NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK:


BERTSIO INPRIMAGARRIRAKO GOIBURUA:

SPRI logotipoa    Euskadi+innova logotipoa

ORRIALDEAREN GOIBURUA:

SPRI logotipoa

MENU LAGUNGARRIA:

Berrikuntza bidez hobetu

ORRI HONETAKO BIDE-IZENA:


ORRIAREN EDUKIA:

Zer da "Horizonte 2020" 

Europako Batzordeak Programa Markoan kontzentratzen ditu bere ikerketa eta berrikuntza jarduera gehienak eta edizio honetan programak Horizonte 2020 (H2020) izena hartu du. 2014-2020 urteetan eta hiru zutabetan oinarriturik, helburutzat izango du erronka sozial nagusiei aurre egitea, Europan lidergo industriala sustatzea eta bere oinarri zientifikoaren bikaintasuna sendotzea. Horretarako 76.880 milioi euroko aurrekontua izango du.

Horizonte 2020 programak lehen aldiz hartuko ditu bere baitan fase guztiak, hasi ezagutzaren sorkuntzatik eta merkatutik hurbilen dauden jardueretaraino: oinarrizko ikerketa, teknologien garapena, demostrazio proiektuak, fabrikazioko lerro pilotuak, berrikuntza soziala, teknologiaren transferentzia, kontzeptu probak, normalizazioa, merkaturatu aurreko erosketa publikoentzako laguntzak, arrisku kapitala eta berme sistemak.

Europako Berrikuntza eta Teknologi Institutua (EIT) Horizonte 2020 programan sartuko da eta bere ezagutza komunitateen bitartez (KIC) ikerketa, prestakuntza eta enpresa sorkuntzako jarduerak integratuko ditu.

Hauek dira Horizonte 2020 programaren helburu estrategikoak:

a) Bikaintasunezko zientzia sortzea, EBk mundu mailako panorama zientifikoan daukan kokalekua sendotzeko. Horretarako:

  • Zuzkidura handiagoa emango zaio Europako Ikerketa Kontseiluari (ERC) -Europako maila goreneko ikerlariak subentzionatzen ditu nazioarteko partzuergoetan parte hartu beharrik gabe-, eta etorkizuneko teknologien esparrua zabalduko da sektore guztiak barne hartzeraino (FET).

  • Mantendu egingo dira Marie Curie jarduerak ikerlarien eta ikerketa azpiegituren prestakuntza, mugikortasun eta kualifikazioari laguntzeko.

b)  Teknologiak eta beren aplikazioak garatzea Europako lehiakortasuna hobetzeko

Inbertsio handiak egingo dira industriarako funtsezkoak izango diren teknologietan, esaterako, Informazio eta Komunikazio Teknologietan (IKT), nanoteknologietan, fabrikazio aurreratuan, bioteknologian eta espazioan. Atal honetan aipatu beharrekoak dira Erronka sozialetako eta Teknologia alorreko proiektu kolaboratiboetan parte hartu dezaketen ETEentzako jarduerak, eta helburutzat jartzen da jarduera horiei gutxienez aurrekontuaren %20ko finantzaketa ematea.

Bestalde, enpresa horiek eskura dute "ETE tresna" delakoa, tresna horren bitartez finantzatzeko kontzeptuaren ebaluaketa, bideragarritasuna, garapena, frogaketa eta erreplikazioa merkatuan. Merkaturatze faserako laguntzak ere lortu daitezke emaitzen ustiapena errentagarri egiteko laguntza-zerbitzuen bidez. Instrumentu hori bottom-up da, gutxieneko partzuergorik gabea, eta laguntzak emango dizkie Europa osoan tamaina handiko berrikuntza proiektu baten bidez hazteko eta nazioartekotzeko asmoa duten ETE tradizional edo berritzaileei.

c)  Europako hiritarrei eragiten dieten arazo handiak ikertzea

Bizitza hobea lortzeko funtsezkoak diren sei eremutan zentratuko da arreta: osasuna, elikadura eta nekazaritza, eta baita ere itsasoa, energia, garraioa, klima eta lehengaiak, gizarte inklusiboak eta segurtasuna.

Lortutako emaitzekin hiritarren arazo zehatzak konpondu nahi dira. Esaterako, gizartearen zahartzea, babes informatikoa edo karbono isuri gutxiko ekonomia eraginkorreranzko trantsizioa.

Programa Markoan parte hartzeko onenekin lehiatu behar da eta jarduera gehienak partzuergo formatuan egingo dira (ikerketa, enpresa eta erabiltzaile taldeak), salbu eta Europako Ikerketa Kontseilua (ERC) eta zenbait mugikortasun ekintza edo ETEentzako ekimen. Horizonte 2020ren ezaugarri nagusi gisa azpimarratzekoak dira:

  • Jardueren finantzaketa tasa %20 ingurukoa da.

  • Proiektuek 3 urte inguru iraungo dute eta gehienezko aurrekontua 2 milioi eurokoa izango da salbuespenak salbuespen.

  • Onuradunek batez beste 9 hilabeteko epean hasi beharko lituzkete beren lanak deialdiak ixten direnetik hasita.

Baldintza horiekin ez da harritzekoa H2020 programak finantzaketa baldintza optimoak izatea: orokorrean, kostu zuzenen %100 mota guztietako erakundeentzat eta %70 berrikuntza faseak lantzen ari diren enpresentzat; zeharkako kostutzat hartuko dira kostu zuzenen %25.

Zazpigarren Programa Markoan bezala, jarduera gehienak Batzordeak kudeatzen dituen urteroko lehiaketa deialdien bidez gauzatuko dira, lan programa publikoetan aldez aurretik ezarritako lehentasunak errespetatuz.

Batzordeak kudeatzen dituen deialdi tradizionalez gain, nabarmen ugarituko dira ekimen handi publiko eta pribatuak.

Lehenengoen artean aipatzekoak dira herrialdeen I+G+B-ko planen jarduera bateratuak (JPI), zeintzuek H2020ko finantzaketa handia jaso baitezakete beren deialdi propioetarako bakoitzak duen integrazio mailaren arabera: hasi ERA Nets programatik eta euren balizko artikulazioraino erakunde legalen bidez (185 art.)

Bigarrenen artean eta ikuspegi industrialetik, aipagarriak dira enpresek zuzendutako Elkarte Publiko Pribatuak (kontratuzko PPPak) edo Elkarte Publiko Pribatu instituzionalak (JTI). Biek hala biek I+G+B arloko lehentasunak ezartzen dituzte, baina desberdinak dira elkarren artean: batzuetan, Batzordeak egiten du funts publikoen eta deialdien kudeaketa eta beste batzuetan, berriz, ekimenek berek, azken hauek posible dutelarik H2020n komunak diren zenbait parte-hartze arau aldatzea.




NABIGAZIORAKO LAGUNTZAK: