NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK:


BERTSIO INPRIMAGARRIRAKO GOIBURUA:

SPRI logotipoa    Euskadi+innova logotipoa

ORRIALDEAREN GOIBURUA:

SPRI logotipoa

MENU LAGUNGARRIA:

Berrikuntza bidez hobetu

ORRI HONETAKO BIDE-IZENA:


ORRIAREN EDUKIA:

“Zientzia Gastronomikoen Fakultatearen oinarriak dira diziplina arteko prestakuntza eta eginez ikastea” · Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Center-eko zuzendaria

Bozkatu elkarrizketa hau
Emaitza:   Interesik gabekoa   5 boto
Elkarbanatu: Twitter Facebook Google + Delicious Menéame
Joxe Mari Aizegaren irudia

Mondragon Unibertsitateko Zientzia Gastronomikoen fakultate berriak urrian hasi zuen ikasturtea. Basque Culinary Center inauguratu berriaren proiektu berritzaile horri esker sukaldaritzak unibertsitate gradua lortu du. Hasiera-hasieratik sukaldari handien, hala nola, Juan Mari Arzak edo Pedro Subijanaren laguntza izan dute ekimena aurrera eramateko, eta ikasleek hainbat diziplina ikasiko dituzte: sukaldaritza eta kudeaketa, humanitateak, sorkuntzarako teknikak eta sukaldaritzari aplikatutako zientzia.

Zientzia Gastronomikoen fakultateko irudia.

Zeintzuk izan dira fakultateko ikasleek hartu dituzten lehen eskolak?

56 ikasleak urriaren 3an hasi ziren eta lehen bi aste hauetan testuingurua jartzen ari zaizkio etorkizunean izango duten ogibideari eta prestakuntza ereduari (nolakoa izango den gradua). Uste dut hori ere berritzailea dela unibertsitateko titulazioen artean, harrera plan integral moduko bat delako. Zein sektoretan lan egingo duten eta nolako irteerak izango dituzten ulertzeaz gain, titulazioa bera nolakoa den jakin behar dute, prestakuntza eredu desberdin bat baita gaitasunen garapenean oinarritzen dena.

Zergatik da berritzailea prestakuntza kontzeptu hori?

Lehenik eta behin, diziplina arteko prestakuntza delako eta eremu askotako jakintzak integratzen dituelako: sukaldaritza teknikak, zerbitzua emateko teknikak, zientzia, kultura, humanitateak... Baina baita ere eginez ikasteko prestakuntza eredu bat delako, praktikaren eta praktikari buruzko hausnarketaren bidez lortzen den ikaskuntza bat. Prestakuntza osatzen duen beste elementu bat talde-lana da. Ikasleak 14 laguneko taldetan banatuko dira eta  tailer desberdinetan parte hartuko dute; horrela, lankidetzaren bidez ikasiko dute eta irakasleek ere tutoretza lan handia egingo dute.

Nolako profila dute graduan sartu diren ikasleek?

Funtsezkoa da sukaldaritzari buruzko prestakuntza, baina kontuan hartu ditugu baita ere beste arlo batzuekin zerikusia duten gaitasunak, hala nola, sormena, edo praktikaren bidez lan egiteko gaitasuna; horiek denak landuko ditugu eurekin eta beraz jende aktiboa eta berritzailea dela esan genezake.

"Gizarte eta osasun arloko elementuak oso kontuan hartzen dira prestakuntzan"

Basque Culinary Center krisitik irteteko formula gisa aurkeztu zenuten inaugurazioan, nola da hori?

Sarri esaten dut gure indar-guneen sustapenean oinarritzen den eredu bat dela eta balore horietatik abiatuta proiektu koherente bat eraikitzen duela beste batzuekiko lankidetzan. Kasu honetan lankidetza publiko-pribatuaren eredu izan liteke, enpresa munduko eta administrazio publikoko eragileak baikaude inplikatuta eta hortik sortu da Basque Culinary Center.

Oro har unibertsitateak eta merkatuak lotura estuagoa izan behar luketela esaten da; nolako loturak dauzka alderdi horretatik zuen unibertsitate graduak?

Proiektu hau sektore profesionaletik sortua da. Ez da ohiko fakultate bat, profesionalen beren elkarlanetik sortutako proiektu bat delako, eta enpresa sektorea oso inplikatuta dago hartzen ditugun erabakietan eta ereduaren diseinuan. Beste era batera eraiki dugu fakultatea, fakultatearen sorkuntzan eta egunerokotasunean dagoelako unibertsitatearen eta enpresaren arteko harremana, hainbestetan hizpide izaten duguna.

Beste fakultate tradizionalago batzuek jarraitu behar luketen eredua al da?

Sinesten dugu eredu honetan. Basque Culinary Center-en Mondragon Unibertsitateak aspaldi erabiltzen duen lan modu bat aplikatu dugu, unibertsitatearen eta enpresaren arteko lotura indartsua duena. Behar-beharrezkoa da harreman sendo hori, prestakuntzaren munduak eta benetako sektore ekonomikoak ezin dutelako elkarrengandik hain urrun egon. Etorkizunerako bidea da, zalantzarik gabe.

  • Data: 2011/10/19



NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK: