Euskal enpresaren blog-a Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

27 azaroa, 2017
Bizintek-ek 4.0 konponbideen garapen eta fabrikazioaren alde egin du

Daniel del Río, Bizintek enpresako zuzendari nagusia, bere ekoizpen-linean

Bizkaiko enpresak sentsorikari eta Gauzen Interneti lotutako hainbat proiektu ditu eskuartean

 

Bizintek Innova euskal enpresa goitik behera aldatu da bere hamabi urteko ibilbidean. Aldaketa horiek ezinbestez daramate 4.0 Industriarantz, hots, edozein digitalizazio-prozesutarako oinarrizkoak diren gailu eta teknologien garapenerantz. Produktu-garapenerako ingeniaritza bezala hasi zen enpresa hark osagai eta gailu propioak fabrikatzen ditu orain, duela urtebete ekoizpen-linea berri bat jarri baitzuen SMD produktu elektronikoak ekoizteko, ongi hornitutako ekipo batekin: serigrafiatzeko makina bat, bi Pick and Place, birgaldaketa labe bat, 3D ikuskaritzarako AOI bat eta soldadura selektiboa egiteko makina bat.

 

Nahiz eta Bizintek ezagun egin den bere produktuei esker (hala nola, Moway mini-robot programagarriak edota Onean motorra duten surf taulak), bere negozioaren zati handiena hirugarrenentzat egiten dituen garapenetan dago.  “Osasun arloko bi proiektu ditugu eskuartean. Batetik, anestesiak dirauen bitartean intubatzen laguntzen duten kamerak. Bestetik, gailu bat sortzen ari gara pertsona nagusientzat. Etxean kokatzen den sentsore bat da, eta mugimenduak edo erorketak erregistratzen ditu. Zerbait arraroa detektatuz gero, alerta bat bidaltzen dio senitartekoari edo zaintzaileari, sakelakoetarako aplikazio baten bidez. Diseinu, fabrikazio, mihiztadura eta ontziratze prozesu osoa egiten dugu, bezeroak banatu besterik ez du egin behar” azaldu du Daniel del Ríok, Bizintek enpresako zuzendari nagusiak.

 

Bere garapen-ekipo eta muntaia-linea horretatik beste gailu batzuk ere igaro dira, esaterako Irisbond Duo, Boletus Pay eta Errioxako Spaldin enpresarentzako koltxoi adimendun bat. Bizintek-eko zuzendari nagusiak aitortu du proiektu horietan metatutako esperientziak aukera ematen diela tamaina handiagoko bezeroak bilatzeko: “Historikoki startupentzat eta kontsumo baxuko produktuak egiten dituzten enpresentzat lan egin izan dugu. Aldaketa prozesu horretan, asmoa dugu tamaina eta potentzial industrial handiagoko enpresengana hurbiltzeko, makinak edo ekipo ondasunak egiten dituztenengana.

 

Makinak ahotsarekin kontrolatzea

Bizintek arlo hauetako proiektu industrialak garatzen ari da: sentsorika, Gauzen Internet, sakelakoekiko komunikazioa eta big data. “Aliantzak sortu nahi ditugu big data arloan diharduten enpresekin. Badugu gaitasuna datuak atzematen dituzten produktuak eta sentsoreak garatzeko, baina informazio horrek ez du ezertarako balio aztertzen ez bada. Big data-rekin produktibitatea hobetzen da eta kontsumoa murrizten da, eta enpresa gehienek badute ahalmena teknologia hori eskuratzeko. Bestalde, sentsoreak gai dira edozein magnitude fisiko neurtzeko: tenperatura, presioa, gasak, indarra… Sekulako hazkunde-esparrua dago sentsore eta datuen sektorean” adierazi du Daniel del Ríok.

 

Bizintek-ek ondo daki datuen analitikak garrantzi handia duela orobat bere ekoizpen-linean:   “Gure ekoizpen-linea ERP sistema bati konektatuta dago, zeinak muntatzen ditugun produktu guztien trazagarritasuna erregistratzen baitu, osagai bakoitza eta makina osoa kontuan hartuta; prozesu osoa dago konektatuta. Hori guztia datu-base batean erregistratzen da, prozesuak kontsultatzeko, jakiteko zein izan den prozesua garatu duen langilea, eta abar. Ez dira datu edo “big data” asko prozesatzen, baina guretzat tresna bikaina da kontsultarako, adierazleak ematen baititu jakiteko zenbat egin den eta zenbateko kostua izan duen, eta hala, erabakiak har ditzakegu informazio horretan oinarrituta”.

 

Hona hemen Bizintek 4.0 Industriarako garatzen ari den proiektu batzuk: makinetatik datuak ateratzeko sentsoreak, kontrol eta segurtasun industrialerako sistemak eta “hizketa naturala prozesatzeko eta horrela makina erabiltzeko tresna bat. Ahots-laguntzaile bat, gure ahotsaz makina bat edo robot bat kontrolatu ahal izateko” aurreratu du del Ríok.

 

 

 

 

 

 

Ikerlan prueba en Florencia un nuevo sistema para gestionar el ‘big data’ hacia la movilidad urbana inteligente
Basque Industry 4.0 1 ekaina, 2020
Ikusi-k indartu egin ditu 4.0 Industriara eta eraldaketa digitalera bideratutako zerbitzuak

  Euskal konpainia datuen bilketa eta analisiarekin lotutako proiektuetan zentratzen da,...Leer más

Basque Industry 4.0 25 maiatza, 2020
Dronek konponbide berriak ekarri dituzte 4.0 Industriara

  Drone by Drone konpainia nabigatzaile birtual bat garatzen ari da Tecnalia-rekin batera,...Leer más

Linkedin-a

Eguneroko informazioa, jarduera-sektoreka eta intereseko
hartzeko.

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?