1.- Tumakerrek Basque Industry 4.0 delako topaketan parte hartu berri du. Zer da zuentzat berrikitan abiatu den
laugarren industria-iraultza eta non kokatzen duzue zuen aukera-esparrua?
Sekulako aldaketa
sozial eta ekonomikoak eragingo dituen zerbaitetaz hitz egiten ari gara;
batzuek industria-iraultza deritzenaz. Horrek gisa honetako galderak
planteatzen dizkigu: Zer gertatuko da edozeinek ia-ia edozer gauza ekoizteko
aukera duenean, edozein lekutan eta behar duen edozein momentutan? Zer
gertatuko da edozein personak behar duen energia sortzeko gaitasuna duenean? Bi
galdera horiek elkartuz gero, ia-ia edozer gauza egiteko modua aldaraziko digun
zeozer berri bistaratuko dugu. Testuinguru honetan, ezin konta ahala aukera
zabalduko dira, baina aintzakotzat hartu beharko ditugu, halaber, horren gauza
berritzaile eta disruptiboaren etorrerak eragingo dituen arrisku eta zalantza
guztiak.
Anabasa horren erdian
kokatzen dira Tumaker, eta berrikuntza, sormena eta ezagutza irekia mundua
desafiatu eta aldatzeko modurik onena dela sinesten duten guztiak. Argi utzi
nahi dugu 3D inprimaketarako teknologia eta 3D eskanerrak Euskadin garatu eta
fabrikatzen ditugula. Honi esker, askoz ere jakite eta ezagutza sakonagoa eta
baliotsuagoa dugu teknologiari buruz eta honen bidez egin daitekeen guztiari
buruz, ezagutza eta esperientzia hori guztia gure bezeroengan islatuz. Horrek
zerbitzu hobea eskaini eta balio erantsi handiagoa ematea ahalbidetzen digu,
Txinako edo Asia aldeko fabrikatzaileei erositako kostu baxuko makinak saltzen
dituzten enpresen aldean. Guretzat oso garrantzitsua da Tumaker herriko
proiektua izatea eta Euskadi mundu osoko 3D inprimaketa pertsonalaren mapan
jartzea, izaera propioaz jarri ere. Nola edo hala lortzen ari garela uste dugu.
2.- 3D inprimagailuen industria estu-estu
lotuta dago maker mugimenduarekin, hardware librearekin, fabcafe-ekin eta oro
har “open” filosofiarekin. Zeintzuk dira Tumakerren balioak mugimendu hauei
dagokienez?
Tumaker open source mugimendutik sortua
da, software eta hardware libretik, zehazkiago esanda. Gertu-gertutik ezagutze
ditugu horren potentziala eta arriskuak. Baina argi daukagu erreferentzia izan
nahi dugula, ezagutza librea baloratu eta horretan oinarritutako negozio bati
eustearen zailtasunak ulertzen dituzten pertsonek gugana jotzea nahi dugula. Horrez
gain, horientzako inspirazio-iturri bihurtuko bagina, planeta osoko pertsonarik
zoriontsuenak izango ginateke. CERNek lizentzia libreaz garatutako produktuei
babesa ematen dien hardware libreko lizentzia bat garatu du. Guk geuk, haiekin
harremanetan jarri eta gure produktuak CERNen hardware libreko lizentziari
atxikita plazaratzeko asmoa genuela jakinarazi genien. Proposamena interes
handiz jaso dute, eta xehetasunak lantzen ari gara une honetan. Honek esan nahi
du Tumaker produktuak libreak izango direla.
3D inprimaketan, kontraesan handiak ikusten
dira, open, librea eta gisa horretako hitzak salmentarako argudiotzat erabili
eta, aldi berean, software edo hardware librearen lizentziak sistematikoki
urratzen dituzten produktuak erabili edo merkaturatzen dituzten pertsona eta
enpresen artean. Txinako produktuekin eskandaluzkoa da. Beraz, kontu honetan, poseak
askoz ere ugariagoak dira benetako usteak baino, eta ondorioz, guztion
mesedetan produktuak libera ditzaketen enpresek ez dute halakorik egiten, eta
defentsiban jarri ohi dira. Patente edo eredu itxien erabilera kritikatzen
dugu, berrikuntza mugatzen duten heinean, baina ezin dugu jokatu lizentzia
libreen arauak aintzat hartu gabe. Hala jokatzea kaltegarria da, berrikuntza mugatzen
baitugu, ez patenteen gehiegizko erabilerarekin bezala, baina mugatu egiten
dugu. Enpresa, kolektibo edo pertsona batek bere lana liberatzeak ez du esan
nahi lan horretaz nahi duguna egin dezakegunik.
3.- Nolako aplikazioak ematen ari
zaizkie Tumakerren 3D inprimagailuei Euskadin gaur egun?
Egin dugun lehenengo gauza, teknologia
sortu eta egokitzea izan da. Munduan gauzatzen ari den berrikuntza irekiarekiko
zubia izan, eta zientzia, industria, hezkuntza eta are arte esparruetara
egokitzea, kalitate, fidagarritasun eta zerbitzu irizpideetan oinarrituta. Horren
emaitza dugu mundu osoko dena-batera gisako lehen 3D inprimagailu digitala, 1.200€
inguruko prezioa duena. Horren esan nahi du Tumaker Voladora V2 delakoak
benetako 3D lan-guneak direla, orain arte inoiz lortu ez den software eta
hardwarearen arteko integrazioari esker. Makina berean 3D inprimagailu bat eta
ordenagailu bat integratuta edukitzea bezalakoa da. Saretik edota PC, tablet
nahiz mugikor batetik gobernatzeko modukoak. Bestalde, sekulako prestazioak
dituen neurri txikiko 3D eskaner bat sortu dugu. 1.400€ inguru balio du, baina
15 aldiz garestiagoak diren eskanerren bereizmen eta kalitate berbera
eskaintzen du. Orain, gure ahalegina, enpresei teknologia hau txertatzen
laguntzea da, bereziki begibistako balioa erants dezakeen prozesuetan. Bestetik,
teknologia hau, erosketa eta amortizazio kostu handiengatik ustiatzerik izan ez
duten enpresen esku jartzea. Eta azkenik, fabrikazio digitalaren aplikazio
berriak aurkitzea.
Azken hau zirraratzeko modukoa da
erabat: industria arloko enpresak gure makinak erabiltzen ari dira tresnak
sortzeko; artistek beren lanak eskaneatzen dituzte, gure inprimagailuarekin
berregiteko moduko eredu digitalak eratu eta zenbait galdaketa-teknikaren
bitartez metalezko erreplikak sortzeko; gaztandegiak gure makinaz baliatzen dira
identifikazio-elementuak eta moldeak sortzeko; txakurrentzako neurrira egindako
protesiak egiten dituzten profesionalek edota komunikazio-agentziek gure
teknologia erabiltzen dute kanpaina bitxiagoak eta inpaktu handiagokoak
antolatzeko. Adibide batzuk emateak dakarren gauzarik txarrena, beste batzuk
kanpoan uztea da.
4.- Epe ertainera begira, zeintzuk dira
enpresa arakatzen ari den etorkizuneko garapen-bideak edo aplikazio-sektoreak?
Gure
garapeneko bide-orrian, gehikuntza arloko hobekuntza asko dauzkagu, eta
hobekuntza erradikalen bat edo beste. Baina irekita dauzkagun garapen-bideen
artean, ilusio handia ematen digu enpresen beharrizanetara egokitutako
materialen garapenak. Bestela esanda, gure bezeroak ez dira profitatuko
bakarrik Tumakerren fabrikazio digitaleko teknologiaz, baizik eta beren
produktuak garatzeko ezaugarri espezifikoez hornitutako makina eta material
espezifikoak egokitu eta sortzeko aukera izango dute. Bide hau, polimeroen
garapenean espezializatuta dagoen Leartiker Markinako zentro teknologikoarekiko
hitzarmen bati esker lantzen ari gara dagoeneko. MyMat deritzon proiektu honen
bitartez, zenbait esperientzia positibo izan ditugu dagoeneko, eta gure inguruneko
industriarentzat balio handi-handikoa izan daitekeen ustean, esperientzia
horiek ezagutarazi eta finkatu nahi genituzke.
Bestalde,
hezkuntza sektorea ere etorkizuneko apustua dugu. Tumaker Ikaslab proiektuak
Lanbide-Heziketako ikasletxeetan eta unibertsitateetan fabrikazio digitaleko
esparruak sortzea proposatzen du. Esparru horietan, Maker kultura oinarritik
garatu eta landu ahal izango da, gazteekin batera. Helburua, gazte horiek fabrikazio
digitalarekin eta pertsonalarekin naturaltasunez trebatzea da, eta horrela, lan-munduan
sartzen direnean, fabrikazio-teknologietan super gaitutako eta berrikuntza
potentzial handiko pertsonak izango ditugu. 2014an, ia 15 Tumaker Ikaslab esparru
sortu ziren Euskadiko lanbide-heziketako ikastetxerik garrantzitsuenetan.
Errenteriako Don Bosco institutua izan zen aitzindaria, eta ondoren, Eibarko Armeria
Eskola, Irungo Bidasoa ikastetxea eta Elgoibarko IMH gehitu zitzazkien, besteak
beste. 2015ean, sare hau Mondragon Unibertsitatearen lankidetzaz handitu eta
gure mugetatik harantzago jotzea espero dugu, Frantzia hegoaldean eta are
Indian gauzatzeko moduko hezkuntza arloko balizko proiektu baten laguntzaz.