Lointekek galdatutako gatzen teknologia Estatu Batuetako energia-instalazio aitzindari batera eraman du
Lointekek eguzki-energia termikoko proiektuetan duen esperientzia erabakigarria izan da Natriumen, Estatu Batuetan eskakizun-maila teknologiko handiko energia-ekimenean, parte hartu ahal izateko. Hala, Euskadiko konpainiak bere proiektuko ekipamenduen ingeniaritza, kontrol-sistemak eta fabrikazioa garatuko ditu. Apustu horren jatorria eta garapena, ate hori irekitzea ahalbidetu duten gaitasunak eta Euskadiko industriarentzat zer aukera sor ditzakeen izan zituen hizpide Javier Loroño CEOak Made in Basque Countryko mikrofonoen aurrean.
Nola lortzen du Euskadiko enpresa batek munduko energia-proiektu handienetako batean parte hartzea?
Tamaina honetako proiektu batera iristea urteetako esperientziaren, gaitasun teknologikoaren eta bezeroekin eta bazkideekin eraikitako konfiantzaren emaitza da. Natriumek gure ibilbidean beste pauso bat ematea dakar: gure ingeniaritza eta fabrikazio-gaitasuna energia nuklearreko teknologia aurreratuaren zerbitzura jartzeko aukera ematen digu. Era berean, Euskaditik eskakizun handieneko sektoreetan lehiatzeko eta proiektu energetiko estrategikoen hornidura-kateetan parte hartzeko dugun gaitasuna erakusten du. Guretzat, ezagutza garatzeko, gaitasun berriak txertatzeko eta nazioartean hazten jarraitzeko aukera da. Erantzukizun handiz ekin diogu proiektuari.
Halako tamainako proiektu batean parte hartzeko, Lointekek nazioarteko ingurunean lehiatu behar izan du. Zer gaitasun baloratu dituzte bereziki sustatzaileek?
TerraPowerek, lantegiaren sustatzaile gisa, batez ere beste merkatu batzuetan eskuratu dugun esperientzia baloratu du. Energia termosolarraren arloan aitzindariak izan ginen, eta esperientzia zabala dugu bero-trukerako galdatutako gatzak erabiltzen. Ezagutza horrek lotura handia du lantegi honetan erabiliko den aplikazioarekin. Gure esperientziari esker, proiektuaren aldeko apustu irmoa egin genuen eta, azkenean, bertan posizio garrantzitsua lortu genuen.
Natriumen atzean, Bill Gatesek sortutako TerraPower dago. Nola lortu du Lointekek halako eskakizun-maila duen enpresa baten konfiantza?
Proiektuz proiektu haien eskakizun teknikoei, kalitateari eta fidagarritasunari erantzuteko gai garela erakutsiz. Lointeken esperientzia dugu industria-ekimen konplexuetan, eta tamaina horretako erronkari aurre egiteko gai diren ingeniaritza- eta fabrikazio-taldeak ditugu. TerraPoweren konfiantza gure ibilbidearen eta gure taldearen lanaren aitortza da.
Wyomingen aitzindaria izango den lantegi baten teknologiaren zati bat Euskadin garatuko dela esaten denean, zer profesional eta prozesu daude horren atzean?
Prozesu osoaz arduratzen gara, ingeniaritzaren definiziotik eta garapenetik hasi eta sistema osatzen duten osagaien fabrikaziora arte. Ingeniari espezializatuek hartzen dute parte arlo termikoan, mekanikoan eta elektronikoan, funtzionamenduaren eta kontrolaren logika ere barne-mailan garatzen dugulako. Lehehengo eta behin, portaera termikoa definitzen dugu. Ondoren, elementuek jasango dituzten baldintza mekanikoak gainditzeko gai direla egiaztatzen dugu, eta kontrol-sistema garatzen dugu. Eta, azkenik, diseinua fabrikaziora eramaten dugu. Horretan, galdaragileek, soldatzaileek eta beste profesional espezializatu batzuek hartzen dute parte. Ordu askotako lana da, eta profil askotarikoen koordinazio zorrotza eskatzen du.
Zer eragin izan dezake kontratu honek industria-jardueran eta inguruko enpleguan?
Inpaktua proiektuaz harago doa. Ezagutza eta kalifikazio handiko enplegua sortzen laguntzen du, eta aukera berriak ireki diezazkieke gure inguruko hornitzaile eta lankideei. Gainera, Euskadiko industriak, energiaren etorkizunarekin lotutako proiektuetan, nazioarteko proiektu teknologikoetan parte hartzeko gaitasuna duela erakusten du.
Natrium kontratu garrantzitsua dela uste duzu berez, ala energia-proiektuen belaunaldi berri baterako sarrerako atea ere bada?
Kontratu garrantzitsua da berez, baina, aldi berean, proiektu-belaunaldi berri batean kokatzeko aukera ere bada. Teknologia nuklear aurreratuan esperientzia lortzeko eta eskakizun-maila handieneko ingurunean gure gaitasunak erakusteko aukera emango digu. Teknologia hori eskala handiagoan garatzen bada, prest egon nahi dugu Euskaditik ekarpena egiten jarraitzeko.
Publiko zabalak gutxi ezagutzen dituen Euskadiko enpresek parte hartzen dute munduko industria-proiektu sofistikatuenetako batzuetan. Jabetzen al gara Euskadin zer maila teknologiko dugun?
Beharbada, gure apaltasunak berak eragiten du beti ez onartzea gure potentziala. Hala ere, hainbat herrialdetan lan egin eta bidaiatzean, etengabe topatzen ditugu Euskadiko enpresak eta gure inguruko profesionalak, aparteko maila dutenak. Euskadiren potentzial industrial eta teknologiko hori oso garrantzitsua da. Agian, falta zaiguna da egiten dugunaz eta egiteko gai garenaz kontzienteago izatea.