Euskal enpresaren blog-a Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa
Albisteak 25 apirila, 2017 Digitalizazioa Ekintzailetza Basque Industry 4.0 Enpresa digitala Industria adimenduna Start up up euskadi

Binary Soul enpresak prozesu industrialetarako prestakuntza-sistema gamifikatua garatu du

GTS tresnaren bidez edozein enpresak eskain diezaieke bere langileei zeinahi piezaren fabrikazio-faseei buruzko prestakuntza, bideojokoen teknologiak erabiliz

GTS tresnaren bidez edozein enpresak eskain diezaieke bere langileei zeinahi piezaren fabrikazio-faseei buruzko prestakuntza, bideojokoen teknologiak erabiliz

Binary Soul euskal startupak hiru urte bete berri ditu. Digipen Teknologia Institutuko CET ikasketetako lizentziatuez osatua, bere lehen proiektuak izan ziren aisialdirako bideojokoak, simulagailuak edo bezeroen neurrira eginiko gamifikazio konponbideak. Denborarekin ikusi zuten 4.0 Industriak negozio-nitxo handi bat ekarriko zuela, eta azkenaldian garatu duten proiektu bati esker, presente egongo dira Eusko Jaurlaritzak Hannoverreko Azokan izango duen stand-ean. Azoka hori industria arloko munduko ekitaldi handienetako bat da, eta urtero egiten da Alemaniako hiri horretan.

 

Azken hilabeteotan, beren GTS (Gamified Training System) produktuak sektore industrialaren interesa piztu du. Prestakuntza-sistema pertsonal bat da, esparru desberdinetan erabil daitekeena, eta, bereziki, fabrikazio industrialeko prozesuetan. Santiago Córdobak, Binary Soul enpresako zuzendari komertzialak, honela dio: “Sistemak gamifikazioa eta bideojokoen munduko teknikak baliatzen ditu. Ahalegina egiten dugu prestakuntzan aplikatzeko, horrela erabiltzaileen interesa pizteko eta ikaskuntza-prozesua modu ludikoan garatu dezaten”.

 

GTSk software berezi bat du bere oinarrian, batetik, 3Dn birsortzen ditu fabrika orokor bateko espazio desberdinak eta, bestetik, horrelako instalazioetan ohikoak diren makinen -esaterako, prentsak, tornuak edo laser ebakigailuak- liburutegi bat dauka. “Bideojoko baten maila-editore batek egiten duenaren antzekoa da. Eszenatoki bat konfiguratzen da, eta egin ditugun objektu-liburutegietatik abiatuta, edozein erabiltzailek sar ditzake bere makinak eszenatoki horretan. Makina-katalogo zabala daukagu, baina berriren bat sartu behar bada, guk geuk diseinatuko genuke bezeroarentzat, inolako arazorik gabe” nabarmendu du Córdobak.

 

Urruneko prestakuntza

Behin aukeratu ondoren zein makinari buruzko prestakuntza eman nahi zaien langileei, bezeroak oso erraz konfiguratu dezake nolako informazioa eman nahi duen. “GTSren bidez eman dezakegun prestakuntzak ez du erakusten nola erabili makina zehatz bat, baizik eta langileari azaltzen dio zeintzuk diren makina horrekin egin daitezkeen objektuak fabrikatzeko sartu behar dituen parametroak. Tornu baten kasuan, ez diogu azaltzen nola funtzionatzen duen, baizik eta zein urrats eman behar dituen pieza zehatz bat fabrikatzeko”, azpimarratu du Binary Soul enpresako arduradun komertzialak.

 

Konponbide honen erabilpen interesgarrienetako bat urruneko prestakuntza da, oso egokia baita fabrika desberdinetan lan egiten duten langileentzat. Zentzu horretan, hauxe esan du Córdobak: “Oro har, konpainiaren I+G sailean definitzen da osagai edo pieza zehatz baten fabrikazio prozesua. Behin hori zehaztu ondoren, fabrikazioari buruzko prestakuntza eman behar zaie beste lantegietako langileei. GTSri esker, urruneko prestakuntza bidez egin daiteke prestakuntza hori, langileak edo prestatzaileak batetik bestera eraman beharrik gabe”. Garapen honek badu beste abantaila bat ere, zeren prestakuntza ordenagailuetan, tabletetan edo spartphone-etan egin baitaiteke, ikasleei lana errazteko.

 

Binary Soul enpresa hasi da sistema probatzen CIE Automotive enpresarekin lankidetzan. Hasierako erabilpen-balorazioak positiboak izan dira, baina badago oraindik zereginik, batik bat erabiltzailearen esperientziaren arloan. “Dagoeneko badaukagu prototipo funtzional bat, baina azken orrazketa falta zaio batik bat zenbait alderditan. Hannoverreko Azokara eramango dugu denen aurrean ezagutarazteko eta garatzen jarraitzen lagunduko diguten balizko bezeroak edo inbertitzaileak bilatzeko. Gure asmoa da behin betiko bertsioa eskuartean izatea 2018ko urtarrilean” adierazi du Santiago Córdobak.

 

Binary Soul enpresaren lanak orobat probatu daitezke BasqueGame Lab zentro inauguratu berrian. BasqueGame Euskadiko bideojoko enpresen elkarteak eta Gaia klusterrak bultzatutako espazio bat da, zeinaren helburua baita balioan jartzea prozesu industrialak, prestakuntza eta hezkuntzari aplikatutako bideojoko-teknologiak.

 

Albisteak 24 ekaina, 2022 Digitalizazioa
Akuikulturako ingurumen-aztarna murriztea errazteko soluzio digitalak
Irakurri gehiago
Albisteak 23 ekaina, 2022 Digitalizazioa
Salva Industrial, okindegi eta gozogintzarako labeen Europako 10 fabrikatzaile handienetako bat
Irakurri gehiago
Albisteak 23 ekaina, 2022 Digitalizazioa
Basque Digital Innovation Hub-a teknologia digitalen Europako sare berrian sartu da
Irakurri gehiago
Albisteak 22 ekaina, 2022 Digitalizazioa
Diversiusek Atlantis plataforma garatu du, ekoizpen prozesuak digitalizatzeko
Irakurri gehiago
Albisteak 21 ekaina, 2022 Digitalizazioa
Kluppy, idazketa digitala era gamifikatuan irakasteko software bat
Irakurri gehiago

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak