TapDigital, adimen artifizialaren bidez neurrira egindako soluzioak eskaintzen dituen startupa
TapDigital Bilboko startup bat da, zortzi hilabeteko bizitza duena, eta adimen artifizialarekin neurrira egindako soluzioak eskaintzen ditu. Aholkularitza, neurrira pertsonalizatutako web garapenak eta kudeaketa integrala eskaintzen ditu, zerbitzu zehatzekin: morroi birtualak eta era guztietako automatizazioak besteak beste. Hori guztia bezeroarekiko hurbiltasuna nortasun-ikur gisa hartuta egiten du.
Enpresa duela zortzi hilabete sortu zen Bilbon, Joao Miranda TapDigitaleko sortzaile eta CEOaren ekimenez. “Ostalaritzaren sektoretik nentorren, eta lokalen eta sare sozialen kudeaketaz arduratzen nintzen. Esperientzia horrek aukera eman zidan negozioen beharrak bertatik bertara ezagutzeko eta digitalizazioak eta teknologia berriek eskaintzen zituzten aukerez jabetzeko”.
Hasieratik, TapDigitalek enpresei funtzionamendua hobetzen, baliabideak optimizatzen eta adimen artifizialaren aukerak aprobetxatzen lagunduko dieten soluzio praktikoak eskaintzearen aldeko apustua egin du. Hazkundea bezero bakoitzaren beharretara egokitutako zerbitzuak eskaintzeak markatu du.
TapDigitalek adimen artifizialeko aholkularitza-zerbitzua, neurrira egindako web garapenak eta enpresa-kudeaketako soluzioak eskaintzen ditu. Gainera, BUST bultzatu du, marketin digitalean, sare sozialen kudeaketan, publizitatean eta edukien sorkuntzan espezializatutako marka independentea. Bere soluzio teknologikoen artean, deiei 24 orduz erantzuteko gai den morroi birtuala eta enpresen eguneroko lana errazten duten automatizazioak nabarmentzen dira. “Adimen artifizialak bezero posibleak identifika ditzake, kontsultei erantzun eta eskaerak modu automatizatuan kudeatzen lagundu”.
Horrela, hiru egun behar zituzten lanak hiru ordu eskasetan egitea lortu dute. “SEOa funtsezkoa da oraindik, baina adimen artifiziala eraldatzen ari da pertsonek informazioa bilatzeko eta enpresak aurkitzeko duten modua. Gure bezeroen presentzia hobetzeko lan egiten dugu, bai bilatzaile tradizionaletan, bai adimen artifizialean oinarritutako bilaketa-tresna berrietan ”.
Ostalaritzako, gaueko aisialdiko, energia berriztagarrietako, higiezinetako, ile-apaindegietako, osasungintzako edo garbiketako sektoreetatik datoz bezeroak. Gainera, TapDigitalek proiektu teknologikoak garatu ditu Europa mailako jarduera duten tamaina handiko enpresentzat. “Modu operatiboan funtzionatzen aritu garen lau hilabeteetan 30 bezero ingurutara iritsi gara”.
Zerbitzuen berezitasun nagusia hurbiltasuna da. “Bezeroarekin esertzen gara, haren negozioa ezagutzen dugu eta benetan zer soluzio behar dituen aholkatzen diogu”. Hamar bat profesional autonomoko sarea dute, “baina epe laburrera begira, lantalde propioa eta egituratua osatzeko asmoa dugu”. Lau hilabete hauetan, 30.000 euro fakturatu dituzte.
I+G arloa “dena da” TapDigitalentzat. “Etengabe ari gara ideia berritzaileetan pentsatzen. Marketinaren arloan, oso emaitza onak lortzen ari gara Busten bidez”. Bere zereginen artean, SPRI Taldeak Adimen Artifizialeko programaren bidez morroi birtualentzat ematen dituen laguntzak kudeatzea dago.
Epe laburreko erronkak honako hauek dira: “otsailerako lantalde sendo propioa antolatzea eta Bilbon kontsolidatzea eta probintzia mugakideetan haztea. Eta beti bezeroekiko hurbiltasuneko tratu horrekin. Gure filosofia ez da produktu jakin bat saltzea, baizik eta entzutea, negozio bakoitzaren beharrak ulertzea eta benetan balioa emango dioten soluzioak eskaintzea”.
SPRI Taldeak Euskadiko enpresei aukera ematen die bere kanaletan jardueraren berri emateko. Zure proiektua gure gaiekin (I+G+b arloa, digitalizazioa, nazioartekotzea, ekintzailetza, berrikuntza…) lotuta badago, Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu.