NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK:


BERTSIO INPRIMAGARRIRAKO GOIBURUA:

SPRI logotipoa    Euskadi+innova logotipoa

ORRIALDEAREN GOIBURUA:

SPRI logotipoa

MENU LAGUNGARRIA:

Berrikuntza bidez hobetu

ORRI HONETAKO BIDE-IZENA:


ORRIAREN EDUKIA:

“Saregune-n uste dugu prestakuntza eta kontratazio faseko laguntza, pertsona bakoitzari egiten zaion jarraipena bezain garrantzitsua dela” · Estíbaliz Cáceres, Saregune-ko Teknologia Berrietako hezitzailea

Bozkatu elkarrizketa hau
Emaitza:     Interesik gabekoa 3 boto
Elkarbanatu: Twitter Facebook Google + Delicious Menéame
Estíbaliz Cáceres, Saregune-ko Teknologia Berrietako hezitzailea

Gasteizko Saregune Zentroak irabazi du Internet 2012 Saria. Zentro horrek teknologia berrien ezagutza sustatzen du indibidualki nahiz kolektiboki eta laguntza ematen die teknologia horien abantailak aprobetxatu nahi dituzten talde eta ekimenei.

Zer ekarri dizue sari honek?

Irabazi asmorik gabeko erakunderik onenari emandako sari hau zortzi urteko hazkunde eta lanaren aitortza izan da nire Saregune-ko lankideentzat (Ainara eta Raul) eta Sartu-Araba erakunde osoarentzat. Auzoa eta software librea ordezkatzeko asmoz joan ginen; horrek harro sentiarazten gaitu eta gogo handiagoa ematen digu egunero lanean jarraitzeko. Sariak ez du ordainsari ekonomikorik. Internauten eta adituz osatutako epaimahai baten aitorpena da, eten digitala hausteko, laneratzea eta gizarteratzea lortzeko eta software librea hedatzeko egiten dugun lana aitortu nahi izan digute eta.

Bazenekiten Espainiako eta Latinoamerikako beste 699 hautagai zeudela, zer pasa zitzaizuen burutik saria lortu zenutenean?

Finalista ginela jakite hutsa ere lorpen handia izan zen guretzat, beraz, sari bat besapean hartuta joan ginen Senatura. Senatuan ikusi genituen gainerako izendatu eta lehiakideak... Eta inoiz ez genuen pentsatu Saregune izango zela irabazlea. Beraz, hautatu gintuztenean ezin genuen sinetsi ere egin, baina lehen uneak igaro zirenean ohartu ginen Saregune benetan ekimen handia dela eta zortea dugula auzo oso aberats batekoak garelako.

Atzera begira jarri eta Saregune ekimenaren hastapenak oroitzean nola ikusten duzu proiektuaren bilakaera?

2004an Telecentro ekimenaren egiturapean hasi zen Saregune, Esplai Fundazioko Conecta Puntuen antzera. Pixkanaka hazi egin da ekimena eta auzoko, hots, Gasteizko Alde Zaharreko erreferentziazko puntu bihurtu da. Hasieran auzotarrei gure ordenagailuen erabilpen libre eta doakoa ematea zen gure jarduera nagusia, baina pixkanaka eboluzionatu egin dugu; orain IKTei eta aplikazioei buruzko prestakuntza eskaintzen dugu, aholkularitza teknikoa ere bai, blogak eta webak sortzen ditugu elkarte eta kolektiboentzat, bideoak editatzen irakasten diegu auzoko saltoki txikiei eta ekimen sozialei, Elkarteak.info ataria dinamizatzen dugu... Erreferentzia eta topagune bihurtu gara ingurune digitalean bidea ireki eta mugitu nahi duten pertsona eta hiritarren ekimen guztientzat. Eta hori guztia software libreari esker lortu dugu, aukera ematen digulako proiektu, pertsona eta ekimen bakoitzari egokitzeko eta erantzuteko.

Proiektuak eboluzionatu egin du auzoaren eta bertako jende edo ekimenen premien arabera. Argi dago irabazi asmorik gabeko ekimen ororen zailtasun berak dituela finantzaketa publikoarekin jarraipena eta iraunkortasuna lortzeko, baina oztopoak gorabehera, uste dugu erakundeek auzoaren aldeko apustua egingo dutela eta urtero eskaini ditugun prestakuntzako saioak, software librea eta prestakuntzarako zein lanerako aukerak sustatuko dituztela. Gaur egun hiru lagunek egiten dugu lan Saregune-n, baina zortzi urteko ibilbidean jende gehiago ere egon da proiektuaren barnean eta denok jarraitzen dugu hasierako ilusioarekin, hots, auzoaren, prestakuntzaren eta software librearen alde lan egiteko gogoarekin.

Hasieratik al zaude proiektu honetan?

2006an iritsi nintzen proiektura. Orduan "Dinamizazio Soziala IKTen bidez" izeneko Enplegu eta Prestakuntza Plan bat antolatzen ari ziren. Prestakuntza eskaintzen zen eta horrekin lotuta kontratazio bat ere bai, ikasitakoa praktikan jartzeko. Garai hartan guztiz deskonektatua nengoen teknologiaren eta Interneten mundutik. Aukera bikaina iruditu zitzaidan informatika ikasteko eta elkarrizketa egitera animatu nintzen. Beste 11 lagunekin batera aukeratu ninduten. Hasieratik "engantxatu" nintzen Saregune-ra. Prestakuntzan zehar informatika asko ikasi genuen software librea erabiliz, eta alderdi soziala ere landu genuen, pertsonekin lan egiteko eta informatika eskolak emateko. Enplegu eta Prestakuntza plan hartako kontratazio fasea igarotakoan, aukera eman zidaten Saregune-n lanean jarraitzeko, kasu hartan Koordinazio ekipoan, eta hezitzaile lanetan aritzeko Saregune-ko ikastaroetan prestatuko genituen taldeetan. Geroztik hemen nabil lanean, gustatzen zaidana egiten: prestatu, komunikatu, sortu eta jende askorekin harremanetan egon, Software Librea eta Web 2.0 erabiliz.

Zer suposatzen du teknologia berriak erabiltzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboen eten digitala hausten saiatzeak? Erraza al da mezua eta lengoaia informatikoa helaraztea?

Eten digitalaren beste aldean egoteak esan nahi du sarbiderik ez izatea jende askoren egunerokotasunean dauden aukera, baliabide eta jarduera askotarako. Zailtasunak dauzkate prestakuntza edo enplegua eskuratzeko, hizkera ikasteko, parte hartzeko, informazioa lortzeko edo administrazioarekin tramiteak egiteko. Guk malgutasunez, erabiltzeko erraztasunak emanez eta hurbiltasunez lan egiten dugu. Ulergarri egiten dugu lexiko informatikoa eta guretzat oso erraza da, une honetan Saregune-n lanean gabiltzan hirurok jabekuntza eta IKT prestakuntza prozesu beretik igaro garelako; ondo dakigu zer nolako zailtasunak izan ditzaketen. Oso hizkera sinplea erabiltzen dugu eta ikastaro eta jarduera guztiak praktikan zentratzen ditugu. Ikastaroak modu parte-hartzailean planteatzen ditugu, pertsona guztiak izan daitezen beren ikaskuntzaren protagonista.

Zer da errazagoa, indibidualki ala kolektiboki egitea?

Desberdina da. Saregune-n beti modu espontaneoan sortzen ditugu taldeak elkar ezagutzen ez duten pertsonen artean eta oso talde aberats eta anitzak lortzen ditugu; parte-hartzaileek informatika ikasteaz gain, elkar ezagutzen dute, sareak sortzen dituzte eta erresistentziak edo estereotipoak hausten dituzte. Kolektiboentzako prestakuntzan taldeko nortasuna eta kidetasuna indartzen ditugu, tresna berri bat eskainiz eta kideen parte-hartzea eta beren arteko lankidetza edo trukea bideratuz.

Nolakoa da eguneroko lana Saregune-n?

Jarduera betean gaudenean eta proiektu guztiak martxan dauzkagunean pertsonaz eta ekintzaz jositako zurrunbiloa izaten da. Goizeko zortzietan irekitzen dugu atea, behar dugun guztia prestatzen hasteko. 9:00etatik hasi eta arratsaldeko 20:30ak arte sei ikastaro desberdin eskaintzen ditugu eta hamaika pertsona bildu daitezke guztira talde bakoitzean. Dinamizatzaileek telefonoa hartzen dute, zalantzak argitzen dituzte, ikastaroak prestatu eta ematen dituzte, taldeak osatzen dituzte, dokumentazioa kudeatzen dute... hori guztia noski talde-lanean eta oso modu hurbilean. Gainera, goizeko zortzietan hasten da multimedia inguruneetako teknikarien programazio eta diseinurako lan-jardunaldia eta jende asko informazioa eskatzera, izena ematera edo galderak egitera etortzen da. Elkarteak ere hurbiltzen zaizkigu, dela ezagutzera, dela beren lanak nola doazen ikustera, edo beren webetarako materialak eta edukiak ekartzera.

Bestalde, kamerak, tripodeak eta argiak ere prest izaten ditugu auzoko saltokiekin edo kolektiboekin grabatzera ateratzeko... eta ahalegina egiten dugu gure jarduera ia unean bertan webean eta sare sozialetako profiletan islatzeko eta gerora jarduera edo proiektu bihurtu daitezkeen sare birtualak sortzeko.

Saregune-ra jotzen dutenen artean badago profil nagusi bat? Zer bilatzen dute zehazki?

Ez dago profil nagusirik. Saregune-n normaltasunez lantzen dugu aniztasuna. Ezinezkoa da profil zehatz bat topatzea erabiltzaileak berrogeita hamar jatorri baino gehiagokoak direnean eta adin tartea 6 urtetik 80ra bitartean zabaltzen denean. Jendea alderdi desberdinetatik hurbiltzen da teknologietara, baina gero aitzakia bat baino ez da lan egiteko, sortzeko, parte hartzeko.... Sarritan agurtzera etortzen zaizkigu eta batzuetan gozokiren bat edo kafe bat ekartzera... Hori da Saregune.

Jendeak erraz uzten du ala konstantea da jarraipenari eta asistentziari dagokionez?

Egoera zailetan dauden pertsonen bizi baldintzak etengabe aldatzen dira. Horregatik, denboran asko irauten ez duten ikastaroak eskaintzen ditugu; luzeenak lau aste irauten ditu. Horrez gain, ordutegi malguak dauzkagu eta beti egokitzen gara pertsona bakoitzaren premietara, ikastaroetan jarrai dezaten.

Nola erakartzen duzue jendea Saregune-ra?

Lanbiderekin batera egiten ditugun prestakuntza ekintzetan parte hartzen dutenei IKTen eta software librearen inguruko ikastaroak eskaintzen dizkiegu, aukera izan dezaten hazten ari den enplegu sektore batera sartzeko. Ez ahaztu lan eskaintzen %70 sarearekin lotuta egongo direla hemendik gutxira. Gainera orain arte Saregune-n bertan kontratatu ditugu prestakuntza jaso dutenak, ikasitako guztia benetan praktikan jar dezaten. Oso erraza da hiritarrak eta elkarteak erakartzea dohaineko zerbitzuak ematen ditugulako, malgutasuna eskaintzen diegulako eta teknologia erabiltzen laguntzen diegulako. Teknologiak erakarpen puntu neutroa izaki, jatorri desberdinetako pertsonak eta ekimenak elkartzen ditugu hemen. Azken finean, elkar aberasten dute.

Saregune Gasteizko Alde Zaharrean dago. Auzoak premia zehatzen bat zuelako aukeratu zenuten tokia?

Alde Zaharreko egoerei buruzko hainbat datu garrantzitsu daude (Urban 2007-2013 hautagaitza): Udaletxeko Gizarte Zerbitzuek arreta eman behar izaten diete Alde Zaharreko familia askori; hiriko gainerako tokietan baino pertsona nagusi gehiagorekin lan egiten dute, baina gazteekin ere bai; Gizarte Zerbitzuen laguntza jasotzen duten emakumeak beste auzoetan baino gehiago dira... eta arazo ekonomikoak askoz ere ugariagoak dira Alde Zaharrean. Hain zuzen ere etorkin gehien hiriko eremu horretan biltzen dira eta, beraz, zerbitzu eta prestazio sozial gehiago behar izaten dituzte. Premia eskaera handiago horrek Oinarrizko Zerbitzu Sozialak saturatzen ditu eta delinkuentzia mailak ere hiriko beste auzoetan baino handiagoak dira... Datu horiek eskuartean eta kontuan harturik ez dagoela behar beste espazio berde edo ekipamendu sozialik, merkataritza txikia desagertzen ari dela, etxebizitzak garestiak direla... Sartu-Araba erakundeak planteatu zuen auzo honetan zerbait egin beharra zegoela, bere irudia hobetuko zuen topagune positiboren bat sortu behar zela.

Saregune-n prestakuntza jaso duten berrehun lagunetatik badakizue zenbatek lortu duten lana?

Saregune-n uste dugu prestakuntza eta kontratazio faseko laguntza bezain garrantzitsua dela pertsona bakoitzari egiten zaion jarraipena. Horregatik esan dezakegu Saregune-tik pasa diren pertsona gehienek lana aurkitu dutela edo prestakuntza arautu batean sartu direla hemendik atera eta gero. Bi aukerak dira arrakastatsuak, betiere kontuan izanik pertsona bakoitzaren testuinguru berezia eta lan merkatuko errealitatea.

Zer ematen dizute ikasleek teknologia berrietako hezitzaile bezala?

Pertsona bakoitza desberdina denez, harremana eta prozesua ezin da beste ikasle batzuekin alderatu. Ikusten dudana da ikasteko gogoa dutela eta motibazio ikaragarria gure gizartean beren txokoa topatzeko, talde bateko kide izateko, aitortza lortzeko, beren ahotsa entzuten dela sentitzeko... Hori dena aurki daiteke kalkulu orri bat erabiltzen edo bere elkartearentzako blog bat sortzen edo auzoko dendatxorako bideo bat egiten ikasi nahi dutenen artean.

Bestelako zein ekimen sortu dira Saregune-tik abiatuta?

Gure prestakuntza ekintzetatik pasa diren ikasleek hainbat enpresa sortu dituzte multimedia sektorean. Gainera, Saregune auzoko plataforma askotan inplikatzen da, esaterako, Amanda plataforman, Nagusien plataforman, auzoko eskolan eta bertako proiektu hezitzailearen inguruan egiten ari diren hainbat ekimenetan.

Saregune-k bete al du sortzerakoan zuen helburua ala oraindik asko dago egiteko?

Helburua egunetik egunera betetzen da, urratsez urrats, baina ezin dugu ahaztu eten digitala oraindik hor dagoela eta are gehiago kontuan hartzen badugu eten hori haustea aitzakia bikaina dela auzoko beste eten batzuk hausteko, adibidez kulturen artekoa. Ongi dakigu helburu handinahitsua aukeratu dugula eta ez dela egun batetik bestera lortzen, horregatik gogor dihardugu lanean, eta bai, jakina, auzoan oraindik asko daukagu egiteko.

Zein balantze egiten duzu Internet 2012 Software Libreko Kongresuaren inguruan?

Oso balantze positiboa. Positiboa da zalantzarik gabe software librearen esparruko beste ekimen eta proiektu batzuekin batera parte hartzea eta auzoko gure esperientzia ezagutzera ematea; foro honetan ahaleginak batzen baditugu, maila desberdinetara hedatuko ditugu software librearen filosofia eta baloreak. Gu kaleko erabiltzaileen mailan gabiltza, baina gainerako ekimenak enpresaren, prestakuntzaren, sareen, eta abarren esparruetaraino hedatu daitezke. Foro honetako kide izateko aukera eman digute eta eskertzea baino ez zaigu geratzen.

  • Data: 2012/06/11



NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK: