Basque Trade & Investment-ek WOMEXeko bazkide europarrak bildu ditu Euskadin, enpresen nazioartekotzean genero-berdintasuna bultzatzeko
SPRI Taldearen agentziak Europako proiektuaren eskualde arteko laugarren topaketa antolatu du, Bilbon eta Aretxabaletan, politika publikoak, enpresa-jardunbide egokiak eta ETEen nazioarteko jardueran emakumeen parte-hartzea indartzen lagunduko duten ekimenak partekatzeko.
Basque Trade & Investment, SPRI Taldean integratutako euskal enpresaren nazioartekotzeko agentziak, Europako WOMEX – The role of women in the competitiveness of exporting SMEs proiektuaren laugarren Interregional Policy Learning Event (IPLE) topaketa antolatu du Euskadin urriaren 21ean eta 22an. Topaketak ekimenaren kide europarrak bildu ditu, enpresak nazioartekotzen laguntzeko politiketan eta zerbitzuetan genero-ikuspegia txertatzeko esperientziak eta jardunbide egokiak trukatzeko.
Bi jardunaldietan zehar, Basque Trade & Investment-ek Euskadin garatutako hainbat esperientzia ezagutarazi ditu, politika publikoen ikuspegia industria-errealitatearekin eta euskal ekosistemaren ekimenekin konbinatuz, aukera-berdintasuna, emakumeen lidergoa eta emakumeen garapen profesionala sustatzeko.
Politika publikoak eta nazioartekotzea: hausnarketatik ekintzara aurrera egitea
Lehenengo jardunaldia Bilboko Euskalduna Jauregian egin zen, eta industriaren eta nazioartekotzearen euskal politika publikoetan genero-ikuspegia txertatzeari buruzko saio batekin hasi zen.
Cristina Oyón SPRI Taldeko zuzendari nagusi albokoak, emakumeek industrian duten parte-hartzea, dauden oztopoak eta industria-lehiakortasunarekin duten lotura aztertzeko egindako lana aurkeztu zuen. Halaber, diagnostikotik ekintzara igarotzeko jarduera-ildoak azaldu zituen, emakumeen talentua erakartzeko eta atxikitzeko, enpresa-jardunbide egokiak zabaltzeko, ebidentziak sortzeko eta Europako lankidetza indartzeko ekimenekin. Ondorio nagusien artean, enpresek, hezkuntza-esparruak, gizarteak eta politika publikoek modu koordinatuan jarduteko beharra nabarmendu zuen.
Bestalde, Basque Trade & Investment-eko Elixabet Legarretak gogoeta egin zuen enpresen nazioartekotzearen erronka espezifikoei buruz eta nazioarteko jarduerari lotutako karrera profesionaletara emakume gehiago erakartzearen garrantziari buruz. Bere hitzen bidez, agentziak genero-berdintasuna nazioartekotzearen eremuan txertatzeko bidean aurrera egiteko bultzatutako ibilbidea eta lan-ildoak partekatu zituen, besteak beste, B-WOMENIN Global ekimena.
Programak nazioarteko jarduerari laguntzeko beste erakunde batzuen esperientziak ere jaso zituen. ICEXeko María del Mar Gómez Gonzálezek eta Joaquín María Núñez Varok genero-ikuspegia nazioartekotze-politiketan txertatzeko analisi- eta datu-tresnak aurkeztu zituzten, besteak beste, Gender-Sensitive Internationalisation Dashboard. Ondoren, Enterprise Irelandeko Sarah Walkerrek emakumeen ekintzailetza bultzatzeko eta emakumeek gidatutako enpresak hazteko eta nazioartekotzen laguntzeko Irlandako esperientzia partekatu zituen.
Jardunaldian, ikus-hizkuntza estrategikoari buruzko tailer praktiko bat egin zen, eta horri esker WOMEXeko kide diren eskualdeek jardunbide egokiak, oztopoak eta jarduteko palankak irudikatu zituzten, genero-ikuspegia nazioartekotze-politiketan txertatzeko.
Emakumeen talentua eta lidergoa nazioartekotutako enpresan
Politika publikoen eta enpresa-errealitatearen arteko loturak izan zen ere arratsaldean egin zen topaketaren Gaia, B-WOMENIN Global Business Gathering 2026, talentuan, lidergoan eta nazioartekotzean oinarritutako topaketa.
Amaia Bernaras, Gipuzkoako Euskadiko Parke Teknologikoko gerentea; Elena Pinedo, Satlantiseko finantza-zuzendaria; eta Patricia Gabilondo, Araniako Merkatu Inteligentziako eta Negozio Garapeneko zuzendaria, enpresen lidergoari eta nazioarteko proiekzioari buruzko esperientziak eta ikaskuntzak partekatu zituzten. Mahai-ingurua Usoa Agirre Basque Trade & Investmenteko Kanpo Sareko zuzendariak moderatu zuen.
Ekimen horri esker, Europako proiektuaren helburuak euskal enpresa-ehunaren esperientziekin lotu ahal izan ziren, eta emakumeen talentuak lehiakortasunerako, berrikuntzarako eta enpresa-eraldaketarako faktore gisa duen eginkizuna nabarmendu zen.
Euskal esperientzia industriala, bigarren eguneko protagonista
Urriaren 22an, topaketa Aretxabaletan egin zen, eta hor genero-berdintasuna enpresa-kudeaketara eta euskal ekosistema profesionalera eramaten duten ekimenak ezagutuarazi ziren.
Otalora Dorretxean, MONDRAGON Taldeak bere kooperatibetan genero berdintasunean aurrera egiteko bere lana aurkeztu zuen, neurketa eta diagnosi tresnen, eta prestakuntzaren, baliabide praktikoen eta ikaskuntza partekatuko espazioen bidez. MONDRAGON Corporationeko Genero Berdintasunaren eta Aniztasunaren arduradun Yolanda Lekuonak azpimarratu zuen aurrerapenak handiagoak direla berdintasuna erakundeen kudeaketan integratzen denean eta lidergo-taldeen baliabideak, egiturak eta konpromisoa dituenean.
Saioa IDEKO eta Bexen Medical kooperatiba industrialen esperientziekin osatu zen, enpresa ingurunean ekimen hauek nola garatzen diren erakusten duten adibide praktikoak eskaini zutenek.
Programak bidea eman zien emakumeen lidergoarekin, ekintzailetzarekin eta garapen profesionalarekin lotutako hainbat erakunderi. Natalia Maeso, PWN Euskadikoa; Iratxe Pascual, ASPEGI/EnpresariAKeko presidentea; eta Carmen Zárate, WA4STEAMeko Partnerra, beren esperientziak eta lan-ildoak partekatu zituzten garapen profesionala eta emakumeek enpresa-esparruan parte hartzea bultzatzeko.
Nazioartekotze inklusiboago baterako Europako lankidetza
Eskualdeen arteko laugarren topaketa honek indartu egiten du WOMEXek Europako eskualdeen artean ikasteko eta esperientziak trukatzeko duen zeregina, ETEak genero-ikuspegitik nazioartekotzen laguntzeko politikak hobetzeko.
Basque Trade & Investment erakundearen ustez, ekimenak aukera ematen du Euskadin garatutako esperientziak partekatzeko eta Europako beste lurralde batzuetan aplikatutako ikuspegiak ezagutzeko, nazioartekotze inklusiboago baterantz aurrera egiten eta enpresen lehiakortasuna indartzen lagunduko duten praktikak identifikatzeko helburuarekin.
Topaketak agerian utzi du oso garrantzitsua dela politika publikoak, enpresak eta emakumeen lidergoaren alde lan egiten duten erakundeak lotzea, oztopoak identifikatzeko, konponbideak partekatzeko eta emakumeek nazioarteko jarduera ekonomikoan parte-hartze handiagoa izan dezaten laguntzeko.