NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK:


BERTSIO INPRIMAGARRIRAKO GOIBURUA:

SPRI logotipoa    Euskadi+innova logotipoa

ORRIALDEAREN GOIBURUA:

SPRI logotipoa

MENU LAGUNGARRIA:

Berrikuntza bidez hobetu

ORRI HONETAKO BIDE-IZENA:


ORRIAREN EDUKIA:

Nabigatu

What Matters  

McKinsey Publishing editorialak (McKinsey & Company aholkularitza enpresakoa), web bat jarri du abian, non hainbat esparrutako pentsalari eta adituen saiakerak biltzen baitira aktualitate handiko hamar galdera global nagusiei erantzuteko: klima aldaketa, krisi ekonomikoa, geopolitika, globalizazioa, osasuna, bioteknologia, berrikuntza, internet eta antolakundeak. McKinsey Publishing konpainiak paperezko edizioan ere argitaratu zituen What Matters saiakerak, eta orain webean jarri ditu, zeinak pixkanaka artikulu, audiozko elkarrizketa eta bideoekin osatzen joango baitira, parte hartzeko irekita dauden eztabaidez gainera. Hamar gaietako bakoitzak aurkezten diren galderei erantzuten saiatzen dira: zein da klima aldaketaren eraginari aurre egiteko modurik arrazionalena? Zer ikasiko dugu krisi ekonomikotik? Nola aldatuko du gure etorkizuna internetek? Edo posible al da guztiontzat egokia den osasun sektorea eskaintzea? Teknologia berri, industria, politika, ekologia eta ekonomiako adituek galdera hauei erantzuten saiatzen dira, etorkizunaren nondik norakoaren gaineko pistak emanez. 

 

Howard Rheingold’s Vlog

Internet-en egitura eta sareen funtzionamendua ulertzea funtsezkoa da benetako alfabetizazio digitala lortzeko, gai tekniko hutsa baino zerbait gehiago delako. Irizpide horri jarraituz, Howard Rheingold, komunikazio teknologia berrietako adituak hainbat azalpen bideo eskegi ditu sarearen funtzionamenduari buruz, non alderdi informatikoekin batera aipatzen baitira alderdi etiko eta legalak (jabetza intelektualeko legeak, esaterako), politikoak (kontrol sistemak) eta ekonomikoak. Hiritarrek ulertu beharreko gaiak dira guztiak, izan ere, ez dira erabiltzaile pasibo hutsak, sareko sortzaile ere badira. 

 

On the Commons

On the Commons antolakundeak ondasun komunak defendatzen ditu ikuspuntu zabal batetik, hots, ikuspuntu zabal horretan gizarte osoarenak diren aberastasun motak eta baliabide komunak barne hartzen dituzte: ingurumena, espazio publikoak, kultura edota sorkuntza zientifikoa. On the Commons espazioak gizartea hobetzeko ideiak aztertu eta ekintzak bultzatzen ditu, eta horretarako antolakunde, hiritar eta aktibista komunitate bat sortu du, non ikerketak partekatzen diren, hezkuntza kanpainak gauzatzen diren eta lankidetzako proiektu artistikoak eta tokiko ekintzak egiten diren. Open source eta kultura librearen defentsa bezalako kontzeptuak estrapolatzen dira sistema politiko eta sozial bidezkoagoak lortzeko. 

 

Learning by connecting  

Tjip de Jong enpresen administrazioko doktoretza ikaslea da Amsterdameko Universidad Vrije(e)n, eta espazio hau sortu du bere doktoretza tesia egiteko. Ikerketa honetan lantzen du nola eragin dezakeen kapital sozialak antolakundeetako edo network sozialetako ikaskuntza prozesuetan. Webean informazioa, ikerketak eta teoriak aurki daitezke hainbat kontzepturi buruz: sare soziala, kapital soziala eta ezagutza sortzea, esaterako. Autoreak ikuspuntu desberdinetatik aztertzen du nola funtzionatzen duten harremanek sare sozialen barruan, eta gai ote diren ezagutza sortzeko.

 

 

Publius Project  

Berkman Center for Internet and Society elkartearen proiektu honen bidez interneti buruzko eztabaida espazio ireki bat sortu nahi da ikuspuntu zabalenetik abiatuta. Webak hainbat arlotako autoreren artikulu eta saiakera laburrak biltzen ditu: hezkuntza, ikerketa, teknologiak, gizarte mugimenduak eta politika, esaterako; eta hauen bitartez, hausnarketa egiten du sareari eta eskaintzen dituen aukerei buruz. 50 autore inguru biltzen dira: Charles Leadbeater, Clay Shirky eta Dan Gillmor besteak beste, eta gai anitzei buruz idazten dute, esaterako askatasuna eta kontrola interneten, giza eskubideak, segurtasuna, hiritarren parte-hartzea eta sarearen eragina demokrazian. Testuak Creative Commons lizentziapean argitaratzen dira, eta eztabaida irekia sortzen dute, ziberespazioaren etorkizuna nolakoa izatea nahi dugun hausnartzeko. 

 

Toolkit Citizen Participation

 

Espazio honek hiritarrak tokiko gobernuetan parte hartzera bultzatzen ditu gizartea hobetu eta garatzeko bide bezala. Plataforma hainbat kontinentetako GKEek eta tokiko kolektibok osatzen dute, eta "erreminta kaxa" izan nahi du, mundu osoko metodo eta kasu praktikoak eskaintzen dituelarik, non hiritarren parte hartzea erabiltzen den tokiko arazo zehatzak konpontzeko, esaterako, desberdintasun sozialak eta baztertutako kolektiboak, tokiko udaletako aurrekontuen esleipen kolektiboa edo espazio naturalen babesa eta zaintza. Webaren helburua da hiritarren parte hartzea daukaten proiektu berriak inspiratzea dagoeneko martxan dauden kasuen bitartez eta, era berean, eztabaida espazio bat izatea gobernuz kanpoko erakundeen, hiritarren eta tokiko gobernuen arteko eztabaida sustatzeko.

 

Centre for Social Innovation

Kanadako gizarte ekintzaile talde txiki batek 2004an Centre for Social Innovation sortu zuen Toronton, gizarte aldaketa bat ekar dezaketen ideia sortzaileak bultzatzeko espazioa. Zentroak espazio bat eskaintzen du lan egiteko, elkartzeko eta hobekuntza sozialerako soluzio berritzaileak dauzkaten pertsonak euren artean harremanetan jartzeko, elkarrengandik ikasi eta proiektu berriak gauzatu ditzaten. Horrez gain, aholkularitza zerbitzua ere eskaintzen du sortzen ari diren enpresa sozialentzat.

 

 

OpenLivingLabs

European Network of Living Labs-en (EnoLL) weba da. Egitasmoa 2006an sortu zen EBren CoreLabs eta CLOCK ekintza planen baitan, berrikuntza eta garapen sozial, teknologiko eta ekonomikoko zentro hauek koordinatu eta bultzatzeko. Atarian, Open Innovation Community proiektuari atxikitako Europako eta munduko gainerako herrialdeetako Living Labs-ak biltzen dira. Living Labs-en arteko lankidetzarako eta sare-lanerako espazioa bat da, non ezagutzera ematen baitira hainbat zentrotan gauzatzen ari diren ekitaldi eta proiektuak.

 

Involve

Irabazi asmorik gabeko antolakunde britainiar honek "parte hartze publikoko espezialista" bezala definitzen du bere burua. Involve-k erakunde publiko eta pribatuekin, komunitateekin eta hiritarrekin batera lan egiten du parte hartzea bultzatzeko formulak bilatzeko, horrela prozesuak hobetuz administrazioan nahiz konpainien barruan. Gaur egun, Involve hainbat proiektutan ari da lanean, beste antolakunde batzuekin batera, hiritarren parte hartzea bultzatzeko eremu guztietan, bai zerbitzu publikoetan, bai erabaki politikoak hartzean edo interes orokorreko gaietan. Datorren urterako aurreikusita dauzkan egitasmoen artean dago, adibidez, ikerketa bat egitea, aztertzeko nola eta zergatik inplikatzen diren hiritarrak parte hartzeko modu desberdinetan. Ikerketaren helburua da arlo honetako ezagutza gehiago lortzea. Horrez gain, jarduera parte-hartzaileak antolatu nahi ditu, Nazio Batuek 2009an klima aldaketari buruz egingo duten konferentziarako.  

 

 NESTA

NESTA (National Endowment for Science, Technology and the Arts) fundazio britainiarraren eginkizuna da berrikuntza azkartzea Erresuma Batuan, ikuspuntu zabal batetik eta eremu guztietan, bai enpresa munduan eta baita ere zientifikoan, osasun arloan, ingurumen arloan, hezkuntzan eta artean. NESTAk beste fundazio batzuekin eta administrazio publikoarekin batera egiten du lan eta berrikuntza bultzatzen du hainbat fronteren bitartez: eremu desberdinetako profesionalei eta gobernuari zuzendutako ikerketak egiten ditu, agenda politikoan berrikuntza sartzeko; enpresa sortzaileak finantzatzen eta sustatzen ditu, eta proiektu berriei laguntzen die. Arlo honen barruan, NESTAk lankidetzako hainbat berrikuntza ekimenetan parte hartzen du, arlo desberdinetako pertsonak eta erakundeak elkartuz ikuspuntu berriak lortzeko. Gauzatu dituen proiektuetako batzuk dira, esaterako ,Universities United, gizarte berrikuntza unibertsitateetan sartzeko proiektua edo Social Innovation Camp internet bidezko konponbide berriak aztertzeko topaketak.

NESTAk gazte ekintzaileak eta konpainia berriak bultzatzeko proiektuak ere lantzen ditu, esaterako, Digital Innovation in Film, sortzen ari diren ikus-entzunezko enpresei laguntzeko, edo Creative Business Mentor Network, ekintzaile berriei aholkularitza emateko adituen sarea. Gizarte berrikuntzaren arloan, fundazioak hainbat ekimen zibiko dauzka martxan, besteak beste, ingurumenerako konponbide berritzaileak aurkitzeko eta osasunaren arloa lantzeko proiektuak, esaterako, Health Launchpad ideia inkubagailua, gaixotasun kronikoak dauzkaten pertsonen bizi-kalitatea hobetzera zuzendua.
NESTA Innovation Digest argitalpenaren bitartez ezagutu daitezke antolakundearen barruko artikulu, ikerketa eta proiektu berriak.

 

Innovation Unit 

Irabazi asmorik gabeko antolakunde honen helburua da Erresuma Batuko zerbitzu publikoetan berrikuntza akuilatu eta azkartzea, sektore desberdinetako profesionalen lan bateratuaren bitartez eta hiritarren parte hartzearekin. Innovation Unit-ek ikerketa eta azterketak egiten ditu metodologia berri bat eskaintzeko: Next Practice. Metodologia berri honek zerbitzu publikoak hobetuko ditu, hiritarren beharretara egokituz. Antolakundea batez ere hezkuntzara zuzenduta dago, eta 2006ra arte gobernu britainiarraren Department for Children, Schools and Families sailaren barruan zegoen. Gaur egun, Becta gobernu agentziarekin eta Cisco konpainiarekin lan egiten du, eta baita ere Britainia Handiko administrazio publiko desberdinekin eta hezkuntza fundazioekin. Bere web orrian biltzen dira martxan dauzkaten proiektuak, eta baita ere hezkuntzan berrikuntza bultzatzeko azterketa eta argitalpenak.

 

epractice.eu 

Europako Batzordeko ataria da, eGobernu, eAdmimistrazio, eInklusio eta eOsasun arloetara lotutako profesional komunitateei zuzenduta. Ekimen honen helburua da Europa osoan gai hauen inguruan sortzen diren ideia, esperientzia eta proiektu berriak bateratzea argitalpen eta web eztabaiden bitartez. Hala ere, aurrez aurreko topaketa, workshop eta aurkezpenak ere egingo dira Europako hainbat herrialdetan. Web-ak gainera, erreferentzia izan nahi du gobernuen funtzionamenduari eta administrazioen zerbitzuei buruzko erabakietan parte hartu nahi duten erabiltzaileen artean.

 

Web The Young Foundation

The Young Foundation Europako antolakunde garrantzitsuenetakoa da gizarte berrikuntzaren ikerketa eta sustapenean.

Fundazioa Londresen kokatua dago; batetik maila teorikoan lan egiten du ikerketa, argitalpen eta topaketen bitartez, eta bestetik baita maila praktikoan ere, gizarte beharrei erantzuna emango dien proiektuak aurrera eramanez eta administrazio publikoekin, gizarte erakundeekin eta enpresekin harremanetan jarriz. The Young Foundation 2005ean sortu zen Institute of Community Studies Institute of Community Studies-etik abiatuta. Azken hau Michael Young-ek sortu zuen 1954an.

Gaur egun fundazioa Geoff Mulgan-ek zuzentzen du. Hau 2004ra arte gobernu britainiarreko Estrategia Unitateko zuzendari izan zen eta hori baino lehenago, Gordon Brown-en kontseilari.

 

Sol España, Antolakuntzaren Ikaskuntzarako Sozietatea

SoL (Society for Organizational Learning) komunitate globaleko partaide den web orri espainiarra. Plataforma honetan pertsona eta erakundeek nazioartean egiten dute lan, antolakuntzaren ikaskuntza garatu eta aldaketa berritzaileak lortzeko. Komunitatearen barruan, ideiak partekatuz lan egiten dute, bai enpresa eta GKEek, eta bai ikertzaile eta administrazio publikoek ere.

Antolakuntzaren ikaskuntza, SoLen arabera, komunikazioa hobetzean datza, horrela arazoak konpontzeko, talde-lana errazteko eta etengabeko ikaskuntza sustatzeko.

 

SIX: Social Innovation eXchange

SIX izeneko plataforman biltzen dira gaur egun berrikuntza sozialaren esparruan lanean ari diren mundu mailako erakunde nagusiak. Espazio parte-hartzailea da, esperientziak, analisiak eta azterketak trukatu daitezke eta horrela, nazioartean berrikuntza sozialaren arloan zer egiten den eta zein erronka dauden ezagutu.




NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK: