Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 5 apirila, 2024 Digitalizazioa EIKTak Gaitasun Digital Profesionalak Programa

Egin ezazu prestakuntza-plana zure enpresan Gaitasun Digitalen programarekin

Gaitasun Digitalen programaren edizio berri honek milioi eta erdi euroko aurrekontua du, eta enpresen lehiakortasuna handitzea du helburu, enpresetako langileen prestakuntza indartuz. Eskaerak egiteko epea 2024ko apirilaren 9tik azaroaren 28ra arte egongo da zabalik.

Hobetu zure enpresaren lehiakortasuna zure lantaldearen hazkunde pertsonal  eta profesionalaren bidez

Gaitasun Digital Profesionalak laguntza-programa aurkezten dizugu. Spri taldea eta Eusko Jaurlaritzaren ekimena da, eta aholkularitza espezializatua eta doakoa eskaintzen du zure enpresa gizarte digital berrira egokitzeko prestakuntza-plan pertsonalizatua egiteko.

 

Norentzat da programa hau? Ba al dakizu zure enpresa gaitasun digitaletan eguneratua dagoen?

Gaitasun digitalak dira teknologia digitalak modu eraginkor eta seguruan erabiltzeko aukera ematen dizuten trebetasunak eta ezagutzak. Gaitasun digitaletan prestakuntza ona izatea funtsezkoa da zure negozioaren produktibitatea, lehiakortasuna eta berrikuntza hobetzeko.

Hala ere, enpresa askok eten digitala dute, eta horrek eragotzi egiten die eraldaketa digitalaren potentzial guztia aprobetxatzea. Teknologia berriak eskuratzeko edo erabiltzeko orduan, taldeen eta gizabanakoen artean ezberdintasuna dagoenean agertzen da eten digitala.

Hona hemen zure enpresak eten digitala duela adieraz diezaguketen seinale batzuk:

  • baliabide digital egokirik ez izatea
  • aldaketa teknologikoetara egokitzeko zailtasuna
  • langileen prestakuntza edo eguneratze eskasa
  • produktibitate edo lehiakortasun txikia, atzerapen teknologikoaren ondorioz

 

Zure enpresak gaitasun digitalak hobetu behar dituela uste baduzu, zure eskura jartzen dugu gaitasun digitaletan trebatzeko dirulaguntza, zure beharretara eta helburuetara egokitutako prestakuntza-plana egiten eta ezartzen laguntzeko.

Gaitasun Digitalen programan, homologatutako 16 aholkularitza-enpresetako batek lagunduko dizu zure enpresarentzako prestakuntza-plan espezifikoa egiten, gaitasun digitalen IKANOS sistema erabiliz.

 

Zer da IKANOS sistema?

IKANOS sistema enpresa baten trebetasun digitalak hobetzeko modu bat da. Europako Batzordeak zehaztu dituen gaitasun batzuetan oinarritua da. Tresna horrekin enpresa bakoitzerako prestakuntza-plan pertsonalizatua sor daiteke, eta hobetzen jarraitu.

Horretarako, 6 urrats egin behar dira:

  1. enpresak zein gaitasun digital dituen jakin
  2. gaitasun horien maila ebaluatu
  3. gaitasun horiek hobetzeko helburuak ezarri
  4. horiek lortzeko prestakuntza egokia bilatu eta eskaini
  5. ikasteko modurik onenak erabili
  6. lortu diren gaitasun digitalak erakutsi.

 

Horrela, prestakuntza- eta hobekuntza-plana neurrira egin daiteke enpresarentzat, hobeto lan egiten eta lehiakorrago izaten laguntzeko.

 

Hobetu prestakuntza digitala zure enpresan, eta eskura ezazu 8.100 €-rainoko laguntza

Giza baliabideetako eta digitalizazioko adituen aholkularitza espezializatua

Programa hau zuretzat da zure enpresaren eta taldearen trebetasun digitalak hobetu nahi badituzu. Laguntza ekonomikoa eta aholkularitza eskaintzen dizkizugu IKANOS sistema erabil dezazun, Europako gaitasun batzuetan oinarritua dena.

Zer eskainiko dizugu?

  • Zure langileen trebetasun digitalak ezagutzen eta hobetzen lagunduko dizugu.
  • IKANOS sistema erabiltzen irakatsiko dizugu.
  • Zure enpresarako prestakuntza-plana egiten lagunduko dizugu; hala, lehiakorragoa izango da enpresa eta profesionalagoa zure taldea.

 

Adituen laguntza ere eskainiko dizugu. Haiek esango dizute:

  • Zure taldearentzat zer prestakuntza behar duzun
  • Zure langileen trebetasunak eta gaitasunak nola hobetu
  • Giza baliabideekin nola ikasi
  • Pertsonek gaitasun digitalekiko duten garapena nola ebaluatu
  • Zure taldea nola motibatu eta digitalago bihurtu
  • Zure enpresaren antolaketa nola hobetu

 

Laguntza honek ez du diruz laguntzen aholkulariak gomendatutako eta zure prestakuntza-planean islatutako prestakuntza; baina zure taldearen trebetasun digitalak nola dauden eta zure langileek zer prestakuntza behar duten jakiteko balio dizu, egiten den azterketaren arabera.

Ia 500 enpresak badute dagoeneko Gaitasun Digitalen Diagnostikoa

2022an martxan jarri zenetik, programak arrakasta handia izan du, eta eskaera ugari egin dituzte hainbat sektore eta neurritako enpresek. Dena den, industria sektoreko enpresak gailentzen dira.

Lehenengo edizioak aurreikuspen guztiak gainditu zituen, eta bigarren deialdian programaren aurrekontua handitu zen, 999.990 €-tik 1.500.000 €-ra.

2023ko edizio horretan 288 enpresa-proiekturi eman zitzaien babesa, eta aurrekontu osoa bideratu zen: 1,5 milioi euro. Eskaera kopuruak agerian utzi du programa honek EAEko enpresei piztu dien interes handia.

2024an laguntza-programa honen hirugarren deialdia irekiko dugu, aurreko urteko aurrekontu bera mantenduta, eta enpresa bakar bat ere kanpoan ez geratzea espero dugu.

 

Nola jar dezakezu abian zure enpresarentzako prestakuntza-plana?

Gaitasun Digital Profesionalen programaren laguntza eskatu nahi baduzu, hauek dira jarraitu beharreko urratsak:

  1. Identifikatu eta zehaztu zure prestakuntza-beharrak, eta jarri harremanetan zure enpresaren diagnostiko digital profesionala egiteko gaitutako 16 aholkularitza-erakundeetako batekin. Ez badakizu zein aukeratu, jar zaitez harremanetan SPRIrekin aholkularitza pertsonalizatua jasotzeko.
  2. Aholkularitza-erakundea hautatu ondoren, haiekin batera lan egingo duzu garatuko den proiektuaren ezaugarriak zehazteko.
  3. Bete ezazu dirulaguntza eskaera, eta erantsi definitutako proiektua. Laster jasoko duzu erantzuna.
  4. Erantzuna jaso ondoren, jarri martxan zure proiektua, zure enpresako Gaitasun Digital Profesionalen azterketa eta hobekuntza garatuz.
  5. Azkenik, zure proiektua gauzatu ondoren, likidazio-eskaera bete beharko duzu, egindako proiektuaren txostenak erantsita.

 

Kontuan izan Euskadin dauden enpresa guztiek, edozein dela ere haien tamaina eta jarduera garatzen duten sektorea, eska dezaketela dirulaguntza hori.

Ez itxaron gehiago eta eskatu azaroaren 28a baino lehen Gaitasun Digital Profesionalen laguntza, zure langileentzako prestakuntza digitaleko plana definitzeko.

Lotutako albisteak

18 apirila, 2024 Digitalizazioa
Hobycasa, aurrez fabrikatutako egurrezko etxeen arloan liderra den Gasteizko enpresa
Irakurri gehiago
12 apirila, 2024 Digitalizazioa
Lau ekintzailek plataforma bat sortu dute 4.0. Industriako proiektuak online kudeatzeko
Irakurri gehiago
12 apirila, 2024 Digitalizazioa
ScrapAdek hondakinen salerosketa-prozesua errazten die mundu osoko enpresei
Irakurri gehiago
5 apirila, 2024 Digitalizazioa
Zure enpresa industria adimendun bilakatzen laguntzen dizu Smart Industry programak
Irakurri gehiago
4 apirila, 2024 Digitalizazioa
Trebe, euskarazko, galegozko edo katalanezko ahotsak itzultzeko, transkribatzeko eta sintetizatzeko aukera ematen duen lehen plataforma
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak