Nola babestu konektatutako fabrika bat zibererasoen aurrean, produkzioa arriskuan jarri gabe
Zure fabrikan produkzioa eta kudeaketa-sistemak gero eta konektatuago badaude, ziurrenik dagoeneko planteatu duzu egoera hauetakoren bat: zer gertatuko litzatekeen norbait makina batera baimenik gabe sartuko balitz, ransomware batek plantako sarera iritsiko balitz edo gorabehera informatiko batek produkzioari eragingo balio.
Fabrika konektatzeak abantaila ugari dakartza. Gakoa modu seguruan egitea da.
Eta horrek ez du esan nahi azpiegitura guztia ordezkatu edo prozesuak aldatu behar dituzunik. Askotan, oso puntu zehatzetan jardunez egin dezakezu aurrera: sareak bereiziz, sarbideak hobeto kontrolatuz, urruneko konexioak babestuz edo, besterik gabe, plantako sistemetan zer gertatzen ari den monitorizatzen hasiz.
Makina bat isolatuta egoteari uzten dionean, babestu beharrekoa ere aldatu egiten da
ERPra konektatutako makina batek ez du jada modu independentean funtzionatzen. Ezta beste sistema batzuekin informazioa trukatzen duen robot batek, urruneko mantentze-lanak jaso ditzakeen linea batek edo langile teknikoek eta enpresa hornitzaileek urrunetik sarbidea duten planta batek ere.
Konexio berri bakoitzak kontrolatzea komeni den sarbide berri bat sortzen du. Adibidez, produkzio-sarea bulegoko saretik bereiz dezakezu, gorabehera bat sare batetik bestera erraz heda ez dadin. Makina batera urrunetik nor sar daitekeen, zenbat denboraz eta zer baimenekin ere mugatu dezakezu. Era berean, industria-sarea monitoriza dezakezu portaera anomaloak hautemateko, produkzioari eragin aurretik.
Jarduketa oso zehatzak dira, eta honelako proiektuetan gauza daitezke: IT/OT sareen segmentazioa, urruneko sarbideen babesa, arkitektura seguruak, firewall-ak, IDS/IPS, monitorizazioa edo SOC zerbitzuak, baita erantzun- eta berreskuratze-neurriak ere.
Eta ez duzu zure kabuz erabaki behar nola egin. Zibersegurtasunean aditua den enpresa bat aukera dezakezu, zure produkzio-ingurunea aztertu eta lehenik non jardutea komeni den identifikatzen lagun diezazun.
Horrela ari dira beste euskal fabrika batzuk
Ez dago konektatutako fabrika bat babesteko modu bakarra. Nola ekoizten duzun, zer ekipo dituzun eta elkarren artean nola komunikatzen diren hartu behar dira kontuan. Adibide hauek bide desberdinak erakusten dituzte.
Plásticos Lezo kudeaketa-sistemarekin konektatutako injekzio-zelula automatizatuekin lan egiten du. Bere proiektua komunikazio horiek babestera, sarbideak indartzera eta sare kritikoak segmentatzera bideratu zen, baita langile teknikoak prestatzera ere.
Okin bezalako fabrika oso automatizatu batean, bost produkzio-linea eta hainbat prozesutan lanean ari diren robotak izanik, jarduketa azpiegitura egokitzera eta plantako makinen segurtasuna indartzera bideratu zen.
Mccgraphicsek planta osoa sektorizatzea eta zerbitzariak eguneratzea erabaki zuen, gero eta automatizatuagoa den produkzio-ingurune baten segurtasuna indartzeko.
Eta EIPCek, aeronautika bezalako sektoreetarako osagaien fabrikatzaileak, sarea segmentatzeari eta firewall-ak instalatzeari ekin zion.
Baliteke zure planta horietako bakar baten berdina ez izatea. Baina gero eta makina gehiago elkarren artean komunikatzen badira, ekipo konektatu gehiago badituzu edo ekoizteko sarearekiko mendekotasun handiagoa baduzu, oinarrizko arazoa ziurrenik ezaguna egingo zaizu.
Urruneko lanak ere ate berriak irekitzen dizkio zure enpresari
Konektibitatea ez da fabrikako hormetan amaitzen. Baliteke taldeko zati batek etxetik lan egitea, langile teknikoek sistemak plantatik kanpo kontsultatzea edo enpresa hornitzaileek mantentze-lanak egiteko eta gorabeherak konpontzeko konektatu behar izatea.
Horrek guztiak eguneroko lana errazten du, baina are garrantzitsuago bihurtzen du kontrolatzea nor konektatzen den, nondik, zer sistematara eta zer baimenekin.
VPNek, identitateen kudeaketak, autentifikazio indartuak edo urruneko sarbideak babesteko berariazko soluzioek malgutasun horri eusten lagun diezazukete, enpresaren sistemak babesik gabe utzi gabe.
Eta industria-ingurunean antzeko zerbait gertatzen da. Athaderek, bobina metalikoetarako ebaketa-lineen fabrikatzaileak, telezerbitzurako eta bezeroei urrunetik arreta emateko gaitasuna handitu nahi du. Aldi berean, segurtasuna indartu du sareak segmentatuz, firewall-ak zabalduz eta wifi sareen segurtasuna indartuz.
Kontua ez da telelanari, urruneko mantentze-lanei edo telezerbitzuari uko egitea. Kontua da berme handiagoekin erabili ahal izatea.
Jarraitu zure fabrika konektatzen, baina egin ezazu segurtasun handiagoz
Plantaren digitalizazioak aurrera jarraituko du. Kontua da konexio, automatizazio edo urruneko sarbide berri bakoitza beharrezkoa ez den arrisku bihur ez dadin lortzea.
Zibersegurtasun Industriala 2026 programak hobekuntza horiek finantzatzen lagun diezazuke, diruz lagundu daitezkeen gastuen % 60rainoko laguntzarekin eta gehienez 100.000 euro enpresa bakoitzeko, proiektuari lotutako aholkularitza eta ingeniaritza espezializatua, hardwarea eta software-lizentziak barne.
Kezkatzen zaituen puntu bat dagoeneko identifikatuta baduzu —bereiztea komeniko litzatekeen sare bat, urruneko sarbideak dituzten makinak, plantaren eta ERPren arteko komunikazioak edo kanpotik konektatu behar duten pertsonak—, baliteke hasteko proiektua dagoeneko aurrean izatea.
Kontsultatu diruz lagundu daitezkeen jarduketak eta Zibersegurtasun Industriala 2026 laguntza nola eskatu. Epea azaroaren 23an amaituko da.