Txekiar Errepublikako lehen ministroak euskal industria bertatik bertara ezagutu du Brnoko MSV azokan
Txekiar Errepublikako lehen ministro Andrej Babišek Euskadiko stand-a bisitatu du aste honetan Brnoko MSV azokan. Erdialdeko Europako industria-azoka nagusietako bat da, eta Euskadiko hamar enpresak eta bi teknologia-zentrok parte hartu dute bertan, Basque Trade & Investmentek (SPRI Taldea), Txekiar Errepublikak Madrilen duen Enbaxadarekin batera eta HEGANen eta AFM Cluster-en laguntzarekin, Txekiar Errepublikan antolatutako enpresa-misioaren barruan.
Misioaren helburua sektore aeronautikoan, industrialean eta energetikoan negozio- eta lankidetza-aukera berriak aztertzea izan da. Topaketari esker, Txekiako Gobernuko buruak bertatik bertara ezagutu ahal izan ditu euskal industriaren gaitasunak eta Eusko Jaurlaritzak Euskadiren eta Txekiar Errepublikaren arteko enpresa-harremanak indartzeko egiten duen lana. Lehen ministroa Industria eta Merkataritzako ministroaren eta Lan eta Gizarte Gaietako ministroaren ordezkaritza batekin joan da azokara.
Tomáš Buchtelek, Basque Trade & Investmentek Txekiar Errepublikan eta Eslovakian duen zuzendariak, euskal industriaren gaitasun eta indargune nagusiak aurkeztu dizkio lehen ministroari, bai eta agentziak Txekiar Errepublikarekiko merkataritza-harremanak indartzeko egiten duen lana ere.
Bisita Txekiar Errepublikara egindako misio aeroespazialaren barruan egin da. Basque Trade & Investmentek (SPRI Taldea) antolatu du misioa, Txekiar Errepublikak Madrilen duen Enbaxadarekin batera, HEGANen eta AFM Cluster-en laguntzarekin.
Bost egunez, ordezkaritzak enpresa- eta erakunde-topaketak, B2B bilerak eta herrialdeko hainbat eskualdetako enpresa eta ekoizpen-zentroetarako bisitak egin ditu, arreta berezia jarrita sektore aeronautikoan eta fabrikazio aurreratuan. Helburua bezero potentzialak, bazkide teknologikoak eta hornitzaileak identifikatzea da, baita euskal enpresentzat eta teknologia-zentroentzat lankidetzarako bide berriak irekitzea ere.
Programak sektore aeronautikoko, energetikoko eta industrialeko erreferentziazko enpresetara egindako bisitak ere jaso ditu, besteak beste, Aero Vodochody, Škoda Doosan Power, PBS Group, Aircraft Industries, Seko Aerospace eta Frentech Aerospace enpresetara. Horrez gain, osagai eta sistema aeronautikoetan espezializatutako beste enpresa batzuekin ere bilerak egin dituzte.