NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK:


BERTSIO INPRIMAGARRIRAKO GOIBURUA:

SPRI logotipoa    Euskadi+innova logotipoa

ORRIALDEAREN GOIBURUA:

SPRI logotipoa

MENU LAGUNGARRIA:

Berrikuntza bidez hobetu

ORRI HONETAKO BIDE-IZENA:


ORRIAREN EDUKIA:

Irakurri

Google baino haratago, Jorge Juan Fernández García

Más allá de Google

Liburu hau ez da inola ere interneteko informazioa kudeatzeari buruzko argitalpen bat, aitzitik bere baitan biltzen ditu teknologia berriek eta bereziki internetek antolakuntza mailan eta egungo gizartean dauzkaten ondorioak; gizarte bat, non informazio sorkuntza biderkatu egiten baita ezagutza kolektiboari buruzko balio berriak eta komunikazio gaitasun handiagoa sortuz, baina baita ere hainbat erronka, esaterako, zarata murriztu beharra informazio esanguratsua eta komunikazio eraginkorra lortzeko. Liburua pdf formatuan ere lortu daiteke Creative Commons lizentziapean, eta gehienbat enpresa antolakuntzarekin lotutako kontzeptuak aipatzen ditu. Zenbaitetan errepikakorra den arren, konponbide errazak eskaintzen ditu informazio, ezagutza eta berrikuntza kontzeptuen esanahi berriak ulertzeko. 

 

 

Fixing the Future, The Young Foundation  

Fixing the future

Berrikuntza soziala ikertu eta bultzatzeko The Young Foundation erakunde britainiarrak txosten bat argitaratu du atzeraldi ekonomikoaren eraginak arintzeko bide berriak aurkitzeko eta krisia, ahal den neurrian, aukera bilakatzeko. Txostena batez ere gobernuei zuzenduta dago, naziokoak zein tokikoak, baina baita ere erakunde humanitario eta enpresei, eta ikuspegi nagusitzat hartzen du gobernuen politikak orain artean iraganeko sistema bat konpontzen saiatu direla, etorkizunean inbertitzeko modu berriak bilatu beharrean. Fixing the future dokumentuak egungo egoera ekonomikoaren eta orain artean gobernuek gauzatutako jardueren emaitzen laburpena egiten du, eta atera dituen ondorioen artean hainbat premia aipatzen ditu: administrazioen eta tokiko antolakundeen papera indartzeko premia, gazte eta helduen prestakuntza sustatzekoa, organismo publikoen arteko informazio trukea azkartzekoa eta sormena eta esperimentazioa bultzatzekoa, hiritarren parte hartzea integratuz. Txostenaren idazleak dira Geoff Mulgan, The Young Foundation erakundeko zuzendaria eta Omar Salem, UpRising Leadership Programme fundazioaren baitan integratutako proiektuko arduraduna.

 

La alquimia de las multitudes. Cómo la web está cambiando el mundo, Francis Pisani eta Dominique Piotet

La alquimia de las multitudes

Urte hasiera aldera argitaratu zen La alquimia de las multitudes liburuaren gaztelaniazko bertsioa. Bertan Pisani eta Piotet idazleek, biak ere adituak teknologia berrietan, ibilbide bat egiten dute azken urteetan informazioaren eta komunikazioaren teknologiek izandako eboluzioan zehar, eta internetek eta 2.0 webak egindako ekarpen sozialak ikertzen dituzte. Liburuak espreski aipatzen du sare sozialek hiritarren artean elkarreragin eta antolatzeko modu bezala izan duten gorakada, eta ekarri dituzten aurrerapenak zein alderdi negatiboak aztertzen ditu. Francis Pisani irakaslea da hainbat unibertsitatetan, besteak beste, Stanford University, UC-Berkeley eta Universidad IberoAmericans-en. Sarritan argitaratzen ditu kazetaritza artikuluak nazioarteko egunkari eta aldizkarietan. Dominique Piotet Atelier enpresako presidentea da (Ipar Amerikako think tank-aren filiala) eta enpresa hau teknologia berrien berrikuntzan aritzen dira.

 

 

Innovating for and by users, autore ugari

Innovation for and by users

COSTek editatua (European Cooperation in Science and Technology), liburu honetan biltzen dira hiritarrek aro digitalean informazio eta komunikazio teknologien garapenean daukaten paperari buruz idatzi diren saiakera ugari. Innovating for and by users-ek teknologia berriak pertsonen egunerokotasunean nola sartzen diren aztertzen du, zein den erabiltzaileen rola IKTen diseinuan eta nola aprobetxa daitekeen hiritarren sormena eta esperientzia berrikuntzarako. Horretarako, abiapuntutzat hartzen dute IKTek komunikabide berrietan duten perspektiba zabala, eta baita ere espazio publikoa, hezkuntza, zerbitzu publikoak eta administrazioak.

 

 

The Element. How finding your passion changes everything, Ken Robinson

The Element

"Being in your element" ingelesezko adierazmoldeak esan nahi du benetan eroso sentiarazten zaituen hura egiten ari zarela. Autorearen esanetan, horrelaxe sentitzen dira pertsonak euren talentua garatu eta gustuko dutena egiten dutenean. Ken Robinson bizi guztian aritu da sormena ikertzen eta bultzatzen. Aholkulari izan da enpresetan, gobernuetan, hezkuntza erakundeetan eta kultur antolakundeetan, eta talentua garatzeko modu berriak identifikatu ditu sozialki berritzeko modu bezala. Libru honetan, Robinsonek hainbat lagunen kasuak azaltzen ditu, zeinak euren gaitasunak aurkitu eta garatzea lortu duten, askotan curriculum estandarizatuetan oinarritutako hezkuntza sistemaren baitan egon arren. Liburuan aurki daiteke, esaterako, Paul McCartney-ren kasua. Paul ikaragarri aspertzen zen institutuko musika klaseetan, eta ezin izan zuen bere auzoko koruan ere sartu. Edo baita Gillian Lynne koreografoarena ere. Azken hau hezkuntza zailtasunak dauzkaten haurrentzako eskola batean sartzeko puntuan egon zen ezin zuelako arretarik jarri klaseetan, dantza baino ez baitzuen egin nahi. Robinsonen esanetan hauek ez dira kasu isolatuak. Pertsona orok trebetasun bereziak dauzka eta baldintzak sortu behar dira, batez ere hezkuntzan, hauek loratu eta garatu daitezen. 

 

Informal learning: Rediscovering the natural pathways that inspire innovation and performance, Jay Cross

Informal Learning

Jay Cross aitzindaria da e-learning esparruan eta 2.0 eta interneteko tresnek eskaintzen dituzten ikaskuntza informaleko aukeretan. Liburu honetan, Cross-ek weba aipatzen du hezkuntza informaleko iturri bezala. Hezkuntza informalak hainbat balore berri dakartza berekin, esaterako, autoikaskuntza, berdinen arteko lankidetza eta norberaren motibazioa ezagutza bilatzeko motor gisa. Kontzeptu hauek, autorearen esanetan, ikasgeletan sartu beharko lirateke. Oraindik ere hezkuntza sistema tradizionala aplikatzen da ikastetxeetan, ezagutzaren norabide bakarreko transmisioan oinarrituta, hots, irakasleetatik ikasleengana transmititzen dena. Jay Cross, Internet Time Group-en fundatzailea, iritzi liderra da ikaskuntza teknologietan, eta dagoeneko hainbat liburu eta artikulu argitaratu ditu gaiaren inguruan hainbat puntu landuz: hezkuntza informala, 2.0 weba eta pentsamendurako eta antolakuntzarako metodologia berriak.

 

 The Green Collar Economy, Van Jones

Green Economy

Liburu honetan, Van Jones ingurumen aktibistak plan bat deskribatzen du, gizartea kezkatzen duten bi arazo nagusi denon artean konpontzeko: ekonomia eta ingurumenaren kaltetzea. Jones-ek dio egungo ekonomia berriztagarriak ez diren baliabideetan oinarritzen dela, eta ingurumena agortzeaz gainera, prezioen igoera eta hiritarren pobretzea eragiten duela, baliabideak gero eta eskasagoak baitira. The Green Collar Economy liburuak sistema ekonomiko berri bat proposatzen du, energia berriztagarrietan oinarritzen dena eta, era berean, enplegu berriak sortzen dituena langabezi maila handiak dauzkaten komunitate txiroentzat. Van Jones Green For All antolakundearen fundatzailea da. Erakunde honek gizarteko kolektibo txiroei zuzendutako enplegu berdeen sustapenaren alde egiten du lan. 

 

Crowdsourcing, why the power of crowd is driving the future of business, Jeff Howe

Crowdsourcing

Jeff Howe-k 2006an sortu zuen crowdsourcing terminoa azken urteetan hainbeste zabaldu den fenomenoa izendatzeko, hots, oro har langile profesionalez osatutako talde txikiek egiten duten edozein lan erronka bilakatzea parte hartu nahi duen ororentzat, arazoa denen artean konpontzeko. Liburu honetan, Howe-k adibideen bidez aztertzen du sektore guztietara zabaldu den sorkuntza modu berria: diseinua eta multimedia artea, teknologia, zientzia... eta pista desberdinak ematen ditu fenomeno honen etorkizunari buruz eta gizartean eta ekonomian izango duen eraginari buruz. Autorearen esanetan, crowdsourcing fenomenoa aniztasunaren indarrean eta sistema meritukratikoan oinarritzen da, izan ere, orain askoz errazagoa baita sorkuntza tresnak eta pertsonen arteko konexioa eskuratzea, eta, gainera, erronka ugari dauzkagu negozioentzat. 

 

 

IBMren txostena enpresan software sozialari ematen zaion erabilpenari buruz  

beehive

IBM informatikako konpainiak 2007an abiarazi zuen Beehive, enpresa barneko sare sozial berria, eta honen bitartez langileei espazio bat eskaini zien komunikatzeko, pertsonalki nahiz profesionalki. Plataforma irekita dago edozein gairentzat, eta ez profesionalentzat bakarrik. IBMko langileek lanei, ideiei eta proiektuei buruzko informazioa partekatzen dute, eta topaketa informalak antolatzen dituzte lotura sozialak sortzeko. Enpresak txosten bat argitaratu du ekimenaren emaitzei buruz, eta honen arabera, hobekuntza ekarri du bai sozialki eta bai profesionalki ere, elkarrengana hurbildu baititu enpresako langileak, langile ohiak eta kolaboratzaileak . 

 

 

We, the Media, Dan Gillmor

We, the media

Dan Gillmor-ek, hiritarren kazetaritzaren aitatzat hartzen denak, 2004an argitaratu zuen liburu hau. Liburuaren azpitituluan Grassroots Journalism by the People, for the People esaldia ageri da, eta gaur egun ere indarrean dago, izan ere, internetek kazetaritzaren munduan eta oro har informazioarenean eragin duen iraultzari buruz hitz egiten baitu. Gilmor-ek "XX. mendeko komunikabide masiboaren eraldaketaz" hitz egiten du, "askoz ere demokratikoagoa den eszenatoki berrirantz" goazela esanaz. Eszenatoki berri horretan, komunikatzeko boterea ez da biztanleriaren sektore txiki batena soilik; aitzitik, hiritar guztien eskura egongo da sareak eskaintzen dituen konta ezin ahala espazioen bitartez, eta horrela, irakurketa elkarrizketa bilakatuko da. Autoreak egoera honek ekarriko dituen ondorioei buruzko analisia egiten du liburuan, eta, era berean, hedabideetako enpresa eta profesionalengan eragingo dituen aldaketak aipatzen ditu. Liburua eskuragai dago Creative Commons-en, gaztelaniara itzulitako bertsioan.

 

Ethical Economy, Adam Arvidsson eta Nicolai Peitersen

Ethical Economy

Gaur egun etorkizun ekonomikoari buruz daukagun ikuspegi katastrofistaren ordez, Ethical Economy liburuaren idazleek uste dute balore etikoetan oinarrituko den sistema bateranzko iraultza ekonomiko, politiko eta sozialaren aurrean gaudela, eta egoeraren analisia erakusten digute euren lanean. Arvidsson eta Peitersen-ek ez dute utopiaz hitz egiten, errealitateaz baizik, euren esanetan, komunikazio teknologia berrien bitartez sorkuntza kolektiborako eta kultura eta ezagutza trukatzeko modu berriak sortu dira, onura ekonomikoaren bilaketan oinarritu beharrik gabe: open source-n egindako produkzioa -esaterako software librea-, p2p artxiboak, wiki espazioak -adibidez Wikipedia-, blogak eta sare sozialetako espazioak. Liburuan, autoreek iraultza honen jatorria aipatzen dute, hots, egungo egoera, non gizartea den protagonista, baina euren esanetan konpainiak eraldatzen ari dira negozio eredu berriekin, eta etorkizuneko perspektibak ere azaltzen dira. Liburuaren webean eskuragai daude lehen bi kapituluak, eta parte hartu daiteke wiki bitartez.

Adam Arvidsson soziologiako irakaslea da Milango Unibertsitatean eta berak idatzi du Brands: Meaning and Values in Media Culture liburua. Nicolai Peitersen, Actics sare sozial etikoaren fundatzaileetako bat da eta ekonomista eta berrikuntza sozialean aditu bezala laguntzen du hainbat argitalpenetan.

 

Stanford Social Innovation Review

SSIR

Stanford unibertsitateko Stanford Graduate School of Business eskolak sortutako Center for Social Innovation zentroak argitaratutako aldizkaria. Aldizkaria hiru hilean behin argitaratzen da, eta berrikuntza sozialeko esperientziei eta kasu praktikoei buruzko artikuluak, ikerketa eta azterketak biltzen ditu, denak ere hirugarren sektorean nahiz enpresa merkatuan aldaketa sozialen bat ekarriko duten negozio eredu eta estrategia berriak inspiratzea helburu dutenak. Aldizkari osoa kontsultatu daiteke harpidetuz gero, baina elkarrizketa eta artikulu batzuk irakurgai daude harpidetu gabe ere. Center for Social Innovation erakundearen helburua da Stanford Graduate School of Business eskolako ikasleak gizarte berritzaile bezala heztea, sormena eta gizarte baloreak sustatuz.

 

The Public Domain, James Boyle

Public Domain

Liburu honen egilearen esanetan, beharrezkoa da "domeinu publiko" kontzeptuak zer  esan nahi duen jakitea eta zein garrantzi duen ulertzea berau babesten ikasteko, bai kulturari dagokionean eta baita ere ezagutzaren gainerako esparruetan, zientzia eta teknologiatik hasi eta negozio ideietaraino. James Boylek The Public Domain liburuan azaltzen du jabetza intelektualeko legeek eta patenteek mugatzen dutela ezagutzaren eta sormenaren aurrerapena, eta adibideen bitartez frogatzen du baieztapen hau. Esaterako, gaur egun sekuentzia genetikoak edo musika noten talde txikiak jabetza pribatukoak dira, hau da, XX. mende amaiera aldera produzitutako kultura gehiena legez babestuta dago eta, beraz, ezin da ezer sortu hauek abiapuntutzat hartuta. Liburu honekin, Boyle-k domeinu publikoaren kontzeptu zabalago bat sartzen du jabetza legeen eta ezagutzaren aurrerapenaren arteko egungo eztabaidan.

James Boyle Zuzenbideko irakaslea da, Center for the Study of the Public Domain eta Creative Commons egitasmoen fundatzaileetako bat ere bai, eta une honetan azken honen presidentea. Antolakunde honen barruan, Science Commons espazioa bultzatu du, zientzia eta teknologiaren munduan Creative Commons lizentzien filosofia sustatzeko.

 

Heterotopia and the City. Public Space in a Poscivil Society, Michiel Dehaene eta Lieven De Cauter

Heterotopia

60. hamarkada amaiera aldera, Focault-ek Heterotopia terminoa planteatu zuen, mundu garaikideko espazio heterogeneoa deskribatzeko, non giza harremanek definitzen dituzten gure bizilekuak. Heterotopia and the City liburuak urbanista eta arkitektoen artean eztabaida ugari piztu duen kontzeptu hau sakontzen du, eta era berean, hiri garaikidea eta espazio publikoen erabilera esploratzen du, hiri eraldaketako kasu praktikoak aztertuz: Yakarta edo Dubaitik hasi eta Bilbo bezalako hiri europarretaraino. Autoreek eremu abandonatuak eta eraikin zaharkituak behatzen dituzte, erresistentzia eta hiri aktibismorako toki bezala proposatuz, eta espazio publikoaren erabilera aztertzen dute, agoratik hasi eta merkataritza zentroraino.

Michiel Dehaene hirigintza irakaslea da Eindhoven-eko Teknologia Unibertsitatean. Lieven De Cauter arkitektura irakaslea da Leuven-eko Unibertsitatean, eta hainbat liburu argitaratu ditu arte garaikidearekin, hiriarekin eta arkitekturarekin lotuta.

 

 Arts and humanities research and innovation, Hasan Bakhshi, Philippe Schneider and Christopher Walker.

Ikerketa hau Arts and Humanities Research Council, arte eta humanitate arloko ikerketa erakundearen barruan egin da eta Britainia Handiko gobernuak finantzatu du NESTA fundazioaren laguntzarekin.
Dokumentuak azaltzen du zein garrantzitsua den artearekin eta giza zientziekin lotutako ikerketak berrikuntzarako ikerketan sartzea, izan ere, askotan azken hau gai teknologiko eta zientifikoetan baino ez baita zentratzen. Autoreen arabera, berrikuntza gero eta gehiago partekatzen den jarduera da, elkarlanari esker doa aurrera eta berrikuntzaren kulturaren bidez hobeto ulertzen dira pertsonen portaerak, nortasuna eta espresatzeko modua, gainera, etengabeko sormen iturri garrantzitsua da. Ikerketak Arts and Humanities Research Council erakundeko proiektu batzuk aztertzen ditu. Proiektu horietan egiten diren ikerketek adar teknologiko eta zientifikoak eta arte eta kultur eremuak uztartzen dituzte, esaterako, ikerketak garatzeko eta ezagutzak trukatzeko espazio birtualak sortzea, edo tresna teknologiko berriak beste kultura batzuk ikertzeko.
Informazio gehiago:
Ken Robinson-en hitzaldia, sormenak eta arteak heziketan duten garrantziari buruzkoa.
 

Free!, Chris Anderson

free

Chris Anderson, Wired aldizkariko argitaratzaile nagusiak eta The Long Tail liburuaren egileak, Free! izeneko bere liburu berria aurkeztu du. Liburu honetan doako produktu eta zerbitzuen ekonomia berriari buruz dihardu. Andersonek azaldu duen bezala, gauzak doan eskainiz negozioa egin daitekeelako ideia ez da berria, baina internetek eta produktu digitalen zabalkuntzak doakoaren merkatua iraultza ekonomiko bihurtu dute eta negozio eta ekoizpenerako modu berriak ireki dituzte, esaterako Google bezalako enpresa arrakastatsu eta emankorra edo irabazi ekonomikorik bilatzen ez duten Wikipedia bezalako sorkuntza tresnak. Autorearen arabera, "sekula ez da egon gaur dagoen bezalako aukera zabala doako negozio eredu bat martxan jartzeko". Bere liburuan Andersonek doako merkatuari lotutako eredu zenbait aipatzen ditu, euren barruan sartzen direla softwarea eta doako zerbitzuak eta hala publizitatean nola bilatzaileen posizionamenduan eta datuen salmentan oinarritutako negozio berriak. Hala ere, bada zerbait merkatu ekonomikoa goitik behera aldarazi duena: irabazi ekonomikorik gabeko produktu trukaketa eta sorkuntza kontzeptua, altruismoan, bisibilitatean edo aintzakotzat hartua izatea bezalako beste balore batzuetan oinarritutako sistema, alegia.

 

Blogbook, El futuro es tuyo, hainbat egile

blogbook

Blogbook blogosferaren munduarekin lotutako 120 pertsonak lankidetzan idatzitako liburua da, 2.0. espazioek ekarri duten gizarte, ekonomi eta enpresa iraultza ardatz bezala hartuta. Proiektua Dioni Nespralen ekimenetik sortu zen. Bere blogean liburu bat egiteko erronka bota zuen, blogetako komunitate guztia parte hartzera animatuz. Liburuan egile bakoitzak bere ikuspegi pertsonala islatzen du 2.0. munduaren inguruan, eta azaltzen dute baita ere komunikatzeko bide berri hauek nola aldatu dituzten giza harremanak, negozio ereduak eta teknologiaren garapena, iraultza honen oinarrian pertsonak jarriz, aldaketaren motor bezala. Liburuko artikuluek hainbat gai lantzen dituzte, besteak beste, onlineko negozio berriak, lankidetza tresnak, 2.0. hiritarra, iritzi publiko berria eta ikaskuntza eta teknologia sorkuntza open source-n bitartez. Liburua doako bertsioan lortu daiteke webean, eta lankidetzan egindako sorkuntzaren adibide garbia da, ikuspuntu desberdinetatik aztertzen dituelarik egungo gizartea eta etorkizuneko aukerak. 

 

Honest Brokers: Brokering innovation in public services, Matthew Horne

Honest Brokers Liburua

Ikerketa hau Innovation Unit fundazio britainiarrak argitaratu zuen, eta zerbitzu publikoen munduan sortzen ari den antolaketa modu berri baten papera esploratzen du: berrikuntzarako agente edo bitartekariena. Autorearen esanetan, irudi hau aspalditik existitzen da beste sektore batzuetan, esaterako, enpresetan eta zientziaren munduan. Hor dauzkagu parke teknologikoak, enpresa berrien inkubagailuak edo ideia laborategiak, baina gizarte arloan oraindik bide luzea dago egiteko.

Horne-k Britainiako hezkuntza sistema aztertzen du zerbitzu publikoaren eredu bezala, non berrikuntza maila jakin bat badagoen arren, eraitsi beharreko harresi asko dauden oraindik, eta arlo honetan lanean ari diren agente berritzaileez hitz egiten du, esaterako, Innovation Unit, SSAT eta FutureLab, praktika eta proiektu berriak sustatzen dituzten antolakundeak Erresuma Batuko hezkuntza dinamizatzeko. Era berean, ikerketak bere baitan hartzen ditu gobernuek hartu beharreko neurriak agente hauen arteko harremanak indartzeko, hau da, enpresa mundua, zerbitzu publikoak eta administrazioa.

Matthew Horne autoreak, berrikuntza sozialeko hainbat bitartekaritza antolakundetan parte hartu du, esate baterako, Demos, The Design Council eta Innovation Exchange.

Honest Brokers eskuragai dago pdf formatuan, Innovation Unit-en web orrian.


Being Digital (Digitala Izatea), Nicholas Negroponte

being digital

Askoren iritziz, Being Digital liburuak XX. mendearen amaiera aldera ikusten hasi ginen etorkizun digitala iragarri zuen 1995ean argitaratu zenean. Urteko bestseller garrantzitsuenetako bat bilakatu zen, eta gaur egun 40 hizkuntza ingurutara itzulita dago.

MIT (Massachusetts Institute of Technology) institutu ospetsuko Media Lab-en sortzaileak, Nicholas Negroponte-k idatzi zuen liburua, hamar urtez ikerketa zentro honetako buru izan ondoren. Bertan hainbat saiakera biltzen ditu laurogeita hamarreko hamarkadan dagoeneko sortzen hasita zeuden informazio eta komunikazio teknologien aurrerapen handiek gizartean izango zuten eraginari buruz.

Liburuan, Negropontek gizarte berri bati buruz hitz egiten du, non bit-ek atomoak ordezkatuko dituzten eta internet autopista informazio erraldoia bilakatuko den, haren bitartez hiritarrak komunikatuko direlarik espazio geografikoaren eta denboraren harresiak gaindituz. Era berean, Negropontek iragarritako etorkizunean, paperezko hedabideen ordez on-line formatuak erabiliko dira, eta telebista tradizionalaren ordez berriz ordenagailuak, eta horrela, posible izango da askoz ere informazio pertsonalizatuagoa ematea, hiritar bakoitzaren interes eta beharren arabera. Azken batean, duela hamabi urte idatzitako aurreikuspena bada ere, gaurko errealitatetik oso gertu dagoela esan behar da.

Liburuaren zati bat eskuragai dago sarean

 

Network Citizens, Peter Bradwell y Richard Reeves

network citizens

Demos izeneko think tank britainiarrak argitaratutako txosten honetan sare sozialak aztertzen dira enpresen eta erakundeen esparruko berrikuntza, sormen eta informazio iturri gisa. Egileen arabera, sare sozialak beti egon dira hor, baina internetek komunikaziorako ematen duen erraztasunaren ondorioz sare sozial horiek egiazko iraultza bat ekarri dute harreman pertsonal eta profesionaletan.

Egileek aztertzen dute nola erantzuten dieten erakundeek sare horiei, eta zer gisaz erantzun beharko luketen, sare sozial horiek trukaketetarako eta ideiak sortzeko daukaten potentziala ez alferrik galtzeko. 

Sei erakunde ezberdinen kasuak aztertu ondoren txostenak erakusten du sare horiek antolaketa forma berriak, hierarkia berriak eta lan egiteko modu desberdinak izan daitezkeela.

Richard Reeves Demos-eko zuzendaria da, eta bertan lan egiten du baita ere Peter Bradwell ikertzaileak. Erakunde britainiar horrek aholkulari eta ideia-haztegi lana egiten du zerbitzu publikoekin, ikerketa teknologiko eta zientifikoekin eta kultura eta enpresa munduarekin zerikusia duten arloetan.

Txostena Demos-en web orrian eskuratu daiteke pdf formatuan.

 

The future of internet and how to stop it, Jonathan Zittrain 

future of internet

Izenburu honekin laburbiltzen du Jonathan Zittrain autoreak sarearen etorkizunari buruz duen ikuspegi ezkorra, bere ustez Internetek askatasuna eta sormena galarazten baitu. The future of the Internet azterlanean hainbat puntu aztertzen dira: batetik, sarea eta bertako plataforma sozialak esponentzialki hazi direla azken urteetan eta bestetik, euren arrakastak berak ito ditzakeela. Izan ere, plataforma hauen sortzaileek gero eta kontrol handiagoa dute berauen gain, eta gero eta espazio gutxiago uzten dute erabiltzaileen sormen eta berrikuntzarako, horrela kontsumo tresna huts bihurtzen delarik.

Liburuan, autoreak hainbat adibide azaltzen ditu, esaterako Facebook sare soziala. Facebook-eko aplikazioak itxita daude eta informazioa erraz ezabatu dezake konpainiak. Hau Wikipediarena bezalako kasuekin kontrajartzen du, arrakasta itzela izan arren sormen kolektiboaren espiritua mantentzen baitu. Zittrain-ek baieztatzen du konponbidea erabiltzaileen esku dagoela, eta egitura desberdinak proposatzen ditu, Internetek kultura eta gizarte berrikuntza iturri izaten jarrai dezan.

Jonathan Zittrain Zuzenbide irakaslea da Harvard Law School-en eta Harvard Unibertsitateko Berkman Center for Internet & Society-ko zuzendarietako bat da. Fundazio honek sareko aukeren inguruko azterketak eta ikerketak egiten ditu.

  

Born Digital, understanding the first generation of digital natives, John Palfrey and Urs Gasser  

born digital

John Palfrey eta Urs Gasser irakasleek natibo digitalen lehen belaunaldien ezaugarriak aztertu dituzte bi urtetan. Natibo digital deitzen diegu Internet sortu ondoren jaio eta, beraz, guk teknologia berri deitzen diegunez inguratuta hazi diren gazteei. Egileen esanetan, natibo digitalen belaunaldiak aldaketa baino gehiago iraultza bat dakar, bai maila soziologikoan eta bai maila ekonomikoan, eta iraultza hau gauzatzen joango da, gazte hauek informazio, produktu eta zerbitzu kontsumitzaile bilakatzen doazen heinean. Etorkizunak aukera handiak aurkezten dizkigu, baina baita galdera handiak ere. Liburuak hainbat gai lantzen ditu, esaterako, nortasunaren kontzeptua sarean, segurtasun nozio berria eta sare sozialen bitartez konpainietara iristen den informazio kopuru handia. Egileen arabera, gurasoen eta irakasleen funtzioa da natibo digital berri hauen mundua ulertzea gazteek ondo erabil dezaten, baina sormen, komunikazio eta parte hartze bide berri hori moztu gabe.

John Palfrey, Zuzenbide irakaslea da Harvard Law School-en. Hainbat argitalpen idatzi ditu internetek jabetza intelektualarekin eta demokraziarekin duen harremanari buruz, eta Internet Safety Technical Task Force taldeko presidentea da, zeinaren helburua baita gazteen segurtasuna zaintzea sarean. Urs Gasser ere Zuzenbide irakaslea da St. Gallen Unibertsitatean eta Berkman Center for Internet and Society zentroko kide dira biak.
 

Here Comes Everybody, Clay Shirky 

Here Comes Everybody azala

Clay Shirky-k gizarte sareek Interneten egindako iraultza aztertzen du "Here comes everybody" liburuan. Gizarte tresna eta plataforma berriek zalantzan jartzen dituzte antolaketa egitura tradizionalak lan modu eta lankidetzako sorkuntza bezala. Shirky-k sarean agertzen ari diren adibide kontaezinak ematen ditu, Flickr edo MySpace bezalako plataformetatik hasi eta gizarte enpresa edo antolakunde txikietaraino. Izan ere, ikaragarri erraza baita Interneten ideia bat aurrera eramatea. Ideia hauek, arrakasta izan ala ez, iraultza bat dira. Honek erakusten du pertsonek ez dutela kontsumitzaile bakarrik izan nahi, baizik eta euren denbora librea erabiltzen ari direla edukiak sortu eta partekatzeko, eta hori dena sareko egitura berriak erabiliz egiten dutela.

Clay Shirky pentsalari garrantzitsuenetako bat da Internetek dakarren gizarte aldaketari buruzko ikerketan. New Yorkeko Unibertsitateko Interactive Telecommunications Program -eko irakaslea da eta gizarte eta teknologia sareen efektuak ikertzen ditu; bestalde, hainbat konpainiatako aholkulari izan da, besteak beste, Nokia, BBC, Microsoft eta Newscorp.

 

The Pirate's Dilemma, Matt Mason

The pirate's dilemma azala

Zure arerioa gainditu ezin baduzu, ikasi harengandik. Horixe da Matt Mason-ek dioena The Pirate’s Dilemma liburuan. Egileak planteatzen du internet bidezko pirateria arazo bezala ikusi behar den ala berrikuntza bezala, hau abiapuntutzat hartuta konpainiek kulturaren hedapenerako formula berriak sortu baititzakete.

Mason-ek zera dio bere hausnarketan, kontzeptu eta ideia berri asko talde minoritarioetatik sortu direla, esaterako, musika estilo berriak, janzkera berriak edo sarean harremanetan jartzeko modu desberdinak. Ideia berri hauek merkatuak bere baitan hartu ditu eta gizarte osoaren gainean eragina duten negozio iturri handi bilakatu dira.

Matt Mason kazetaria da eta RWD RWD aldizkari ingelesaren sortzailea; gaur egun, hiriko musika eta kulturari buruz idazten du hogei bat herrialdetako egunkarietan, besteak beste, The Guardian, The Independent, VICE eta Libération. Duela gutxi, proiektu humanitarioen hedapenean oinarritutako Wedia Wedia komunikabide konpainia sortu du.

 

The Necessary Revolution, Peter Senge

The necessary revolution azala
Iraultza bat gertatzen ari da “hain txarrak ez diren” konponbide arruntak ahazteko prest dauden enpresa, pertsona eta erakundeetan, eta gizarte eta ingurumen arazoei aurre egiteko metodo berriak bilatzen hasi dira. Lankidetza proiektuak planteatzen dira enpresarien, hiritarren eta antolakundeen artean, esaterako, konpainien gehiegizko energia berrerabiltzeko edo gizarteratze programak sortzeko enpresak kokatzen diren eremuetan.

Iraultza hau beharrezkoa da, liburuaren egileen esanetan. Liburuan azaltzen dituzte martxan jarri diren estrategia eta ekimenak, eta baita ere mundu iraunkor bat sortzeko benetako aldaketak ekar ditzaketen ideiak.

http://www.solonline.org/NecessaryRevolution/

 

 

We think, Charles Leadbeater

We think

Liburu honetan azaltzen da weba nola ari den gure mundua aldatzen, nola bihurtzen dituen pertsona guztiak parte-hartzaile eta sortzaile interneteko sare sozialen bitartez. Lehen bertikalak eta zentralizatuak ziren erakundeak sare horizontal bilakatzen ari dira, ideiak alde guztietatik iristen dira eta orain norbaitekin lan egiten da, norbaitentzat lan egin beharrean.

Lehen bertsio baten ostean, egileak liburua interneten zintzilikatu zuen parte hartzeko interesa zuten pertsona guztien iritziekin osatzeko, eta eskuragarri dago http://www.charlesleadbeater.net web orrian.

"Internetek aukera sozial ikaragarriak ematen ditu jendeak bere iritzia eman dezan, orain askoz ere errazagoa da gauzak partekatzea edo elkarrekin egitea",
Charles Leadbeater.




NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK: