Irontec enpresak open source konponbideen alde egiten du 4.0 Industriarako

1 otsaila, 2018
Gorka Rodrigo, Irontec enpresako bazkide fundatzailea eta zuzendari komertziala

Euskal konpainia horrek IoT, big data, cloud edota sentsorika arloetako konponbideak lantzen ditu

 

Lantegietan digitalizazio prozesuei edo makinak konektatzeko prozesuei ekitean, funtsezkoa da software bat garatzea komunikazio segurua eta eraginkorra ahalbidetzeko gailu desberdinen artean. Esparru horretan, software librea eta open source tresnak gero eta gehiago aplikatzen dira Fabrikazio Aurreratuko ereduetan, konponbide “itxiak” erabili beharrean.

 

Irontec enpresak 2003an eman zituen bere lehen urratsak, eta software librean oinarritutako konponbideen garapena aukeratu zuen beste enpresa batzuengandik bereizteko. Konpainia asko hazi da 14 urteotan, lau bazkide izatetik 40 lagun enplegatzeraino. 2017an bere fakturazioa %15 hazi zen aurreko urtearen aldean, eta nabarmen hazi zitzaizkion 4.0 Industriarekin lotutako proiektuak ere.

 

Irontec enpresaren negozioa hiru ardatzetan oinarritzen da: dispositibo mugikorretara eta Internetera zuzendutako konponbideen garapena, sistema eta komunikazioen ingeniaritza, eta IP ahots konponbideak. Hirurak aplika daitezke 4.0 Industrian, Irontec enpresako bazkide fundatzaile eta zuzendari komertzial Gorka Rodrigok dioen bezala: “Asko lantzen ditugu IoT konponbideak, bai makina konektatuek erabiliko duten softwarea garatzeko, bai Gateway IoT bezalako open hardwarean oinarritutako gailu fisikoetan. Sarenet eta Biotermiak erakundeekin batera IoT plataforma bat garatu dugu dispositibo desberdinen datuak jasotzeko eta alertak eta bestelako mezuak bistaratzeko. Orobat sortu ditugu sistema konektatuak hedatzeko azpiegiturak, protokolo seguruak dituztenak, VPN konektagarritasuna, e.a.”

 

Irontec une honetan lantzen ari den beste proiektu bat, 4.0 Industriarekin lotua,  CodeSyntax eta Ikerlan erakundeen laguntzarekin gauzatzen ari da eta Fagor Automation enpresa du bezero. Proiektuaren helburua da kooperatibak fabrikatzen dituen makinak kontrolatzeko interfaze bat sortzea, sinpleagoa, pertsonalizagarria, eta teknologia irekien bitartez konektatua. Hasieran proiektu horrek bi hilabeteko iraupena izango du.

 

Software libreari esker hardware dispositiboen (hala nola makina eta sentsoreen) eta protokolo industrial desberdinen artean gauzatu daitekeen komunikazioa eta elkarreragina da enpresak lortu duen arrakastaren giltzarrietako bat. “Software libreak oinarrizko tresnak ematen dizkizu integrazioak egiteko, eta gero tresna horiek zabaldu edo aldatu ditzakezu funtzionaltasun zehatzekin.  Gauza asko berrerabilgarriak dira, eta, ongi integratzen badira, konponbide sendo eta lehiakorrak eman diezazkiekete enpresei. Abantaila garrantzitsua da integratzeko zailagoak diren beste konponbide itxi batzuen aldean. Gainera, open source-n oinarritutako konponbideak pribatiboak baino merkeagoak izango dira ziurrenik”, Gorka Rodrigoren iritziz.

 

Etorkizunean Irontec-ek enpresentzako konponbideak garatzen jarraituko du, bereziki big data-rekin zerikusia duten arloetan, eta modu sostengarrian hazten jarraitzea izango da bere helburua. “Beti izan dugu negozioaren muin egonkor bat, eta konponbide teknologiko berritzaileak txertatu dizkiogu horri pixkanaka, bere garaian IP telefonia teknologiarekin gertatu zen bezala. 4.0 Industrian hainbat fronte daude zabalik, eta guztietan egin nahi ditugu gauzak. Big data edo smart data teknologia oso gertutik ari gara zaintzen, eta dagoeneko hasi gara urratsak ematen. Orobat interesatzen zaigu  informazioa biltzeko sentsore txikiak egiteko open hardware industriala. Guretzat garrantzitsua da, baita ere,  informazioa bistaratzeko interfazeen garapena pantaila, tablet eta sakelakoetan.  Hori, garapenari dagokionez. Sistemei dagokienez, cloud biltegiratze-konponbide propioak lantzen ari gara enpresei zuzendurik, zerbitzari hurbilak izan ditzaten eta ez ditzaten zerbitzu horiek kontratatu beste herrialde batzuetako konpainia handietan”, aurreratu du Irontec-eko zuzendari komertzialak.

 

 

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow