Hiru erronka, bost sozietate publiko eta startupentzako aukera bat; horrela hasten da BIND GovTech ekimenaren 4. edizioa
Eusko Jaurlaritzaren berrikuntza irekiko plataformak, BIND plataformak, BIND GovTech ekimenaren laugarren deialdia ireki du. Ekimen horren bidez, startup disruptiboak eta Euskal Autonomia Erkidegoko sozietate publikoak konektatu nahi dira. Lankidetza horiek berrikuntza-proiektuak garatzea eta, horrela, prozesu eta zerbitzu publikoen eraldaketa digitala bizkortzea dute helburu. Startup interesdunek urriaren 1era arte bidali ahal izango dituzte hautagaitzak, BIND GovTech ekimenaren webgunearen bidez.
Aurten, zenbait lan-ildo ditugu BIND GovTech ekimenaren barruan: Ibilbide tradizionalean, honako sozietate hauek aurkezten dizkiote erronkak ekintzailetza-ekosistemari: Bilbao Ekintza, Bilboko ekonomia sustatzeko agentzia; Euskal Trenbide Sarea; EEE Energiaren Euskal Erakundea. Bestalde, startupen bilaketarekin laguntzen dute HAZI Eusko Jaurlaritzaren nekazaritzako elikagaien fundazioak eta Ihobe ingurumen-kudeaketako sozietate publikoak, pilotu arrakastatsu bat eskalatzen ari baitira.
Edizio hau BIND GovTech ekimen arrakastatsuaren 4. edizioa izango da. Edizio horietan 25 startup baino gehiagok garatu dituzte proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoko sozietate publikoekin. Eusko Jaurlaritzaren berrikuntza irekiko BIND plataformak guztira 400 kasu arrakastatsutik gora izan ditu lankidetza publiko-pribatuan, bai Venture Client ekimenaren bidez, korporazio eta enpresa txiki eta ertainekin, eta BIND GovTech ekimenaren bidez.
Startupentzako 3 erronka teknologiko
Proposatutako hiru erronkei aurre egiteko soluzioak aurkez ditzakete startupek. Hiru erronka horiek datuaren egituran eta gobernantzan, herritarrentzako arretaren kalitatean eta proiektuen jarraipenean oinarritzen dira:
- Bilbao Ekintzak kontratazio-orrien idazkera juridiko eta teknikoko prozesuak hobetu nahi ditu.
- Euskal Trenbide Sareak soluzioak bilatu nahi ditu, trenbide-azpiegituretako obren kontratu publikoetan dokumentuak kudeatzeko eta ingurumen-eskakizunen betetze-mailaren jarraipena egiteko.
- EEEk kontsulten arretaren koherentzia eta kalitatea hobetzea du helburu.
Bestalde, HAZI fundazioak formatu librean parte hartuko du edizio honetan, BIND GovTech ekimenaren laguntzarekin identifikatutako startupekin elkarlanean aritzeko.
Erronka horiei soluzio berritzailea emate aldera, sozietate publikoek bilatzen dute garapen teknologikoa osatu duten eta, gutxienez, erronka horietako baterako soluzioak proposatzen dituzten 8 urtetik beherako startup eta scaleupekin elkarlanean aritzea.
Startupentzako onurak
Hautaketa-prozesua urrian eta azaroan egingo da. Bi hilabete horietan startupek beren soluzioak aurkeztu ahal izango dituzte, eta aurrez aurre bildu ahal izango dira sozietate publikoekin.
Hautatzen diren startupek proiektu pilotu ordainduak garatuko dituzte erreferentziazko sozietate publikoekin, eta sektore publikoarekin lan egiteko prestakuntza lortuko dute. Gainera, finalistek GovTech-i eta sektore publikorako salmentari buruzko bi eguneko prestakuntza jasoko dute.
Lankidetza horien emaitza urteko BIND Demo Day ekitaldian erakutsiko da. 2027ko uztailean egingo den berrikuntza irekirako erreferentziazko ekitaldi horretan, 400 parte-hartzaile baino gehiago bildu ohi dira.
Hiru erronkei buruzko informazio gehiago eskuratzeko eta deialdian izena emateko, bisitatu BIND plataformaren webgunea urriaren 1a baino lehen.
BIND
BIND industria adimenduneko berrikuntza ireki publiko eta pribatuko plataforma da, Eusko Jaurlaritzak sortua, SPRI Taldearen plataformaren bidez. Gaur egun, Euskadin egoitza duten sektoreko erreferentziazko 100 enpresa txiki eta ertain, sozietate publiko eta enpresek elkarlanean jarduten dute programarekin. Ekimen hori helburu hirukoitzarekin sortu zen: startupen garapena bizkortzea Euskal Autonomia Erkidegoko industria-ekosisteman; enpresen berrikuntzaren bidez lehiakortasuna sustatzea; eta Euskadiko ekosistema industria-ekimen aurreratuaren hub gisa kokatzea. 2016tik, BIND plataformak 2 programa ditu eta 275 startup baino gehiago bultzatu dituzten eta 400 proiektu baino gehiago garatu dituzten ekimenak. Informazio gehiagorako