Secur0: “BINDek ateak ireki dizkigu bertako startup-ekin lan egin izana aurkezpen-txartelik onentzat hartzen duen industria-ekosistema batera”
SPRI Taldearen BIND programak dagoeneko 10 edizio bete ditu, enpresa eta startup berritzaileak elkarrekin lan eginez haztea bultzatuz. Bizkortutako 275 startup, 100 Venture Client enpresa eta 400 proiektu baino gehiago dira haren arrakastaren erakusgarri. Plataforma honek mundu osoko startup-en eta egoitza Euskadin duten eta nazioartean erreferentzia diren enpresen artean berrikuntzan lankidetzarako konexio- eta aholkularitza-gunea eskaintzen du. Eta, zenbaitetan, startup-ak beraiek ere hazten dira elkarrekin lankidetzan arituz, beren soluzioak eta negozio-ereduak balioztatuz.
Hori izan zen Secur0ren kasua. Enpresa Euskadiko industriak erakarrita iritsi zen, “hornitzaileei gero eta segurtasun-berme gehiago eskatzen dizkiena horiek integratu aurretik”, eta “Estatuko industria- eta zibersegurtasun-ekosistema indartsuenetako batean” murgiltzeko asmoz, Javier Juárez Zarruk enpresako CEO eta sortzaileetako batek azaldu duenez. Startup-a zibersegurtasun erasokorrean aritzen da: “Enpresen segurtasuna proban jartzen dugu gaztelaniaz lan egiten duten hacker etikoen sare handienarekin. Egiaztatutako 2.000 profesional baino gehiago dira, bezeroaren baimenarekin sistema errealetako ahultasunak bilatzen dituztenak. Aurkitutako ahultasun bakoitza gure taldeak baliozkotzen du: positibo faltsuak baztertzen ditu, larritasun-maila esleitzen dio eta enpresari txosten bat ematen dio, akats bakoitzaren eragina eta hura nola zuzendu azaltzeko”.
2024ko azaroan jarduerari ekin zionetik, Secur0k 3.500 ahultasun baino gehiago jakinarazi dizkie 130 enpresa baino gehiagori, eta hasierako 3.000 euroko kapitaletik 18 hilabetean milioi bat euroko fakturaziora igaro da, inbertitzailerik gabe. “Batez beste, 15 ahultasun aurkitzen ditugu startup bati egiten diogun lehen auditorian”. Startup Perk programaren bidez startup eta enpresa txiki batzuekin lan egiten badu ere, bere bezeroak, batez ere, enpresa ertainak eta handiak dira. Horregatik, Secur0k BINDen azken edizioan aurkitu zuen programa hori probatzen jarraitzeko aukera ezin hobea.
BIND 4.0, startup-en arteko lotura
Hasiera batean, Secur0k programako ETE batekin zibersegurtasun-proiektu bat garatzea planteatu zuen. Azkenean ezin izan zen gauzatu, baina plataformak konexio- eta lankidetza-gune hori eskaintzea lortu zuen: “Programak zerbait hobea eman zigun, eta gure promozio bereko eta oso produktu desberdinak zituzten beste hiru startup-ekin amaitu genuen lanean“, baloratu du CEOak.
Horrela, Secur0k harremana izan zuen Vigoko Muutech Monitoring Solutions enpresarekin, industria-makinak eta -sistemak monitorizatzen dituena ekoizpen-geldialdiak saihesteko; Bartzelonako Process Talks enpresarekin, hizkuntza naturalean emandako jarraibideetatik abiatuta bulegoko zereginak automatizatzen dituena; eta Donostiako Zeru Drones enpresarekin, droneak eta adimen artifiziala erabiliz azpiegiturak —adibidez, dorre elektrikoak— ikuskatzen dituena.
Juárez Zarruken arabera, prozesua bera izan zen hiru kasuetan: “Hasierako bilera bat, irismena zehazteko, zer aktibo auditatu behar diren —web-aplikaziotik APIetaraino— eta zein araurekin. Proba-egun batzuk, non hackerrek ahultasunak bilatu eta dokumentatzen dituzten. Gure taldearen triaje-prozesu bat, positibo faltsuak baztertu eta gainerakoak larritasunaren arabera sailkatzeko. Eta, azkenik, startup bakoitzeko talde teknikoarekin entrega-saio bat, txostena berrikusi eta zuzenketak lehenesteko”.
Secur0k startup bati egiten dion lehen auditorian batez beste aurkitzen dituen 15 ahultasunei buruz, Juárez Zarrukek dioenez, “ia beti mota berekoak dira: beste erabiltzaile batzuen datuak ikusteko aukera ematen duten sarbide-kontrolak, agerian geratutako informazio sentikorra edo kodea txertatzeko aukera ematen duten baliozkotze-akatsak. Talde hauek oso onak dira egiten dutenean; kontua da inork ez zuela haien produktua erasotzaile baten begiekin aztertu“.
BINDen parte hartu ondoren, Secur0rekin lan egin duten hiru enpresek prozesua amaitu dute txostena jasota eta ahultasun larrienak zuzenduta. Secur0rentzat, esperientziak, batez ere, “Startup Perk programa kasu errealekin baliozkotzeko” balio izan du. “Gure bezeroak ia beti enpresa ertainak eta handiak ziren, eta zalantza genuen ea eredua talde eta aurrekontu txikiagoa duen startup batera egokitzen ote zen. Egokitzen da. Hacker-sare berak eta triaje-prozesu berak berdin funtzionatzen dute hamar langileko enpresa batean zein mila langileko batean. Beraz, orain badakigu startup eta enpresa txikiei ere lagundu diezaiekegula. Era berean, ikusi dugu berdin duela startup batek droneak, adimen artifiziala edo industria-monitorizazioa lantzen duen: oinarrizko ahultasunak leku beretan agertzen dira. Horrek azkarrago auditatzeko aukera ematen digu, badakigulako non begiratu lehenengo”.
Juárez Zarrukek ondorioztatu duenez, BINDek lehen eskutik ezagutzen ez zuten industria-ekosistema batera ireki dizkie ateak, “segurtasuna proban jarri behar duten enpresekin, eta haien startupekin lan egin izana gure aurkezpen-txartelik onena da“. Zibersegurtasunaz oraindik pentsatu ez duten eta hasten ari diren startup-ei honako hau esango lieke: “Ez itxaron sustoren bat izan arte, edo lehen bezero handiak kontratua sinatzeko segurtasun-txosten bat eskatu arte. Hasieran pentest bat egiteak gutxi kostatzen du eta zehazki non zauden erakusten dizu. Hortik aurrera, lehenengo kritikoa zuzendu behar da, eta ez dena batera konpontzen saiatu. Eta segurtasuna ez da behin bakarrik egiten. Hedapen bakoitzak ahultasun berri bat ireki dezake; horregatik, guk urte osoan zehar etengabe auditatu egiten dugu, une jakin bateko argazki bat egin beharrean”.
SPRI Taldeak aukera ematen die euskal enpresei haien jardueraren berri emateko bere informazio-kanaletan. Zure proiektua gure gaiekin lotuta badago (I+G+b, digitalizazioa, internazionalizazioa, ekintzailetza, berrikuntza…), Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu. Gainera, laguntza- eta zerbitzu-programetara sar zaitezke.