Euskal enpresaren blog-a Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

29 urtarrila, 2018
Euskal enpresa bat luxuzko eskopeten merkatuan

Garbi armategiak benetako artelanak diren errifleak fabrikatzen ditu Eibarren; 10.000 eta 30.000 euro bitarteko prezioa dute, eta mundu osoan saltzen dira
Garbi enpresako arduradunak.

Garbi armategiak benetako artelanak diren errifleak fabrikatzen ditu Eibarren; 10.000 eta 30.000 euro bitarteko prezioa dute, eta mundu osoan saltzen dira

 

Eibarren bertan dago Eibarri ospea eman zioten azken armategietako bat. Garbi munduko eskopeta eta errifle fabrika onenetako bat da, 60ko hamarkadaren hasieran sortua bost artisauren eskutik; gaur egun, bezeroaren neurrira mimo handiz eginiko berrogeita hamar bat arma fabrikatzen ditu urtean. 50 baino ez, eta denak desberdinak eta pertsonalizatuak. Armen %80 nazioartera bidaltzen dira, alegia, Estatu Batuetara, Alemaniara, Belgikara, Suitzara eta Ingalaterrara, tradizio zinegetiko handiko herrialdeetara. Made in Basque Country irratsaioak enpresako arduradun Jon Barrenechea elkarrizketatu du, zeinak negozio berezi honen giltzarriak azaldu baititu. Ehunka urteko arte baten azken gotorlekua.

 

Zeintzuk ziren Armas Garbi fabrika sortu zuten bost artisauak?

Bat nire osaba Jesús, eta esango nuke beragatik nagoela ni gaur hemen.  Abentura hartan abiatu ziren baita ere Jesús Guerenabarrena (baskularia), Juan Alday (grabatzailea), Ramón Churruca (muntatzailea) eta Domingo Iriondo (kulata-egilea). Beren abizenen inizialetatik sortu zuten enpresaren izena.

 

80 eta 90eko hamarkadak urrezko urteak izan ziren Eibarren…

Oso onak, bai. Eibarko enpresak munduko fabrika onenekin lehiatzen ziren (Ingalaterran zeuden Purdey&Sons, Holland&Holland…), eta bertako enpresek (500 inguru) 450.000 arma fabrikatzen zituzten urtean. Sektorea aldatu egin da, orain askoz txikiagoa da, nitxokoa, eta 900 lagun inguru enplegatzen ditu Euskadin. Garai berrietara egokitu behar izan dugu, ez dugu izan beste erremediorik.

 

Zure kasuan Jon, zaila izan da belaunaldi aldaketa enpresan?

Nahiko zaila bai, ez dugu gezurrik esango. Baina fundatzaileen esperientzia oso ondo etorri zaigu, eskopeta finen sektorean beti lan egin izan baita planorik edo antzekorik gabe, eta ahoz ahokoak balio handia du…

 

Errentagarria al da negozioa, urtean berrogeita hamar bat eskopeta bakarrik salduta?

Orain arte bai. Kontuan izan behar da unitate bakoitzak lan-ordu mordoa eskatzen duela eta unitate guztiak eskuz egiten direla. Artisau-lan horrek emendatu egiten du eskopetaren balioa, eta unitate bakoitzak 10.000 eta 30.000 euro bitarteko prezioa izan dezake, modeloaren arabera.

 

Zuen eskopetak neurrira eginiko traje baten modukoak omen dira, eta inoiz ez dituzue bi arma berdin egiten, hau da, baten piezak ez lukete balioko beste modelo batentzat. Zein modelok harrotzen zaitu gehienik?

Esango nuke Garbi Deluxe dela gure modelo onena, gure katalogoko izarra. Eskopeta paralelo esklusibo bat da, 12 kalibrekoa eta katu bakarrekoa, izan ere horrelakoak eskatzen dizkigute gure bezeroek. Uxatze teknika darabilten ehiztariak izan ohi dira, eta normalean ez dute eskopeta bakar bat eskatzen, baizik eta pare bat edo hiruzpalau eskopetako kutxatilak.  Modelo horrek prestazio onenak dauzka: altzairu forjatuzko baskula, kromo-nikel altzairuzko kanoiak, intxaur zurezko kulata edota irekiera automatikoa, besteak beste.

