Korpion, digitalizazioa eta industria-fabrikazioa txertatu dituen eta ehun urte baino gehiago dituen aroztegia
Korpion ia 120 urteko historia duen Mutrikuko enpresa eta zurgintzan egiten du lan. Digitalizazioaren, makineria aurreratuaren eta gero eta industrializatuagoa den zurgintzaren etorkizunaren aldeko apustua egiten du. Izan ere, sektoreak “eraldaketa sakona izan du eta, gaur egun, teknologia, programazioa, diseinua, automatizazioa eta materialen ezagutza uztartzen ditu”.
Familia-enpresa honen jatorria 1907koa da. Urte hartan, León Korpionek jarduerari ekin zion Ondarroan. Mende bat baino gehiago igaro da ordutik eta enpresak egurgintzari lotuta jarraitzen du, bilakaera eta garai berrietarako egokitzapena oinarritzat hartuta.
Enpresa familiaren laugarren belaunaldira iritsi da, Leire eta Udalne Korpionen zuzendaritzapean. “Guretzat, Korpionekin jarraitzeak aurreko belaunaldien ezagutza eta esperientzia gordetzea esan nahi du, baina baita etorkizuneko zurgintzak nolakoa izan beharko lukeen inguruko gure ikuspegia ematea ere”.
Enpresaren bilakaerak egurraren sektoreak izan duen eraldaketa islatzen du. “Tradizionalki artisautzan, esperientzian eta eskuzko lanean oinarritutako lanbidetik abiatu ginen, eta fabrikazio industrialeko eredurantz egin dugu aurrera; eredu horretan, teknologiak, doitasunak eta digitalizazioak gero eta protagonismo handiagoa dute”.
Mugarri garrantzitsuenetako bat izan da RIERGE eta HOLZHER etxeetako kontrol numerikoko makineria eta ELKORren 4 ardatzeko CNC makineria txertatzea, ordenagailuz lagundutako diseinu eta fabrikazioko soluzio aurreratuekin batera. Inbertsio horiei esker, prozesuak modernizatu, produkzioaren antolaketa hobetu eta neurrira egindako lanak doitasun eta eraginkortasun handiagoz egin ahal izan ditugu”.
Funtsezko beste pausoetako bat belaunaldi arteko erreleboa izan da. “Familia-enpresa industrial baten buruzagitzan gauden emakume gisa, zurgintzak lanbide honen irudi tradizionaletik harago doazen aukera profesionalak eta enpresarialak eskaintzen dituela erakutsi nahi dugu”.
Enpresaren jarduera altzariak eta zurgintza-soluzioak neurrira diseinatu eta fabrikatzean oinarritzen da. Batez ere etxebizitzetako, saltokietako, ostalaritzako eta bulegoetako proiektuetan lan egiten du, arkitekturako, dekorazioko eta barne-diseinuko profesionalekin elkarlanean arituta. Gainera, bezero partikularren beharrei ere erantzuten die.
“Armairuak, jantzigelak, logeletarako, bainugeletarako eta egongeletarako altzariak, itxiturak eta elementu bereziak fabrikatzen ditugu, proiektu bakoitzaren ezaugarrietara egokituta. Gure espezializazioari esker, zurgintzaren berezko pertsonalizazioa eta teknologikoki aurreratua den industria-produkzioak eskaintzen dituen aukerak uztartu ditzakegu”.
Berrikuntza
Enpresak hamar langile inguru ditu eta urteko fakturazioa 1,3 milioi euro ingurukoa da. “Ibilbide luzea duen familia-enpresa gara, gure inguruko industria-jarduera, enplegua eta egurraren lanketaren ezagutzarekin konprometitua”.
Berrikuntza oso lotuta dago produkzio-prozesuak etengabe hobetzeari eta teknologia berriak txertatzeari. “Ez dugu berrikuntza produktu berrien garapen gisa soilik ulertzen. Hori beharrean, hobeto fabrikatzeko, materialak aprobetxatzeko, denborak optimizatzeko eta soluzio zehatzagoak eta lehiakorragoak eskaintzeko gaitasun gisa ere ulertzen dugu. Makineria aurreratua eta tresna digitalak sartzeak ere ezagutza berriak eta gure lan egiteko modua etengabe egokitzea eskatzen du”.
Azken urteotan, modernizazio teknologikoaren alde egin dute, bai industria-makinerian, bai tresna digital aurreratuetan inbertituz. Horretarako, SPRI Taldearen Renove Smart Industry programaren laguntzak jaso dituzte.
“Gure apustua argia da: zurgintza tradizionaletik egurraren industria digitalizatuago, eraginkorrago eta lehiakorragorantz eboluzionatzea, beti gure ezaugarriak izan diren kalitatea eta pertsonalizazioa mantenduz”.
Digitalizazioan sakontzea, makinen eta softwarearen aukerak ahalik eta gehien aprobetxatzea, produktibitatea hobetzea eta kalitatezko soluzio pertsonalizatuak eskaintzen jarraitzea dira erronkak. “Talentua erakartzea eta egurraren sektorearen irudi eguneratua helaraztea ere funtsezkotzat jotzen dugu. Zurgintzak sekulako aldaketa izan du: gaur egun teknologia, programazioa, diseinua, automatizazioa eta materialen ezagutza uztartzen ditu”.
Gainera, industrian emakumeek duten rola ikusarazten lagundu nahi dute, eta belaunaldi-erreleboa berritzeko eta aurrera egiteko aukera izan daitekeela erakutsi.
SPRI Taldeak Euskadiko enpresei aukera ematen die bere kanaletan jardueraren berri emateko. Zure proiektua gure gaiekin (I+G+b arloa, digitalizazioa, nazioartekotzea, ekintzailetza, berrikuntza…) lotuta badago, Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu.