Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 18 ekaina, 2020 Ekintzailetza Finantziazioa Start up UP Euskadi

Gaztenpresa Fundazioak 405 enpresa berri eta 787 lanpostu sorrarazi ditu 2019an Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin

Gaztenpresak balantzea egin du bere 25. urteurrenean: 5.700 enpresa, 10.350 lanpostu eta 166 milioi eurotik gorako finantzaketa LABORAL Kutxaren bidez
gaztenpresa 25 urte

Gaztenpresak balantzea egin du bere 25. urteurrenean: 5.700 enpresa, 10.350 lanpostu eta 166 milioi eurotik gorako finantzaketa LABORAL Kutxaren bidez

Gaztenpresak 2019ko Urteko Memoria aurkeztu du. Enpresak sortuz enplegua sustatu eta finkatzea da LABORAL Kutxaren enplegu-fundazioaren helburu nagusia, eta 2019ko ekitaldian zehar oso handia izan da helburu horren betetze-maila. Hala, iaz 405 enpresaren eraketa bultzatu zuen Gaztenpresak, eta horri esker 787 lanpostu berri sortu dira.

Ibon Urgoiti, Gaztenpresako lehendakaria, harro azaldu da Fundazioak 25 urte bete izanagatik eta 2019ko ekitaldian lortutako emaitzengatik. Halere, kezkati ere agertu da, COVID-19ak sorrarazitako krisialdiagatik eta horrek ekonomia eta enpleguan izango duen eraginagatik: “BPGd-aren jaitsiera eta langabeziaren igoera ikaragarriak etorriko dira; ondorioz, familia eta enpresa askok egoera dramatikoei aurre egin beharko diete; horregatik, Gaztenpresan areagotu egin behar ditugu ahaleginak egoera horiek arintzen laguntzeko”.

Bestalde, Beatriz Artolazabalek, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, hitz eman du baliabide guztiak jarriko direla martxan ekimen publikoaren eta pribatuaren bidez, pandemiaren ondorioz gazteak belaunaldi sakrifikatua izan ez daitezen. Artolazabalek Gaztenpresako lantaldea  zoriondu du azken 25 urteetan egindako lanagatik, eta honako hau azpimarratu du: “Gaztenpresa da elkarrekin lan egiteko tresna horietako bat, elkarrekin pedalari eragiteko tandema, datozkigun garai txarrak gainditu ahal ditzagun”.

  • Beatriz Artolazabal: “Ekimen publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren bidez, baliabide guztiak jarri behar ditugu martxan, pandemiaren ondorioz gazteak belaunaldi sakrifikatua izan ez daitezen”

Hitzaldien txandak amaitzeko, 2019ko Memorian jasotako mugarri nagusien berri eman du Gaztenpresako zuzendariak. Enpresa-proiektu batek osatu behar dituen etapak eta Fundazioak horietako bakoitzean eskaintzen duen laguntza berezia nabarmendu ditu Inma Ramosek. “Gaztenpresan modu pertsonalizatuan artatzen dugu proiektu bakoitza. Ekintzailearekin batera lan egiten dugu negozio-plana egiten, finantzaketa lortzen eta ondorengo etapak bideratzen, denborarekin negozioak finka daitezen”, esan du.

 

25 urte ekintzailetzaren zerbitzuan

1994 urtean hasi zen lanean Gaztenpresa, industria siderurgikoaren krisi handiari erantzuna emateko ekimen solidario gisa. Ondoren, 2002an, Gaztenpresa Fundazioa sortu zen, eta horrela finkatu zen gaur egun arte heldu den proiektua. Garai hartatik hona egoera aldatu egin da, baina Fundazioaren eginkizunak indarrean jarraitzen du. Hala, urtero 2.000 eskabide jasotzen ditu, euren enpresa sortuz bizi-proiektua aurrera eraman nahi duten ekintzaileek aurkeztuta. 25 urteko ibilbidean, 5.700 enpresa baino gehiago eratzen eta 10.350 lanpostu sortzen lagundu du Gaztenpresak.

 

Ekintzailetzaren profila Gaztenpresan

2019an sortu diren enpresen % 72 zerbitzuen sektorekoa da. Ekintzailearen generoaren ikuspegitik, % 47 emakumea da eta % 53 gizona.  % 72k ez du unibertsitate-ikasketarik egin. Batez besteko adina 39 urtekoa da. Aurreko lan-egoerari dagokionez, % 42 langabezian zegoen, eta, gainerakoen artean, euren laneko proiektua hobetu nahi zuten gehienek. % 73k banakako enpresaburua izatea erabakitzen du eta % 27k sozietate bat eratzea hobesten du (% 79k sozietate mugatua eta % 21ek sozietate kooperatiboa).

  • Hona hemen ekintzailearen batez besteko profila: 40 urte inguru ditu, ez dago generoaren araberako ezberdintasun handirik, ez du goi-mailako ikasketarik eta ia erdia langabezian zegoen


Ekintzailetzaren faseak

Gaztenpresak bost etapa bereizten ditu ekintzailetzaren zikloan. Lehen urratsa asmoa aurkeztea da, eta, hori onartutakoan, aztertzeko fasea hasten da, proposamenaren bideragarritasuna balioztatzeko. Azterketa zorrotzaren ondoren, bideragarritzat jotzen diren proiektuak hurrengo etapara igarotzen dira; aitzitik, aurrera egiteko aukerarik ez duten proiektuak atzera botatzen dira, bai negozio-ereduaren planteamendua okerra delako, bai ekintzaileak bete nahi duen jarduerari buruzko ezagutza gutxiegi duelako, finantza-desoreka dagoelako eta abar.

Behin negozio-plan sendo bat egin ondoren, honako konpromiso hau hartzen du Gaztenpresak:  baliozko ideia bat ere ez da geldituko gauzatu gabe finantzaketa ezagatik. Horretarako, funts propioez osatutako lerro berezi bat du, baita Europako Inbertsio Funtsaren laguntza ere (25.000 €-raino finantza dezake abalik aurkeztu gabe). 2019an, batez besteko inbertsioa 81.200 eurokoa izan da proiektuko. Inbertsioaren % 50 banku-maileguaren bidez eta ekintzailearen beraren diruaren bidez finantzatu da. Gaztenpresaren historian zehar emandako maileguen zenbateko agregatua 166 milioi eurokoa izan da. Horietatik, 14,8 milioi 2019an formalizatu dira, hau da, orain arte urte batean emandako zenbatekorik handiena.

Laugarren fasean enpresa ireki eta abian jartzeari ekiten zaio. Etapa horretan, beharrezko izapideak aurrera eramateko laguntza ere ematen du Gaztenpresak, hala nola lizentziak, errentamendu-kontratuak, hornitzaileen gestioa, dirulaguntzak eta abar.

Enpresa abian denean, finkatze-fasearekin amaitzen da ekintzailetza-zikloa. Negozio batean lehenengo pausoak kontuz eman beharrekoak dira; izan ere, proiektuak porrot egiteko arrisku handia dago lehen urteetan. Horregatik, Gaztenpresak lan-ildo berezi bat jorratzen du, enpresa berriek merkatuan oinarri sendoa izan dezaten laguntzeko.

Enpresa sendotzeko programaren barruan daude, era berean, enpresa-gestioko tailerrak, kontsultak egiteko berariazko kanala (Consulting Pro) eta pertsonalizatutako mentoring-programa, ekintzaileei urtebetez laguntza ematen diena. Ekintzailetzan eta enpresa-gestioan esperientzia duten aditu boluntarioek laguntza, kontrastea eta enpresa-erabakiak hartzeko indarra ematen dizkie enpresaburu berriei. Orain arte 134 lagunek hartu dute parte programa horretan, eta araututako 20 harreman berri formalizatu dira iaz.

Lotutako albisteak

WAKE UP EUSKADI 18 apirila, 2024 Ekintzailetza
Wake Up! Albiste ekintzaile batzuk sarean 240415
Irakurri gehiago
Premios Toribio Echevarria 18 apirila, 2024 Ekintzailetza
Abian da ekintzailetza berritzailea sustatzeko Toribio Echevarria sarien 34. edizioa
Irakurri gehiago
Grabit 17 apirila, 2024 Ekintzailetza
Grabitek bat egin du NVIDIA Metropolisekin ikusmen artifizialeko soluzio aurreratuen bidez saltokietako galera ezezaguna murrizteko
Irakurri gehiago
Zinemaldia Startup Challenge 17 apirila, 2024 Ekintzailetza
Zinemaldia Startup Challenge ekimenaren VI-garren deialdia abian da
Irakurri gehiago
BIND SME Connection 16 apirila, 2024 Ekintzailetza
SPRIk startupekin berritzearen onurak proposatu dizkie ETEei BIND SME Connection programaren bidez
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak