zuk beti esan izan duzu beharrezkoa dela kuotak ezartzea eta ekintza positiboak garatzea emakumeek berdintasuna lor dezaten arlo profesional guztietan… Zenbat emakume ari dira lanean zuen enpresan?

2016an hasi ginenean emakume bakarra zegoen enpresa osoan, orain, berriz, sei gara, ni -zuzendari nagusia- kenduta. Emakumeak dira Erosketa saileko zuzendaria eta Bulego Teknikoko zuzendaria -enpresako posturik teknikoena-, beste bi emakume daude administrazioan, eta erosi berri dugun enpresetako batean badago emakume bat tailerrean. Hori esan ondoren, nahiko nituzke emakume gehiago enpresan? Bai, zalantzarik gabe. Badut horretarako aukerarik? Ez. Arazoa baita ez dugula emakumerik aurkitzen gure enpresarako, zoritxarrez hori da gure errealitatea.

Lotutako albisteak

Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
30 Azaroa, 2023 I+G
Armando Astarloa (UPV/EHU): “Talentua eta prestakuntza funtsezkoak dira erdieroaleen sektorean”
Irakurri gehiago
21 Azaroa, 2023 I+G
Rooster Capitalek I+Gak enpresak balizko inbertitzaileekin elkartzeko duen gaitasuna aztertzen du
Irakurri gehiago
6 Azaroa, 2023 I+G
Semantic Systems: “PILAR proiektuaren bidez, industria adimenduna lagundu nahi dugu konektibitate eta zerbitzu soluzio osoa garatuz”
Irakurri gehiago
26 iraila, 2023 I+G
Eva Arrilucea: “Ezin dugu teknologia- edo ekonomia-subiranotasunik izan industria subiranotasunik ez izanez gero”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak