AZTIk itsas ekosistemei buruzko ikerketa arriskuak aurreikusteko tresna bihurtzen du
Itsas ekosistemek hainbat presiori egin behar diete aurre aldi berean: klima-aldaketari, kutsadurari, arrantzari, itsas garraioari edo espezie inbaditzaileei, besteak beste. Horietako bakoitza bere aldetik aztertzeak zaildu egiten du presio horiek nola elkarreragiten duten eta guztiek batera zer eragin izan dezaketen ulertzea. Itsas ingurunearen kudeaketa prebentiboagoa lortzeko, GES4SEAS proiektu europarrak, AZTI euskal zentro teknologikoak koordinatuta (BRTAko kide denak), aldagai horiek integratzeko eta ezagutza zientifikoa erabakiak hartzeko euskarri bihurtzeko gai diren tresnak garatu ditu.
Lau urteko lanaren ondoren, proiektuak eremu kalteberak identifikatzeko, arrisku metatuak ebaluatzeko eta ekosistemetan gerta daitezkeen aldaketak aurreikusteko soluzio berriak sortu ditu, zenbait inpaktu atzeraezinak edo leheneratzeko zailak izan baino lehen. Tresnak Europako eta Polinesia Frantseseko hamaika kokalekutan probatu dira, besteak beste, Atlantikoko, Mediterraneoko, Baltikoko, Itsaso Beltzeko eta Kantauriko inguruneetan.
Emaitza nagusietako bat Tikta da, ingurumenari, ekologiari eta gizarte-ekonomiari buruzko informazioa konbinatzen duen sarbide irekiko plataforma, itsas ingurunearen gaineko presioek elkarren artean nola eragiten duten aztertzeko. Tresnak, besteak beste, klima-aldaketarekin, arrantzarekin, kutsadurarekin edo espezie inbaditzaileekin lotutako aldagaiak txertatzeko aukera ematen du, bai eta etorkizuneko hainbat eszenatoki eta ekosistemek gizarteari eskaintzen dizkioten zerbitzuak aztertzeko ere: arrantza eta elikadura, kostaldearen babesa, turismoa edo klimaren erregulazioa, besteak beste.

Ikerketak agerian uzten du ikuspegi integratu horren garrantzia. Hainbat presio aldi berean kontuan hartzen dituzten analisiek arrisku-eremuak identifikatzeko aukera ematen dute, faktore bakoitza bere aldetik aztertuz gero oharkabean pasa daitezkeenak. Ángel Borjak AZTIko ikertzaile eta GES4SEAS proiektuaren koordinatzaileak azaldu duenez, proiektuak erakusten du posible dela “ezagutza zientifiko aurreratua itsas ingurunearen kudeaketarako tresna praktiko bihurtzea” eta zenbait inpaktu leheneratzeko zailak izan baino lehen jardutea.
Ikerketatik kudeaketara
Proiektuak hasieratik bilatu du bere emaitzak itsas ingurunea kudeatzen dutenen benetako beharrei erantzutea. Horretarako, agintariek, eskualdeko erakundeek eta ingurumenaren ebaluazioarekin eta kudeaketarekin lotutako Europako erakundeek parte hartu dute beharrak zehazten eta garatutako metodologiak ebaluatzen. Lankidetza horri esker, tresnak itsas espazioaren plangintzan, ingurumen-ebaluazioan eta kontserbazio-neurrietan aplikatzera bideratu ahal izan dira.
Tikta plataformaz gain, GES4SEASek beste soluzio batzuk ere utzi ditu ekosistemetan oinarritutako kudeaketa sustatzeko, arrisku metatuak ebaluatzeko, informazio-hutsuneak identifikatzeko edo espezie inbaditzaileak eta alga-loraldi kaltegarriak bezalako fenomenoak aztertzeko. Horiek guztiek sarbide irekiko tresna-kutxa bat osatzen dute, administrazioen, komunitate zientifikoaren eta ingurumen-erakundeen eskura.
Horizon Europe programaren bidez finantzatutako proiektuak 21 erakunde bildu ditu 15 herrialdetan lau urteko epean; besteak beste, ikerketa-zentroak, unibertsitateak, erakunde publikoak eta ezagutza-transferentzian eta komunikazio zientifikoan espezializatutako enpresak. Testuinguru horretan, AZTIren lidergoak indartu egiten du Euskadik itsas ingurunearen kudeaketa jasangarriari aplikatutako gaitasun zientifiko eta teknologikoen garapenean duen rola.
Zentro teknologikoen, unibertsitateen, enpresen eta beste eragile zientifiko-teknologikoen arteko lankidetza ere bide bat da ezagutza aplikazio-eremu berrietara eramateko. Euskadin, SPRI Taldeak lankidetza hori bultzatzen du, besteak beste, Elkartek bezalako ekimenen bidez. Programa horrek ikerketa-lankidetzako proiektuak babesten ditu, ezagutza eta gaitasun zientifiko-teknologiko berriak sortzera bideratuta.