Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 19 apirila, 2021 Berrikuntza Digitalizazioa BDIH Fast Track Innobideak programa Industria adimenduna Ris3 Euskadi Smart Industry Programa

Ingenet ETEak bere fakturazioaren % 20 bideratzen du I+G-ra

Bizkaiko enpresa horrek prozesu industrialen automatizazioan eta sentsorika aurreraturako produktuen garapenean dihardu

 

Ingenet Orozkon (Bizkaia) kokatutako ingeniaritza-enpresa bat da eta berrikuntzan murgilduta dago. Prozesu industrialen automatizazioan eta sentsorika aurreraturako produktuen garapenean dihardu, eta bere urteko fakturazioaren % 20 inguru bideratzen du I+G-ra. Konpainiak SPRI Taldearen laguntza jaso du BDIH Konexio Programaren bitartez, zeinarekin Basque Digital Innovation Hub-ek ETEen eskura jartzen baitu fabrikazio aurreratuko aktibo eta zerbitzuen sare konektatu bat prestakuntzarako, ikerketarako, testak egiteko eta baliozkotze prozesuetarako.

 

Ingenet 1997an sortu zen prozesu industrialen automatizaziora bideraturik. Baina bere negozioak eboluzionatu egin zuen 2008an. “Horren arrazoia ez zen izan merkatua, ezta bezeroak ere, baizik eta barneko analisi bat. Hiru bazkideok Zientzia Fisikoetan lizentziatuak gara eta ikusirik horrek ematen zigun potentziala, I+G-ren aldeko apustua egin nahi izan genuen” azaldu du Xabier Udaetak, enpresako kudeatzaileak.  Hala, robotikaren eta sentsorika aurreratuaren sektorean murgildu ziren.

 

“Ikusmen artifizialaren munduan badago 2D teknologia, oinarrizkoena dena, bezeroak berak jar ditzakeen kamerekin, eta badago baita ere eskaneoaren mundua, puntu-lainoen tratamendua, piezen 3D errealarekin lan egiteko balio duena. Edo fotonika, X izpiak, irudi hiper-espektralak, e.a. Batez ere kalitatearen kontrolera zuzenduta egoten da: metrologia, narriadura, konposizioa, barneko akatsak, prozesuen kontrola…

 

Udaetak dioenez, enpresaren adar tradizionalak, hots, prozesuen automatizazioak “aukera ematen digu industriarekin oso hurbiletik konektatzeko eta jakiteko zeintzuk diren manufaktura-enpresa batek kalitatearen kontrol arloan dituen benetako premiak. Hala, enpresaren beste adarraren bitartez -sentsorika aurreratua- posible da konponbideak garatzea kalitatearen kontrolean detektatutako premia horiei erantzuteko eta konponbide horiek sektore osorako produktu bilakatzeko. Iruditzen bazaigu patentatzeko modukoak direla, patentatu egiten ditugu. Konponbideren batekin 60 ezarpen baino gehiago egin ditugu”.

 

Ingenet-ek mota desberdinetako sektore industrialetan lan egiten du, hasi nekazaritza eta elikadura sektoretik edo animalien elikaduratik eta meatzaritza, siderurgia, automozio edo beiraren sektoreetaraino. “Edozein sektore industrialetan egin ditzakegu automatizazioak. Gure bezeroetako batzuk dira CAF, Tubos Reunidos, Bridgestone edo Alstom”. Baina sentsorika aurreratuaren arloan egiten duten lana da sektore anitzetara iristeko bidea irekitzen diena. “Oso mundu zabala da, teknologia bakar batek aplikazioak izan ditzake sektore askotan. Gainera, teknologia batetik produktu desberdinak atera daitezke, adibidez, 3D eskaneoak aplikazioak ditu beirazko ontzien fabrikaziorako moldeen kalitate kontrolean (elikadura, lurringintza edo farmazeutika sektoreetan), aluminiozko ontziak egiteko tresnerian, matrizeetan… eta fotonika baliagarri da aluminiozko ontzietan poroak detektatzeko”.

 

Iazko fakturazioa bi milioi izan zen

Horrelako produktuak garatzeko ahalegin ekonomiko handia egin behar da I+G-n. “Fakturazioaren % 20, gutxienez, inbertitzen dugu”. Gaur egun 12 langile daude plantillan, horietatik % 75 ingeniariak edo goi-mailako lizentziatuak dira, eta iazko fakturazioa bi milioi euro ingurukoa izan zen. “Gure negozioak marjina handia du oraindik. Pandemiak moteldu egin du gure hazkundea, baina ez dugu EEE edo ABEErik eskatu. Gainera, aldaketa positiboak ere ekarri dizkigu, adibidez, lehen presentzialki egiten genituen zenbait ezarpen orain urrunetik egiten ditugu”.

 

Enpresak Orozkon du egoitza, nahiz eta filial bat izan zuten Txilen, “nagusiki prozesu industrialen robotizaziora bideratua. Eusko Jaurlaritzak esportazio-partzuergoak sortzeko eskaintzen dituen laguntzak aprobetxatuz, bulego komertzial bat jarri genuen Txilen. Hiru urte egin genituen han, eta Hispanoamerika osorako filiala zen. Baina packaging sektoreko multinazional batek erosi zigun”.

 

BDIH Konexio Programaren bidez jaso duten 10.800 euroko laguntza erabili dute Deep Learning-a ikusmen artifizialean eta patroien errekonozimenduan aplikatzeko. “Aluminiozko ontzien sektorerako da, behin potea fabrikatutakoan posible izan dadin denbora errealean jakitea ba ote duen lepoan edo sorbaldan mailadura, arrakala edo pitzadurarik”. Proiektu honetarako Vicomtech enpresaren laguntza izan dute, eta baita ere “hornitzaile batena, zeinak argiztapen espezifikoa eman baitigu irudi egokiak eskuratzeko eta informazio guztia tratatzeko deep learning teknologiarekin. Deep learning-aren lehen aplikazioa da irudi estero-fotometrikoen tratamenduan”.

 

Xabier Udaetak azaldu du prototipoa baliozkotuta dagoela jadanik, eta “laster hasiko direla ekipo industriala egiten, aurten edo datorren urtean beranduenera. Oso ongi datorkigu BDIH Konexio Programaren laguntza”.

 

Udaetaren arabera, enpresaren etorkizuna I+G-n dago, “teknologia berriak txertatzen jarraitu behar dugu produktuak patentatzen jarraitzeko. Horixe izango da enpresari balio handiagoa emateko modua, patenteak garatzea. Horrela ez dugu hainbeste menpekotasunik izango tokiko ekonomiarekiko. Eta lanean jarraituko dugu automatizazio arloan ere, produktuen “core” edo muina izan ez arren, ezinbestekoa delako automatizazioan esperientzia handia izatea gure ekipoak ezartzeko eta produkzio-ildoetan integratzeko. “Bi profilak batzen ditugu”.

 

Bost urteko epean, asmoa da plantilla 20 langileraino handitzea “produktuaren garapenera zuzendutako profilekin, eta arlo komertzialean teknologietan espezializatutako banatzaileen bidez lan egitea”.

Lotutako albisteak

18 apirila, 2024 Berrikuntza
Ikasplay, Gipuzkoako enpresa aitzindaria prestakuntza-esperientzia murgiltzaile eta elkarreragileak sortzen
Irakurri gehiago
16 apirila, 2024 Berrikuntza
Genero-berdintasunik handiena duten enpresek berrikuntza maila handiagoa izaten dute eta lehiakorragoak dira
Irakurri gehiago
Buzones Arregui 15 apirila, 2024 Berrikuntza
Arreguik erantzun egiten dio eraikinetako behar berriari, etxean egon gabe paketeak jasotzeari
Irakurri gehiago
Ser b-CORP libro Comunidad NORTE 11 apirila, 2024 Berrikuntza
B Corp izatea, enpresen indarra mundua aldatzeko erabiltzea da
Irakurri gehiago
9 apirila, 2024 Berrikuntza
STEM unibertsoan emakumeen talentua sustatzera bideratutako saio batean parte hartu du SPRIk
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak