Euskal enpresaren blog-a Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

10 azaroa, 2017
Juan Sadaba, ‘Nerei’: “Birloki sistemarekin zentzua eman nahi diegu Erresilientzia bezalako hitze…”

Hirigintzako arkitektoa da prestakuntzaz, baina bere izaera sortzaile eta transbertsala dela medio, Juan Sadabak beste mundu batzuk ere esploratu ditu, elkarrekin uztartu dituelarik bere kezka batzuk: artea, teknologia, ingeniaritza…

Bere bidaiak, esperientziak, kezkak eta gauzak ikusteko modu desberdinak forma hartzen hasi ziren, eta hala, 2013an Joseba Zubizarretarekin batera sortu zuen “Nerei Emotional Intelligent” , “ner group” taldeko startup gisa sortutako antolakunde txikia.

Bere proiektuen artean aipatzekoa da “Birloki” sistema, hiritarren eta hiriaren artean elkarreragiten duten hiriko altzariak; dagoeneko instalatuta daude Singapurren, Vietnamen, AEBetan edo Mexikon, eta laster sartuko dira baita ere Euskadiko hirietako paisaian.

 


Urtetan egin duzu lan espazio urbanoan, hiria eta teknologia landuz eta “diziplinen arteko muga klasikoak gaindituz”…

Arkitekto urbanista naiz prestakuntzaz, baina norbere izaerak badu zerikusia mundu profesionalean kokatzeko dugun moduan. Nire profilak beti eraman nau bide sortzaile eta transbertsalago bat hartzera, inongo diziplinatara mugatuta gelditu gabe, gustatzen zaidalako beste input asko jasotzea artearen mundutik hasi eta ingeniaritzatik hurbil dauden teknologietaraino.

Baliteke bizi dugun une historikoak ere eragina izatea; krisiz eta hausturaz betetako aro honetan, sormenak eta sektore arteko ikuspegi global eta transbertsalak sortzen dituzte aurrera egiteko osagaiak.

“Krisia” diodanean, ez naiz ari jasan dugun une ekonomiko gogorraz, baizik eta teknologiara, hirira eta nazioarteko ordena hierarkikora hurbiltzeko moduan gertatu den disrupzioaz.

 

Prestakuntza arloan ere badiharduzu: EHU-UPV, Deustu, Kantabria,.. MITen eta Singapurren ere bai!

Ez nuke inoiz alde batera utzi nahi alderdi hori, ez nuke nahi metodologia profesionalaren errutina grisean erori; etengabe jarri nahi ditut gauzak zalantzan, gazteek egiten duten bezala.

Eman ditut eskolak hemen, eta oraindik ere ematen ditut, baina esperientzia interesgarriena Singapurrekoa izan da, Bostongo MITekin lankidetzan funtzionatzen duen Asiako SUTD (Singapore University of Technology and Design) zentroan garatu duguna. Programa MITekin batera diseinatzen da. Irakasle-taldea ere mistoa da, eta programak diseinu ikasketetara bideratuta daude, teknologiak presentzia duelarik ikasketa prozesu osoan, gainera, denboraren zati handi bat tailerrean ematen da, benetako proiektuak sortuz. Oraindik ere badut harremana zenbait proiekturekin, adibidez “Finger Reader”ekin. Itsuei irakurtzen laguntzen dien wearable (eraztun) bat da eta MITeko “Fluid Interfaces Lab” eta Singapurreko “Augmented Human Lab” laborategiek parte-hartzen dute proiektu horretan. Uste dut interesgarria izango litzatekeela aliantzak sortzea ezagutza hori gure unibertsitateetara ekartzeko.

 

Zure ibilbide profesionalean munduko eremu desberdinetan aritu zara: Amerikan, Europan, Asian… Azken horretan, gainera, hainbat urtez bizi izan zara.

Lan eginaz bidaiatzeak badu abantaila interesgarri bat, oporretan zoazenean baino askoz gehiago murgiltzen zarelako tokian tokiko kulturan. Horrek gehiago erakartzen nau.

Nire kasuan, Hirigintzari buruz ikasteko balio izan dit batez ere, ikusteko jendeak eta hiriek nola funtzionatzen duten. Hemen Lurraldearen Planeamendu Estrategikoan lan egin izan nuen (Bilboko LPP, Mallorcako Lurralde Plana, eta eskala txikiagoko beste proiektu batzuk ere bai, diseinu gehiagorekin). Asia, Amerika edo Afrikako hiri handiek nola funtzionatzen duten eta hango jendea nola erlazionatzen den ikusteak askoz ikuspegi aberatsagoa eman dit nire lanean aplikatzeko.

Beste kultura batzuk ezagutzean, garrantzitsua da alderdi humanoari begiratzea. Ez da gauza bera txinatar batekin, indiar batekin edo bilbotar batekin negoziatzea; guztiz modu desberdinean kudeatzen dira proiektuak edo konpontzen dira arazoak.

 

2013an sortu zenuen “NEREI Emotional Intelligent”, zure esperientzia, bidaia eta kezken emaitza bezala

Ideia lehenago sortu bazen ere, 2010 inguruan hasi nintzen aitortzak eta sariak jasotzen ordurako garatuta neukan patente batekin: Birloki System. Neure kabuz joan nintzen Indiara, Txinara eta Europako beste toki batzuetara, eta proiektua hazten hasi zen.

Une hartan NER taldearekin topo egin nuen, eta orduan erabaki genuen inbertitzea, ahalegina egitea eta elkarrekin talde bat osatzea. “Nerei Emotional Intelligent” sortu eta saiatu ginen gure presentzia indartzen, helburutzat hartuz Singapurren ikastea, hantxe azaldu baitzuten gurekiko interes handiena eta hantxe aurrehautatu baikintuzten proiektu garrantzitsu baterako.

NER taldearekin lan egitea funtsezkoa izan da niretzat, ez bakarrik negozioaren ezagutzan eta finantza arloan eman digun laguntzagatik, baizik eta talde osoak osagai bakoitzean jartzen duen konfiantzagatik, horixe baita alderdi humanoa indartzen duena eta taldearen motorra martxan mantentzen duena.

 

NEREI startupean Birloki sistema garatzen duzue, hirietan bizi diren pertsonen bizitza erraztuko duen elementu bat…

Birloki sistemaren ideia sortu zen altzari desberdinak sortu nahi genituelako hirirako, hiritarren eta hiriaren arteko elkarreragina aldatuko zutenak. Hasieratik ahalegindu ginen hiriko elementu aktibo eta biziak sortzen, parte-hartzea eta elkarreragina ahalbidetuko zutenak. Zentzua eman nahi diegu “erresilientzia” bezalako hitzei, hiria benetan aldaketetara egokitu dadin, eta, aldi berean, helburutzat hartu dugu “smart city” bezalako terminoak ez daitezela termino huts bihurtu kaleko jendearengana ez iristeagatik.

Birloki sistemak gurekin batera eboluzionatu du. Hasieran elementu modular bat zen, “Hiriko Akupuntura” moduko baten sarean kokatua, hiriko fluxuak bideratzen saiatzeko. Gaur egun, horretaz gain, datuak kudeatzen eta biltzen ditu, hiritarrekin elkarreragiten du eta eboluzionatzen jarraitzen du etengabe.

 

“Birloki-ak” pertsonalizagarriak dira, modulagarriak, inguruarekin elkarreragiten dute eta hiriaren erritmoari jarraitzen diote…

Ez dugu uste hiri adimendunetan dena korporazio handietatik datorrenik, hau da, ez dugu uste korporazio handiek zerbitzuak hobetzen dituztenik eta datuak sortzen eta kudeatzen dituztenik soilik teknologiaren bitartez, amaierako erabiltzailearekiko elkarrizketa ahalbidetu gabe.

Hori positiboa da teknikoki, baina sinetsi nahi dugu orobat posible dela “Bottom Up” erara hurbiltzea (alegia behetik gora) bat-batean etorri zaigun Hiri Adimendun kontzeptu horretara.

Hiri aurreratuenetan hiriko altzari interaktibo eta murgiltzaileak sortzen ari dira. Horretan dihardute, besteak beste, New York eta Boston bezalako hiriek Google-n “Alphabet” enpresaren eskutik, eta beste enpresa batzuk ere hasi dira ikusten hiriko espazioa lan-eremu interesgarria izan daitekeela. Sakelakoa osotasun baten parte da, baina Gauzen Internetek gero eta garrantzi handiagoa du. Batzuetan kritikatzen gaituzte esanaz dena egin daitekeela sakelakotik, baina hori dioenak ez daki zer ari den gertatzen munduan. Horregatik, guretzat funtsezkoa da nazioartekotze bokazioa mantentzea eta maila lokalera mugatzen den ikuspegian ez erortzea.

 

“Birloki” bakoitzak informazioaren eta emozioen goi-mailako teknologia integratzen du. Zein pertsonak eta enpresak egiten dute hori posible?

“Nerei Emotional Intelligent” NER Taldeko startup bat da, eta lantalde mugatua du, Joseba Zubizarreta telekomunikazio ingeniariak eta neronek –zuzendaritza teknikoa eta kudeaketa- osatua. Gure lan dinamika bat dator NER Taldearen lan egiteko moduarekin, bai giza baliabideetan eta baita ere materialetan, neurri handi batean, partekatu egiten direlako. Hala, esan liteke tamaina handi samarreko enpresa “birtuala” dugula.

Sistemak eta proiektuak hainbeste eboluzionatu dute, ezen orain beharrezko baititugu bazkide estrategikoak (esaterako EBI Efficient facilities, DeustoTech, Comunitac) eta beste datu- edo teknologia-kudeatzaile eta -garatzaile batzuk.

 

Non zaudete instalatuta orain? Zeintzuk dira zuen hurrengo jomugak?

Inbertsioak egin ditugu Asian –zehazki Singapurren- garatzeko eta nazioartekotzeko, eta erabaki horrek emaitzak eman ditu dagoeneko, funtsezko bazkide estrategiko bat baitugu, “Force 21”, zeinak parke nazionaletarako lehen unitateak instalatu baititu “Jurong Lake District” barrutian. Uste dugu Singapurrerako beste hainbeste unitate enkargatuko dizkigutela, eta azaroaren amaieran Vietnamera (Hanoi hiriko “Hoan Kiem” eremura) joango gara, zabaldu daitekeen eskala handiagoko garapen bat aztertzeko. Asia hego-ekialdea inguru ezezaguna da, baina negozio aukera handiak dauzka.

Kalifornian Birloki bat instalatu genuen iaz, Long Beach hiriko “TestBed” batean. Era berean, proposamenak egiten ari gara Mexikoko Tekila hirirako.

Euskadin, Donostiako “Smart Kalea” proiektuan parte hartuko dugu, non instalazio bat jarriko baitugu, eta beste horrenbeste egingo dugu Gasteizen. Bost elementu fabrikatzen ari gara Gipuzkoan garatuko den proiektu baterako. Aldiz, Bilbon, etxean, askoz gehiago kostatzen ari zaigu…

 

Info+: www.nerei.org

Nerei Birloki Emotional Intelligent

Afrika eta ekialde ertaina 25 otsaila, 2020
Nazioartekotzeko Euskal Agentzia Marokorako misio komertzial batean parte hartzen ari da

Harremanetan egongo da automozio eta elektronika sektoreekin SPRI Taldean integratutako...Leer más

Afrika eta ekialde ertaina 14 urtarrila, 2020
Ingeteamek egoitza estreinatu du Abu Dhabin

Euskal enpresak eguzki-energia fotovoltaikoaren sektorean duen posizionamendua indartuko du Arabiar...Leer más

Afrikako Garapen Bankuak Euskadi birsorkuntza-eredutzat aukeratzea lortu du Nazioartekotzeko Euskal Agentziak

Bankuaren ordezkariek Euskadi bisitatu dute euskal hiriek ingurumen arloko birsorkuntzan,...Leer más

Afrika eta ekialde ertaina 17 uztaila, 2019
Arantxa Tapia AVLko presidentearekin batu da eta Tubacex-en instalazioa bisitatu du, Austrian

AVL-k, elektromugikortasuneko eta automozioaren joera berrietarako euskal industriarako erreferente...Leer más

Afrika eta ekialde ertaina 22 azaroa, 2018
Euskadiko Nazioartekotze Agentziak Hegoafrikaren enbaxadorearen bisita jaso du

Afrikako herrialdearen ordezkariak euskal enpresa batzuk bisitatuko ditu aste...Leer más

Linkedin-a

Eguneroko informazioa, jarduera-sektoreka eta intereseko
hartzeko.

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?