Alemaniako osasun-sektorea. Ohar teknikoa
Alemaniak Europako osasun-merkatu nagusiaren posizioari eusten dio, bere osasun-sistemaren tamainan, gaitasun klinikoan, osasun-estaldura publiko zabalean eta nazioarteko erreferentzia den ekosistema zientifiko eta industrialean oinarrituta. Testuinguru horretan, Basque Trade & Investmentek “Alemaniako osasun-sektoreari buruzko ohar teknikoa 2026” prestatu du. Dokumentuak Alemaniako merkatuaren bilakaera, haren erregulazio- eta merkaturatze-bide nagusiak eta Euskadiko farmazia eta gailu medikoen arloko enpresentzat eskaintzen dituen aukerak aztertzen ditu.
Dokumentuak dimentsio handiko merkatu batean jartzen du arreta, baina baita oso konplexua den merkatu batean ere. Euskadiko enpresentzat, funtsezkoa da Alemaniako sistemaren berezitasunak, erabakiak hartzeko prozesuan parte hartzen duten eragileak eta merkatura sartzeko bideak ezagutzea, aukerak identifikatu eta merkatuan sartzeko eta kokatzeko estrategiak zehaztu ahal izateko.
Alemaniako osasun-merkatua bolumen handiagatik eta finantzaketa publikoak duen pisu handiagatik nabarmentzen da. Osasun-gastu osoa 583.000 milioi dolar ingurukoa da, eta BPGaren %11,6 inguru hartzen du; aldi berean, biztanleriaren %90ek nahitaezko osasun-aseguru publikoaren (GKV) estaldura du. Dimentsio horrek Alemania Europako osasun-merkatu nagusietako bat bihurtzen du, baina, era berean, araudiaren, finantzaketaren eta merkatura sartzeko baldintzen aldetik bereziki zorrotza den ingurune batean.
Osasun-gastu osoa 583.000 milioi dolar ingurukoa da, eta BPGaren %11,6 inguru hartzen du; aldi berean, biztanleriaren %90ek nahitaezko osasun-aseguru publikoaren (GKV) estaldura du.
Sistemak araudi federala eta osasun-arretaren hedapen deszentralizatua uztartzen ditu, eta hainbat eragilek hartzen dute parte. Basque Trade & Investmenten txostenak nabarmentzen duenez, arauzko baimena lortzeak ez du berez bermatzen merkatura benetan sartzea. Irtenbide berriak hartzea haien balio klinikoa eta ekonomikoa frogatzeko gaitasunaren, finantzaketa-bide bat identifikatzearen eta osasun-arretaren kanal bakoitzean esku hartzen duten erabaki-hartzaileen aurrean sinesgarritasuna sortzearen araberakoa ere bada.
Konplexutasun horri Länder-en eginkizuna gehitu behar zaio. Eskumen garrantzitsuak dituzte, besteak beste, ospitaleen plangintzan, inbertsio publikoan, ikerketan, klusterreko jardueretan eta erabilera klinikoan. Txostenak gaitasun desberdinak dituzten eskualdeko hainbat ekosistema identifikatzen ditu, Euskadiko enpresentzat interesgarriak izan daitezkeenak. Besteak beste, Baden-Württemberg, Bavaria, Berlin-Brandeburg, Ipar Renania-Westfalia, Hessen eta Hanburgo nabarmentzen dira, hala nola, bioteknologian, diagnostikoan, gailu medikoetan, osasun digitalean, ikerketa klinikoan eta fabrikazio aurreratuan dituzten indarguneengatik.
Eskala handiko farmazia-merkatua, ebidentziaren eskakizuna gero eta handiagoa duena
Alemaniako farmazia-merkatuak Europan erreferentziazko posizioari eusten dio, eta hazteko aurreikuspenak ditu. Basque Trade & Investmenten ohar teknikoan jasotako kalkuluen arabera, salmentak 82.500 milioi euro ingurukoak izan ziren 2025ean, eta 99.400 milioi eurora hurbil daitezke 2030ean. Hazkunde hori hainbat faktoreren ondorio izango da, besteak beste, biztanleriaren zahartzea, gaixotasun kronikoen gorakada eta sendagaien kontsumoaren hazkundea.
Hala ere, merkatuaren tamainak ez du zertan esan nahi enpresentzat errentagarritasun handiagoa izango denik. Alemaniako sistemak gastuaren kontrolerako mekanismoak eta prezioen gaineko presioa indartu ditu azken urteotan; aldi berean, sendagai berriek lehendik dagoen estandar terapeutikoarekin alderatuta ematen duten onura gehigarria ebaluatzen du. Prozesu horrek baldintzatu egiten du, ondoren, itzulketako prezioaren negoziazioa.
Testuinguru horretan, ebidentzia kliniko eta ekonomikoa sortzea Alemaniako merkatura sartzeko funtsezko faktoreetako bat da. Txostenak azpimarratzen du plangintza hori garapenaren lehen faseetatik lantzearen garrantzia, eta ez sendagaia merkaturatzetik gertu dagoenean bakarrik.
Euskadiko enpresen ikuspegitik, Basque Trade & Investmentek aukerak identifikatzen ditu hainbat arlotan, hala nola merkaturako sarbidean, ebidentziaren diseinuan, saiakuntza klinikoetan eta laguntza transnazionalean, terapia aurreratuetan eta CDMO zerbitzuetan, biomarkatzaileetan, datu klinikoen kudeaketan eta tratamenduan eta teknologia gaitzaileetan.
Ebidentzia kliniko eta ekonomikoa sortzea Alemaniako merkatura sartzeko funtsezko faktoreetako bat da
Aukera horiek Euskadin dauden gaitasun biosanitario, industrial eta digitalen konbinazioan oinarritzen dira. Horrek aukera eman diezaieke Euskadiko enpresei Alemaniako farmazia-sektorearen balio-kate desberdinetan parte hartzeko, bai merkatura zuzenean sartuta, bai lankidetza eta zerbitzu espezializatuen bidez.
Gailu medikoak: Europako lidergoa, finantzaketaren eta erabilera klinikoaren araberako sarbidearekin
Alemania da, halaber, Europako gailu medikoen merkaturik handiena, 2025ean 37.000 milioi dolar inguruko bolumenarekin, eta 2030ean 46.000 milioi dolarrera iristeko aurreikuspenarekin. Eskaera bereziki lotuta dago biztanleriaren zahartzearekin, gaixotasun kronikoen hazkundearekin, berrikuntza teknologikoarekin eta osasun-arretaren deszentralizazio progresiboarekin.
Arlo horretan, CE markak gailua merkaturatzea ahalbidetzen du, baina ez du bermatzen haren finantzaketa ezta erabilera klinikoa ere. Basque Trade & Investmenten analisiak jasotzen duenez, sarbidea erabilera-kanalaren eta dagokion finantzaketa-bidearen araberakoa da: ospitale bidezkoa, anbulatorioa, finantzatutako produktuen bidezkoa edo fast track bidera jo dezaketen irtenbide digitalen bidezkoa, besteak beste.
Merkatura sartzeko bideen aniztasun horren ondorioz, enpresek lehen faseetatik zehaztu behar dute nork erabiliko duen gailua, nork hartuko duen parte erosketa-erabakian eta zein izango den prestazioaren finantzaketa-bidea. Prozesu horretan, Alemaniako ospitaleek eta erosleek bereziki baloratzen dituzte alderdi hauek: ebidentzia klinikoa, tokiko erreferentziak, elkarreragingarritasuna eta salmenta osteko zerbitzua emateko gaitasuna.
Basque Trade & Investmenten analisiak Euskadiko enpresen eta industriaren gaitasunentzat aukera-arloak identifikatzen ditu, besteak beste, osasun-arretaren eraginkortasuna hobetzeko ospitale-ekipamenduan, IVDan eta biomarkatzaileetan, irtenbide digitaletan eta software klinikoan, home care-rako teknologietan, errehabilitazioan eta arreta anbulatorioan, bai eta fabrikatzaileekiko izan daitezkeen industria-lankidetzatan ere.
Eskualdeko osagaiak ere garrantzi berezia hartzen du gailu medikoen merkatuan. Bavaria eta Baden-Württemberg nabarmentzen dira beren gaitasun industrial, ospitalario eta teknologikoengatik; Berlin-Brandeburgok gaitasun garrantzitsuak biltzen ditu osasun digitalean; Ipar Renania-Westfaliak eta Hessek osasun-arretaren eskala eta sare anbulatorioak eskaintzen dituzte; eta Hanburgok eta Saxoniak, berriz, aukera espezifikoak dituzte ospitaleen berrikuntzan eta hainbat teknologiatan.
Eskualdeko ekosistemak eta haien espezializazioak ezagutzeak aukera ematen die Euskadiko enpresei Alemaniako nazioartekotze-estrategia zehaztasun handiagoz bideratzeko, beren gaitasun eta irtenbideekin hurbiltasun handiena duten inguruneak identifikatuz.