 

Zergatik da hain garrantzitsua grabatze fasea?

Estetika kontua da, bezeroaren marka edo sinadura, nolabait esateko. Grabatua nolakoa den, ordu gehiago edo gutxiago sartu behar dira; sinpleenek 25 bat ordu eskatzen dituzte, eta zerbait konplexuagoa eskatuz gero, 150 orduraino iritsi gaitezke. José Luis Manzano gure grabatzaile adituak erlojugile suitzar baten zehaztasunaz lan egiten du.

 

Egia da 24 kilatezko urrezko hariak txertatzen dituzuela grabatuetan?

Ez da gehien gustatzen zaiguna, ezta gure ohiko bezeroek nahi izaten dutena, baina baditugu eskopetak urrez kargatzea atsegin duten bezero errusiarrak. Kulatan ere jartzen dira urrezko edo zilarrezko obaloak, eta inizialak edo familiaren armarria grabatzen dira gainean.

 

Zenbat denbora behar duzue eskopeta bat fabrikatzeko?

Ezin dut zehatz esan ez daudelako bi eskopeta berdin, baina gutxi gorabehera zortzi hilabete edo urtebete inguru behar izaten da. Eskopeta bakoitzak 106 pieza dauzka, eta mimo handiz zaindu behar dira guztiak.

Eta nork erosten ditu horrelako artelanak?

Adin ertaineko gizonak izaten dira, eros-ahalmen handikoak. Diskrezio handia eskatzen duten pertsonak dira, eskopeta huts bat baino zerbait gehiago nahi dutenak.

 

Belaunaldi erreleboa da zuen arriskurik handiena?

Baliteke. Enpresari dagokionez, uste dugu luxuzko eskopeten merkatuak ibilbide luzea izango duela oraindik, zeren krisiak Espainiako salmentak murriztu baditu ere, Txina bezalako herrialdeak ez dira mehatxua gure sektorearentzat. Aldiz, jarraipen arazoak izan ditzakegu maila profesionalean. Ofizio oso zehatzak dira, artisauak, eta gutxienez hamar urteko espezializazioa behar izaten da gure kalitate estandarretara iristeko. Gaur egun oso zaila da langile profil hori aurkitzea.

 

 

 

Teknologia 21 ekaina, 2021
Laser4Surf, litiozko baterien karga eta gaitasuna handitzea helburu duen proiektua

Gaur egun, ion-litio baterietan zentratutako proiektu ugari daude, energia gehiago metatzen baitute...Leer más

Teknologia 15 ekaina, 2021
Sei enpresa handik industriako adimen artifiziala-ren lehen partzuergoa sortu dute Espainian

Repsol, Gestamp, Navantia, Técnicas Reunidas, Telefónica eta Microsoft enpresek IndesIA sortu...Leer más

Aner: software, zibersegurtasun eta innobazioaren nazioarteko presentzia ‘made in Euskadi’

Euskadik soluzio-teknologikoen arloan erreputazio globala mantentzen du Aner Taldea bezalako firmei...Leer más

Teknologia 8 ekaina, 2021
51 herrialdetako mila parte-hartzaile bildu dira aeronautika sektorean kontaktuak sustatzeko enpresa-topaketetan

  51 herrialdetako mila parte-hartzaile bildu dira aeronautika sektorean kontaktuak...Leer más

Elena Sardiña, CEO de Elequele
Teknologia 7 ekaina, 2021
Elequele, produktu berritzaileen diseinua eta merkaturatzea

Industria 4.0ri buruz hitz egiterakoan, teknologia berrien erabileraz harago, berrikuntza eta...Leer más

Linkedin-a

Eguneroko informazioa, jarduera-sektoreka eta intereseko
hartzeko.

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?