OBSk bateriak kudeatzeko sistema adimendunak garatzen ditu Euskadin
Garraioaren elektrifikazioak eta energia metatzeko sistemen hazkundeak bateriak modu seguru, eraginkor eta adimentsuan kudeatzeko gai diren teknologien eskaria bultzatzen ari dira. Testuinguru horretan sortu da OBS (Orain Battery Solutions), bateriak kudeatzeko sistemen (Battery Management Systems edo BMS) garapenean espezializatutako Maier eta Cidetec-ek sustatutako ‘spin-off’ bat.
Maier-en ahalmen industrialaren eta Cidetec-ek energia metatzeko teknologiak garatzeko duen esperientzia uztartzetik sortu zen konpainia. “Maier-ek bere industria-esperientzia eta Cidetec-ek bi hamarkada baino gehiagoko ezagutza eskaini du energia-biltegiratzearen arloan. Konbinazio horri esker, balio erantsi handiko soluzioak garatuko ditugu”, azaldu du Jon Duo OBSko hardware-ingeniari seniorrak.
OBSk BMSren hardwarea eta softwarea garatzen ditu, baterien “garun elektronikotzat” jotzen direnak. Sistema horiek hainbat parametro monitorizatu eta neurtzen dituzte, hala nola tentsioa, korrontea, tenperatura edo karga- eta osasun-egoera, segurtasuna, errendimendua eta baterien iraupen erabilgarria bermatzeko.
“Gure abantaila nagusia da bateria-teknologiaren ezagutza sakona eta industrializazio-gaitasuna uztartzea”, adierazi du Duok. Cidetec-ek ezagutza aurreratua eskaintzen du baterien kimika eta funtzionamenduari dagokionez; Maier-ek, berriz, garapen horiek irtenbide eskalagarri eta industriara egokituetara bideratzeko aukera ematen du.
Enpresaren jarduera errendimendu- eta segurtasun-eskakizun handiko aplikazioetan oinarritzen da. Merkataritza-mugikortasunean —autobusak eta kamioiak— eta herri-lanetako, nekazaritzako eta meatzaritzako makinerian integratzen dira haren sistemak. Beste sektore batzuetan ere erabiltzen dira, hala nola itsas sektorean eta trenbide-sektorean. Horrez gain, industria-inguruneetan eta sare-eskalan energia modu egonkorrean biltegiratzeko soluzioak ere badaude.
Laborategitik industriara
OBSren azken aurrerapauso nagusietako bat segurtasun funtzionalaren ISO 26262 ziurtagiria lortzea izan da. Ziurtagiri hori erreferentziazko estandarra da automobilgintzan, hardwarea eta softwarea garatzeko. “Prozesu gogorra izan da, urte askotako lana eta giza baliabide zein baliabide ekonomiko aldetik inbertsio handia suposatu diguna”, nabarmendu du Jon Duok. Ziurtagiriak bere garapen-prozesuen zehaztasuna aitortzen du, eta BMS sistemen arloan aintzatespen hori duten Europako konpainia gutxien artean kokatu du enpresa.
Horrek sendotu egiten du oso lehiakorra den eta eraldaketa teknologiko betean dagoen merkatuan duen lekua. Sektorearen erronka nagusien artean, OBSk honako hauek nabarmentzen ditu: baterien kimika berrietara egokitzea, sortzen ari diren teknologiak txertatzea, digitalizazioaren aurrerapena kalkuluen eta mantentze-lan prediktiboen algoritmoen bidez, eta zibersegurtasuna indartzea.
Aldi berean, merkatu globalean lehiakortasuna mantentzeko garrantzia azpimarratzen du enpresak. Asiak indar handia du merkatuan, eta startupak nazioarteko hedapena erraztuko duten aliantza estrategikoak sendotu nahi ditu. Etorkizunera begira, OBSren helburua da bere bezeroak Espainiatik kanpo zabaltzea eta bere irtenbideak garatzea, baterien kudeaketako teknologia aurreratuetan Europako erreferente gisa sendotzeko.
SPRI Taldeak aukera ematen die euskal enpresei haien jardueraren berri emateko bere informazio-kanaletan. Zure proiektua gure gaiekin lotuta badago (I+G+b, digitalizazioa, internazionalizazioa, ekintzailetza, berrikuntza…), Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu. Gainera, laguntza- eta zerbitzu-programetara sar zaitezke.