Basque Trade & Investment-ek, SPRI Taldean integratutako euskal enpresak nazioartekotzeko agentziak, Euskadiko konpainien eskura jarri du Transmisio eta Banaketa Sektorearen Behatokiaren (T&D) hirugarren edizioa. Dokumentuak, eremu estrategiko honek eskaintzen dituen joera globalen eta egungo aukeren azterketa eguneratua egiten du. Horrela, enpresek aukera berriak identifika ditzakete, arau-aldaketei aurrea hartu eta nazioartekotzeko estrategiak egokituz.
Merkatu nagusiak bultzatzen ari diren arau-garapenen eta inbertsioen ikuspegi globala da argitalpenak ematen duen gakoetako bat. Adibidez, Europako Batzordeak sektore elektrikorako zibersegurtasunari buruzko lehen sare kodea hartu du, eta Europako Kontseiluak merkatu elektrikoaren erreforma bat onartu du. AEBetan, bestalde, gobernuak ekimen federal eta estatal bat abiatu du bere sare elektrikoa indartzeko, eta Australian, kontagailu adimendunen hedapena bizkortzeko arau-aldaketa bat sustatu da
Arau-garapenez gain, nazioarteko transmisio-lineen eta azpiestazioen proiektuak nabarmen ugaritu direla erakusten du Behatokiak. Europak aurreko edizioan baino 300 proiektu gehiago ditu, eta AEBk 86. Aldiz, Indonesiak, bere kartera murriztu du 100 proiektutan. Brasil eta Indonesia nabarmentzen dira azpiestazioei dagokienez, 85 eta 48 proiektu berrirekin, hurrenez hurren.
Era berean, azken sei hilabeteetan, energia berriztagarrien proiektuen esleipenean dinamismoa izan da nagusi. Indiak gidatu du eremu hori, hainbat eskualdetako eguzki proiektuetarako lizitazio ugarirekin. Europan, Alemaniak 6 enkante iragarri ditu, eta Frantziak 3; Japoniak, Australiak EE.UU, Erresuma Batuak eta Koreak, berriz, enkante bana.
Inbertsioak azpiegitura elektrikoetan
Era berean, hainbat herrialdek inbertsio handiak iragarri dituzte euren transmisio eta banaketa azpiegituretan. Horien artean, Poloniak 16.000 milioi dolar bideratuko ditu transmisio linea berrietara 2034ra arte, eta Erresuma Batuko National Grid enpresak 70.000 milioi euro bideratuko ditu Erresuma Batuko argindar sarea modernizatzeko. Halaber, AEBk. 52.000 milioi euro inbertituko ditu bere energia-azpiegitura hobetzeko eta hedatzeko eta Indiak, berriz, 2022rako energia berriztagarrien bere ahalmen instalatua 175 GWtik 450 GWra handituko du..
Bestalde, T&D sektoreko eragile nagusien mugimenduak ere nabarmentzen ditu Behatokiak. Iberdrolak Europako dinamikoenetako bat izaten jarraitzen du, 2024tik 2026ra bitartean 41.000 milioi euroko inbertsioa eginda. Horrez gain, E.ONek 42.000 milioi euro iragarri ditu Europako azpiegiturak modernizatzeko, eta EDFk, bere aldetik, bost proiektu berri gidatuko ditu Erresuma Batuan. Amerikan, Exelonek 34.500 milioi dolarrera handitu du inbertsio plana 2027ra arte, eta Dominionek Incus Capitalekin zuen aliantza amaitu du.
Ekialde Hurbileko egoera
Ekialde Ertaineko T&D sektorea ere aztertzen du txostenak, herrialdearen arabera egoera oso desberdinak dituen eskualdea. Saudi Arabia liderra da transmisio-lineen proiektuetan: 85 baino gehiago ditu karteran, eta 5.200 km baino gehiago instalatuak. Bestalde, Arabiar Emirerri Batuak azpiestazioen proiektuen buru da, 208 proiektu baino gehiagorekin eta 47.500 MVAko edukiera instalatuta. Irak eta Iran bezalako herrialdeak atzeratuta egon arren, eskualdearen etorkizuna oparoa da biztanleriaren hazkundeari eta martxan dauden hiri-garapenerako proiektu handiei esker.
Behatokiaren 3. edizioa T&D sektoreari buruzko informazio zehatza jaso nahi duten euskal enpresen eskura dago. Txosten osoa ikusteko, mezu elektroniko bat bidali behar da ldiego@basquetrade.eus.
Txosten partziala:
ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.
Interesgarria, ezta?